astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

bizigiro

IñAKI SALVADOR

«Laboa edo Lete ezin dira ukiezinak izan»

Iker Tubia

«Laboa edo Lete ezin dira ukiezinak izan»

Denetarako musikaria da Iñaki Salvador (Donostia, 1962). Jazz musikan nabarmendu da, baina bestelako estiloak ere jorratu ditu, eta askotariko musika sortu. Haren ibilbideak hiru ardatz nagusi izan ditu: jazz oso propioa, estiloen fusioa eta euskal kantuei loturiko jazza. Azkena eskainiko du gaur, Iruñean, Ainara Ortegarekin batera, 20:30ean, Erraldoien Txokoan.

Mikel Laboa, Txomin Artola, Oskorri, Imanol... Ongi ezagutzen dituzu euskal kantak.

Zorte handi hori izan dut. Hainbatekin egin dut lan, eta bateren batekin modu intimoan; adibidez, Mikel Laboarekin. Imanolekin harreman estua izan nuen, eta hain ezaguna ez den jendearekin ere egin dut lan; adibidez, Iñaki Zabaletarekin. Zoritxarrez, ez nuen Xabier Leterekin lan egin, eta gogoz gelditu nintzen. Nire lan ildo fidelenetako bat halako abeslariekin lan egitea izan da; beraz, neurri handi batean, ezagutzen ditut, bai.

Mikel Laboa aipatu duzu, zer izan zen zuretzat?

Ni musikari gisa hazten ari nintzen nire proiektuekin eta estilo propioarekin —batez ere jazza—, eta, paraleloki, Mikelekin lanean ari nintzen. Beti hor zegoen. Erreferentzia paterno-musikal bat zen.

Zure bihotzaren taupadek jazz erritmoa dute, ezta?

Bai, noski. DNAren barruan sarturik daukat ahuldade edo perbertsio txiki hori. Beste gauza batzuk egiten ditut; nire hasierako hezkuntza klasikoa izan zen, eta musika sortzaile aldea ere garrantzitsua da nire ibilbidean. Baina egia da proiektu gehienek inguru berera jotzen dutela. Ibaiak bezala, ni ere paraje oso ezberdinetatik igarotzen naiz, baina inprobisazio eta jazz musikan isurtzen dut ura, azkenean. Euskal musika jotzen dudanean, Laboa, Markez eta beste jotzen ditut, baina jazz koloreekin.

Orain da zure lehenbiziko lana, eta jazza oraina da, inprobisazioa.

Nire musikaren noranzkoa agerian utzi nuen izenburuarekin. Orain gertatzen ari dena grabatzen dut. Hori da jazza: zeure burua aske utzi, eta horren argazki bat egin.

Nola eramaten dira euskal kantak jazzaren mundura?

AEBetan jazz musikariek Broadwayko 1930-1940. urteetako musikalen kantak agudo hartzen zituzten beren inprobisazioen abiapuntu gisa; horri estandar deitzen zaio. Cole Porter, George Gershwin eta abar estandarrak dira. Hemen, Mikel Markezek orain dela bost urte egindako kanta eder bat izan daiteke inprobisatzeko abiapuntua. Estandar euskaldunak dira.

Kantu horiek zeure egiten dituzu?

Bi noranzkoko harremana dago: kantuak bizitza ematen dizu, eta zuk bizitza ematen diozu kantuari. Lehengai ederra da, aitzakia bikaina baita moldaketa propio bat egiteko ere. Era berean, musikariak asko itzultzen dio kantuari. Gure ondarea bizirik mantentzeko modua geure egitea da. Laboa edo Lete ezin dira ukiezinak izan; haien kantuak ezin dira museoko objektu izan. Imitatzea ergelkeria bat da. Kanta maite baduzu, zeure egin, eta horrela betikotu ahal duzu.

Euskal Herrian Jazz musikarien egoera hobetu dela uste duzu?

Aldatu dela uste dut. Lehen jaialdietan gurea azaltzeko konplexua zegoen. Baina panorama errotik aldatu da. Bestalde, garai haietan kontserbatorioak musika klasikoaren inperioak ziren. Baina bada egitekorik. Krisiak kulturari erasaten dio bereziki; batik bat, sektorerik ahulenei. Gaur egun jazza jotzen duen gazte batek estigma bikoitza du.

Jazz musikaria prekarioa da?

Bai, noski. Niri ongi doakit, baina inguruan dudanari ezin diot bizkarra eman. Dena musu truk garaian bizi gara. Agertokia eta musika ekipoa jarri, eta jotzeko aukera ematen dizuten ekinbide asko dago, baina lan artistikoekin begirunez jokatu behar da. Bestela, mundu guziak kobratzen du, musikariak izan ezik.

Programazioari eta jazz zirkuituei dagokienez, nola dago afera?

Indar handiko hainbat ekinbide daude, baina sakabanaturik. Euskal Herriko biztanleria Bartzelona hirikoa baino txikiagoa da, eta eskertuko genuke indarrak koordinatzea.

Antzerkian, zineman, telesailetan aritu zara. Nola egiten da musika narrazio baten gainean?

Bi erronka daude; alde batetik, gehiegi nabarmentzen ez den musika sortzea, narrazioaren gainetik ez geratzeko. Hitzei indar emozionala ematen dio; azalpenak garbiago izateko musika da. Baina, bestetik, nortasuna behar du; ezin da gatzgabea izan. Modu artifizialean zerbait naturala egin behar da, plastikozko loreak egitea bezala.

Eta zer behar da filma proiektatu bitartean musika egiteko?

Inprobisazio gaitasun handia eskatzen du. Baliabide asko behar dituzu, eta aurretik musika estilo oso ezberdinak jotzea. Niri gustatzen zait filma behin edo, asko jota, bitan ikustea, eta jo behar dudana ez zehaztea. Bizpahiru gai nagusi sortu, eta haiekin jostatzen naiz.

BERRIAn argitaratua (2016/06/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA