astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

gizartea

Ondoan ibilitako guztiengana

Arantxa Iraola

Ondoan ibilitako guztiengana

Espero dugu asteon bertan kontrolatzea». Iragan astean, adierazpen horiekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek lasaitasun mezua zabaldu nahi izan zuen Leioan (Bizkaia), EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen campusean, izan diren tuberkulosi kasuen harira —gutxienean zazpi pertsonari atzeman diete—. Eta kezkatzeko motiborik ez dagoela azaldu arren, argi utzi zuen osasun publikoko arduradunek lan handia egin behar izaten dutela halakoetan. Airearen bidez hedatzen da gehienetan tuberkulosia, aise, eta eriekin harremana izan duten pertsona guztiekin kontaktuan jartzea izaten da xedea, infektatuta dauden ikusteko, eta horren araberako neurriak hartzeko; gehiago zabal ez dadin.

Leioako kasuan, osasun agintariek lehen diagnostikoen berri eman zutenerako, ehundik gora lagunekin —erien senide, ikaskide, irakasle...— kontaktua izana zutela onartu zuten, eta adierazi zuten beste ehun edo gehiagorekin jarri beharko zutela harremanetan segur aski. Eta halakoak ez dira ezohikoak. «Tuberkulosia ez da guztiz desagerrarazitako eritasun bat», oroitarazi du asteotan Darponek. Usu nabarmentzen da, gainera, Kantauri kostaldean beste leku batzuetan baino ugariagoak direla oraino kasuak; EAEn, esaterako, iaz 100.000 biztanleko 11,78 kasu izan ziren: 256 denera. Nafarroan, 43; 100.000 biztanleko, 6,7. «Urtez urte» behera ari dira diagnostikoak, baina adi ibili behar da. Horra gaitzari buruz hainbat jakingarri:

1.

ONDO SENDATZEN DA

Osasun Saileko arduradunek lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute Leioako kasuaren harira. «Gurea bezalako herrialde batean, tuberkulosia oso ongi sendatzen da», adierazi du Osasun Publikoko zuzendari Miren Dorronsorok. Luis Carlos Abecia Intxaurraga irakasleak Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa irakasten ditu EHUn. Larritasuna kendu nahi die hark ere tuberkulosiaren inguruko albisteei. «Tuberkulosia ez da lehen bezain larria; aurreko gizaldian, 50eko eta 60ko hamarkadetan, izurri zuria esaten zitzaion; ez zegoen hura sendatzeko biderik». Gogoan ditu, esaterako, propio tuberkulosiak jotakoentzat irekitzen ziren sendategiak. «Hemen, Araban, esaterako, Lezan zegoen». Antzinako kontua dira: «Egun tuberkulosiaren kontrako botikak badira, eta, tratamendua ondo betetzen bada, ia eri denak osatzen dira. Hori bai, oso garrantzitsua da tratamendua ondo betetzea». Sei hilabete baino gehiagoko tratamenduak izaten dira askotan, eta protokoloak badira martxan jarraipena egiteko.

2.

LO EGON DAITEKE

Badu ezaugarri berezi bat tuberkulosiak. «Infektatuta dagoen oro ez da gaixotzen; bereizi behar dira infektatuak eta gaixoak», azaldu du Abeciak. Gaitzaren sintomarik ez izan arren, hori eragiten duen bakterioarekin infektatuta egoten dira hainbat pertsona; urteak egin ditzakete halaxe, arazoari erreparatu ere egin gabe. Latente egon ohi da kasu horietan gaitza: lo. Sintomarik ez du eragiten, eta ez da transmititzen. «Baina, halako batean, hainbat aldagairen eraginez, gaitza gara dezakete pertsona horiek», azaldu du EHUko irakasleak. Eta transmititzen has daitezke orduan. «Horregatik, garrantzitsua da pertsona horiek atzematea, eta tratatzen hastea». Lehenbailehen.

3.

AISE ZABALTZEN DA

Airearen bidez zabaltzen da tuberkulosia; gripearen antzekoa da arlo horretan. Kasu bati lotuta besteren bat agertzen bada, orduan hasten dira epidemiologoak eritasunaren agerraldiez mintzatzen. Ez beti behar bezain agudo, ordea. «Gaixotasun infekziosoek badute ezaugarri jakin bat; lehen sintomak agertzen direnerako, ja beste pertsonak kutsatzeko arriskua egon ohi da», ohartarazi du Abeciak. «Usu, esaterako, tuberkulosia eztul erasoekin hasten da; eta jendeak beste gaixotasun mota batekin nahas dezake». Baina pertsona hori ja bakterioa hedatzen ari da. «Hain zuzen ere, kasuen %70ean eztula agertzen da, baina pertsona batek eztulka hasi delako bakarrik ez du pentsatuko tuberkulosia duenik». Eta, tarte horretan, infekzioa zabaldu egin daiteke, aise: «Pertsona batek eztulka edo doministiku egiten duenean jaurtitzen dituen listu tantoen bidez».

4.

LEHENESTEKO TALDEAK

Diagnostiko bat eginda, pertsona horiekin harremana izan dutenengana jotzea izaten da, beraz, lehentasunetako bat. Leioako kasuan haien ikaskide, irakasle eta senideengana jo den gisan, antzera jokatu behar da gainerako kasuetan ere. «Galdetu egin behar zaio pertsona horri norekin izan duen harremana; inkesta epidemiologiko bat egiten da horretarako. Inkesta horren xedeetako bat izaten da argitzen saiatzea nola infektatu den pertsona hori tuberkulosiarekin. Beste jomuga, berriz, pertsona horien bidez infektatzeko arriskuan izan direnen berri izatea da; eta, hain zuzen ere, gero horiei egiten zaizkie kontrolak ikusteko infektatu diren», azaldu du Abeciak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, esaterako, 2012. urtean onetsitakoa du egun tuberkulosia prebenitzeko eta kontrolatzeko indarrean dagoen programa. Pertsona horiekiko tratua nola bideratu behar den zehazten du hainbat irizpideren bidez; horien arabera, lehenetsi behar dira aurrena gaixoekin egunean sei ordu baino gehiagoan egondako pertsonak; gero, sei ordu baino gutxiagoan; azkenik, noizean behingo tratua izan dutenak. Nafarroan indarrean dagoen programak ere sei ordu baino gehiagoan egondako pertsonak lehenesten ditu aurrena. Pertsona bakoitzaren historia klinikoaren ezaugarriak ere hartzen dira aintzat inkesta lantzean: umeei, haurdunei eta bestelako eritasunak dituztenei kasu egiten zaie. Gaitza eragiten duen bakterioa gaixoekin kontaktuan izan direnengana heldu den ikustea da helburua. Infektatuta dauden guztiei «profilaxi tratamendu bat» ipintzen zaie, eritasuna gara ez dezaten. Inor gaixorik dagoela ikusten bada, berriz, tratamendua ipintzen zaio: osatzeko.

5.

ZERO ARRISKURIK EZ DAGO

Baina ukaezina da: erabateko segurtasunik ez dago inoiz. «Oso zaila da pertsona batekin kontaktua izan duten pertsonen ehuneko ehunera iristea», onartu du Abeciak. «Demagun pertsona bat infektatuta dagoela, gaixotasuna garatzen hasi dela, eta autobus batean bidaia bat egin duela. Ba litekeena da ondoan pertsona bat izan badu, ezertaz ezagutzen ez duen pertsona bat infektatzea bidaia horretan», esplikatu du EHUko irakasleak. «Eta, gero, pertsona horiekin harremanetan jartzea oso zaila da. Horrelakoak saihestu ezinak dira». Halakoak epidemiologoen ohiko buruko minak direla onartu du. «Osasun publikoan zentro nodalak deitzen ditugu aireportu, autobus geltoki eta antzekoak». Izan ere, halakoetan izaten diren kontaktuek aparteko arriskua eragiten dute. Guztiengana iritsi ezin, ordea, eta «harreman zuzena» izan duten pertsona horien kontrol ahalik eta zorrotzena egitea da, beraz, helburua. Inor ezin da behartu, hala eta guztiz ere, halako kontroletan parte hartzera.

«Uko egin diezaioke deia jaso duen pertsona batek proposatzen zaizkion kontroletan parte hartzeari», azaldu du Abeciak: «Baina normalean jendeak parte hartzera jotzen du. Infekzio gehiago saihestea da asmoa». Eta norberarentzat ere mesedegarria da, jakina, infektatuta dagoen jakitea. «Eta, oro har, gainera, gauzak ongi egiten dira; Leioan, eta gainerako kasuetan. Lasaitasun mezua eman behar zaio jendeari. Ondo ezarritako protokoloak daude, eta hau guztia ez da berria; lehen ere izan dira halakoak».

BERRIAn argitaratua (2016/06/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA