astekaria 2016/06/10
arrowItzuli

kultura

Eta justizia?

Alberto Barandiaran

Eta justizia? Alberto Barandiaran

Kazetaria eta idazlea

Hamar urte joan dira Iruña-Veleiako aztarnategian dozenaka ostraka agertu eta han agertzen ziren grafitoek, idazkunek eta irudiek Euskal Herriaren historia aldatuko zutela aldarrikatu zutenetik. Istorioa oso ezaguna da, askotan kontatu da: aurkikuntzaren inguruko susmoak berehala zabaldu eta handitzen joan ziren harik eta Arabako Foru Aldundiak, aztarnategiaren arduradunak, ikerketa batzorde bat eratu, eta, hainbat hilabetetako lanaren ondoren, zuzendaria eta bere taldea bertatik bota eta hiru lagunen aurka, tartean zuzendaria bera, salaketa jarri zuen arte.

Geroztik, ehunka artikulu, komentario eta elkarrizketa egin dira gaiaren inguruan. Jardunaldiak antolatu dira, telebista saioak egin dira, liburuak argitaratu dira. Artikuluak eta artikuluak idatzi eta zabaldu dira. Hitz gogorrak erabili dira aurkikuntzak «Judas baino faltsuagoak» (antropologian katedradun ezagun baten esamoldea erabiltzearren) zirela defenditzen duten eszeptikoen aurka, eta giro akademikoetan behin eta berriro gutxietsi dira egiazaleek egin dituzten ahaleginak ikerketa berriak egiteko.

2010ean Veleia afera liburua (Elkar) argitaratu nuen. Bertan jaso nuen ia lau urtez BERRIA egunkari honetan egindako lanaren ondorioz bildutako informazio gehiena, baita propio libururako egindako hainbat elkarrizketa eta dokumentazio original ugari ere.

Orduan pentsatzen nuena pentsatzen dut orain ere: Iruña-Veleiako idazkunen benetakotasuna ez du epaile batek erabakiko. Eztabaida akademikoa baita, zientifikoa. Adituek esan behar dute zeramika pusketan idatzitako testu horiek posible ote ziren K.o. II-III. mendean; posible ote ziren euskarazko hitz arruntak idatzi izatea, Iruña-Veleian; posible iruditeria hori guztia, Iberiar Penintsularen izkina honetan. Adituek esan behar dute, eskura dituzten baliabide zientifikoak erabiliz, eta haien esperientzia eta ezagutzan oinarrituta. Eta adituek ezetz dioten bitartean, oso interesgarriak izan daitezke Internetetik handik eta hemendik ateratako informazio bilketa guztiak; oso interesgarriak tabernazuloko polemikak; oso interesgarriak apunteak, ñabardurak eta kontrapuntuak; baina idazkunek faltsuak izaten jarraituko dute.

Gaur artikulu hau idaztera eraman nauen kontua ez da, baina, aurkikuntza bera. Justizia baizik. Justiziarik eza. Arabako Foru Aldundiak Eliseo Gil arkeologoaren, Oscar Escribano geologoaren eta Ruben Cerdan aholkulariaren aurka salaketa jarri zuenetik zazpi urte joan dira, eta oraindik ez dago epaiketarako datarik. Oraindik ez dakigu ezta epaiketa egingo den ere. Eta hori ez da zuzena, ez da gizalegezkoa. Onartezina da. Onartezina da pertsona bat zazpi urtez epaiketaren zain edukitzea. Justizia ez bada gai zazpi urtetan nahikoa froga biltzeko arkeologo baten, geologo baten eta aholkulari baten aurka, artxibatu egin beharra dago epaibidea. Bestela, justiziarik ez dago.

Buka dadila, beraz, behingoz, zarata hau. Eta utz ditzagun adituak hitz egiten. Hortik baizik ez da etorriko argia.

BERRIAn argitaratua (2016/06/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA