astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

mundua

ESTEBAN BELTRAN

«Errefuxiatuak merezi bezala hartzeko borondaterik ez dago»

Maialen Unanue

«Errefuxiatuak merezi bezala hartzeko borondaterik ez dago»

Donostian izan da asteon Esteban Beltran (Madril, 1961), AI Amnesty Internationalen Espainiako zuzendaria, EHUren udako ikastaroetan parte hartzen. Errefuxiatuen krisia puri-purian, Espainiaren harrera sistemak dituen gabeziak salatu ditu gobernuz kanpoko erakundeak Asiloa Espainian: harrera sistema ez oso abegikorra txostenean. Sistema «arbitrarioa, diskriminatzailea eta eragingabea» dela dio, eta, luze gabe, txirotasunera daramatzala ohartarazi du.

Asilo eskubidea aztertu duzue: zertan jarri duzue arreta?

Ia bi urteko ikerketa baten emaitza da. Era askotako agintariekin eta erakundeekin hitz egiteaz gain, 82 pertsonaren lekukotza jaso dugu. Guztiak asilo eskatzaileak edo errefuxiatuak dira Espainian: batzuk Ceuta eta Melillako Etorkinak Behin-behinean Hartzeko Zentrokoak dira, eta beste batzuk, Andaluzian dauden bestelako zentro batzuetakoak.

Ez dituzue atera ondorio batere baikorrak.

2009ko Asilo Legea zaharkituta dago, eta, gainera, ez ditu betetzen Europako zuzentarauak. Izatez, abisua jasoa du Espainiak: zigorra jaso dezake ez betetzeagatik. Gainera, zazpi urteren ostean, Espainiak ez du araudirik: harrera sistema guztia arau apalagoetan oinarrituta dago; beraz, noizbait, arbitrarioa izan daiteke.

Zergatik da sistema diskriminatzailea eta eragingabea?

14.000 lagun daude itxaron zerrendan. Eta arazoa ez da soilik errefuxiatu gutxi iritsi direla: etorri direnak, gainera, itxaron zerrendan daude. Ezagutu dugu esperoan bi urte eman duenik. Gainera, nazionalitate batzuek aukera hobeak dituzte asilo eskubiderako: Ceuta eta Melillatik aukera gehiago dituzte siriarrek. Kongoko Errepublika Demokratikokoa bada, ez dauka aukerarik asiloa eskatzeko, hesia gaindituta ez bada.

Asilo eskatzaileak ez direla Espainian gelditzen diozue. Zergatik egiten dute alde?

Azken urteetan, asilo eskatzaileentzako aurrekontua murriztu egin da Espainian: 300 milioi eurotik 93ra. Baina, gainera, 14.000 dira, gutxienez, asiloa eskatua zutenak eta beste herrialde batera joan direnak, Espainian baino baldintza hobeak dituztelako. Horrek guztiak erakusten du sistema ez dagoela behar bezala prestatuta, ezta gutxieneko kopuru irrigarrienak hartzeko ere.

Asilo Legeak islatzen du garaian garaiko gobernuen utzikeria?

Ez da sekula lehentasuna izan. Nahiko larria da lehentasuna ez izatea, ezta legea betetzeko bada ere; baina Bigarren Mundu Gerraz geroztik izan den krisirik larrienean, lehentasuna ez izatea arduragabekeria hutsa da, eta berariazko politika bati erantzuten dio. Ez badituzu errefuxiatuak behar bezala hartzen, zure harrera sistema ez bada oso abegikorra, eta, gainera, gutxi hartzen badituzu, argi dago ez duzula nahi errefuxiatuak etortzerik.

Europako zuzentarauak hemezortzi hilabeteko laguntza aurreikusten du. Eta gero?

Hor dago koska. Asilo sistemaren barruan sartzen bazara, eta ez bazara beste herrialde batera joaten, zenbait laguntza jasoko dituzu, eta hemezortzi eta 24 hilabete artean molda zaitezke. Epe hori agortzen denean, jendeak kanpoan bilatu behar du laguntza. Eta ez luke hala behar: babesa ez da bakarrik horiei harrera egitea, baizik eta haiek integratzea. Epea agortzean, ahal duten eran iraun behar izaten dute.

Asilo eskaerei ez erantzuteak zein egoeratan uzten ditu?

Oso egoera zailean. Espainian egon daitezke legez, baina ez dute ez etxebizitzarako ez lanerako baimenik: linbo batean bezala geratzen dira. Espainiak milaka eta milaka errefuxiatu hartu izan balitu, ulergarria litzateke, baina ez da hala: Alemaniak iaz 461.000 hartu zituen, baina guk 14.000 baino ez genituen jaso. Ez dago justifikaziorik: ez dago borondaterik errefuxiatuak merezi bezala hartzeko.

Iaz, Europako Batasuneko estatuek kupo bidezko sistema bat adostu zuten. Zer behar da hitza bete dezaten?

Ez da soilik EBko estatuen kontua: aberatsak diren edo errefuxiatuak jasotzeko gai diren 48 herrialdez ari gara. Eta batzuen eta besteen artean desberdintasunak daude. Kanadak 26.000 errefuxiatu jaso ditu sei hilabetean. Alemaniak, urte bakarrean, 461.000 integratu beharko ditu. Suediak, 162.000. Europako Batasuneko kideek errazago adosten dute errefuxiatuei etorrera zailtzea, harrera egitea baino.

Turkiarekin eginiko hitzarmena lekuko.

Oso azkar jarri dira ados, ikerketek esan arren Turkiak bi milioi errefuxiatu dituela, Siriara edo Afganistanera bidaltzen dituela, haien etorrera oztopatzen duela. Dirua tarteko, bermatu dute Turkia Europaren zaindari izatea. Baina ez dira ados jartzen gutxieneko kopuruetan. Espainiak esan zuen 17.000 hartuko zituela: zer dira 17.000 errefuxiatu? Huskeria.

Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta herritar boluntario taldeak ari dira errefuxiatuei laguntzen.

Estatuak salbatu behar ditu errefuxiatuak itsaso zabalean, harena da erantzukizuna. Errefuxiatuek bide legezkoak eta seguruak edukitzea litzateke erantzukizunez jokatzea. Harrera sistema komun batean hartu beharko genituzke, nazioarteko estandarrei jarraituz. Gaur arte ez da posible izan. Aurten aukera bat dugu: historian lehen aldiz, asiloaren eta babesaren inguruko mundu mailako konferentzia bat izango da irailean.

Sinesten duzu konferentzia horren eraginkortasunean?

Bestelako konferentziei begiratzen badiegu, ez! Baina lehenengoz irekiko da herrialde guztiek batera eztabaidatzeko aukera: nonbaitetik hasi behar da.

Bat datoz gobernuen jarrerak eta herritarrenak?

AIk inkesta bat egin berri du hogei herrialdetan, errefuxiatuen inguruko hainbat kontu galdetuz. Gehiengoak uste du errefuxiatuek asiloa merezi dutela. Espainiaren kasuan, esaterako, 10etik 1ek hartuko luke errefuxiatu bat etxean. Hori beteko balitz, ez litzateke inongo arazorik egongo. Baina kontua da, inoiz gertatu ez den bezala, simetrikoak direla gobernuen eta herritarren jarrerak. Baina iritzi publikoak errefuxiatuak gorrotatuko balitu ere, gobernuen obligazioa litzateke errefuxiatuak hartzea.

Hauteskundeak izango dira laster Espainian: zein neurri hartu beharko lituzkete parlamentu eta gobernu berriek?

Beharrezkoa da sistemari sakoneko erreforma egitea. Parlamentu berriak batzorde berezi bat osatu beharko luke erreforma hori egiteko. Gobernu berriak asilo sistema errefuxiatuen beharretara egokitu beharko luke, eta beharrezkoak diren aldaketak egin araudian. Baina, bitartean, 17.000 errefuxiatu horiek ekarri egin behar dira. Gobernu batzuen eta besteen arteko diferentzia errefuxiatuak hartzeko borondatean dago. Hori da aldatu behar dena.

BERRIAn argitaratua (2016/06/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA