astekaria 2016/06/17
arrowItzuli

iritzia

Jostailuzko pistolatxoa

Miren Amuriza Plaza

Jostailuzko pistolatxoa Miren Amuriza Plaza

Seme-alabei begira jarri eta berbaz dihardute parkeko analista politikoek: IRISekoa ei zen Orlandoko hiltzailea, dio A-k. IRIS ez, ISIS, gehitu du M-k, usterik gutxienean berton dira horiek! Musulman guztiak ez dira terroristak izango, baina batzuetan, kalean gurutzatzean, euren bizar eta tunika... akojonatu egiten naiz. A-k erantzun: ba gure portalean bada magrebtar bat eta oso jatorra da! M-k berean segi: Gaur egun edozein zororen eskura daude armak...

Artean Maren bijilantzia dorrera igo da, toboganaren gaineko etxetxora. Jostailuzko pistola atera eta piong! piong! tirokatu ditu lagunak. Hodeik diotso tranpa dela hori, abisatu gabe hasi dela. Toboganean behera irristatu da Maren eta tupust egin dute. Hodeik plastikozko labana atera eta ziski-zaska; lehenarekin zilborra ukitu dio, bigarrenarekin pistolatxoa airean jaurti. Marenek, orduan, lurreko adar bati heldu eta aurkaria mehatxatu du laser ezpatarekin.

A-k kolpetik eten du analisia: ume hau makilak hartuta beti... Maren! Kontuz begian sartu barik! Basozalea da oso; pentsa, sei urte baino ez eta aititarekin ehizan joatea eskatzen hasita dago! Oraindik txikitxoa da baina ilusioa egingo lidake gure zaharrarekin ibiliko balitz, hark basoez asko daki eta... M-k xamurtasunez: Hodeik ere beti izan du fijazioa tiroekin; ahoskatu zituen lehen silabak «ma-ma», «guau-guau» eta «pum-pum» izan ziren!

Bat-batean, polizia dela oihukatuz zeharkatu du parkea Ametsek; besoak luze eta atzamarrak metraileta forman gurutzatuta, ra-ta-ta-ta-ta! Maren kexa, eskuekin ez duela balio. Ametsek autoritate osoz (10 urte baititu) baietz, balio duela, errenditzeko beraz. Eta plaust jaregin diete beste biek euren gorpuztxoei.

Laster asaldatu da M: Gurea kroketarena egiten orain ere?! Txandal guztiak hondatzen dizkit! Hodei, zutitu derrepente! Hodei!

BERRIAn argitaratua (2016/06/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA