astekaria 2016/06/10
arrowItzuli

kultura

EMMA LOPEZ BAHUT

«Oteizak aurrerapen handia egin zuen oso denbora tarte txikian»

Naiara Elola

«Oteizak aurrerapen handia egin zuen oso denbora tarte txikian»

Jorge Oteizak 1950eko hamarkadan eskultura, hiria, paisaia eta arkitektura uztartzeko egindako ahalegina aztertu du Emma Lopez Bahutek (Burgos, Espainia, 1974) Jorge Oteiza y lo arquitectónico. De la estatua masa al espacio urbano (Jorge Oteiza eta alor arkitektonikoa. Estatua masatik hiri espaziora) liburuan. Artista oriotarrari «aurrez aurre» begiratuta egin duela ikerketa azaldu du Lopez Bahutek, miresmen zantzuak albo batera utzita.

Oteizak 1950eko hamarkadan egindako ekarpena bere mito izaera kontuan hartu gabe egin duzula diozu liburuan. Erraza izan da mitoa alboratzea?

Ez da izan erraza, baina iragazkirik gabe aztertu dut Oteizak egindako ekarpena. Miguel Alonso del Valek, nire tesiko zuzendariak, gomendatu zidan jarrera hori hartzeko. Zuzenean Oteizak baliatutako informazio iturriak kontsultatu ahal izan ditut; hitzaldiak prestatzeko baliatzen zituen testuak, esaterako. Horren bitartez, Oteizari aurrez aurre begiratu ahal izan diot nire analisian. Gainera, ezagutzeko aukerarik ez nuenez izan, ikerketari dagokionez, banatzen gintuen arrakala ona izan dela uste dut. Sentimenduak alboratu, eta ikerketaren eremura mugatu naiz.

Arkitektura ikasketak egiten ari zinela Oteizaren lanak erakartzen zintuen?

Madrilgo Arkitektura Eskolan ikasi nuen. Han, hainbat irakaslek oso lotura berezia zuten Jorge Oteizarekin, Maria Teresa Muñozek, esaterako. Elkarrekin lan eginak ziren hainbat arkitektura proiektutan, Ametzagañako hilerrian, esaterako. Beraz, eskoletan sarritan aipatzen zen Oteiza, eta baita arkitekturari egindako ekarpena ere.

Zergatik kokatu duzu zure ikerketa 1948. eta 1960. urteen artean?

Bi arrazoigatik aukeratu dut denbora tarte hori. Alde batetik, 1950eko hamarkadan, Oteizak eskultore eta artista gisa zituen gaitasunek eztanda egin zuten. Garai horretan ezarri zituen bere lanaren oinarri nagusiak. Forma eta masan zentratutako sorkuntza egin ostean, espazioa lantzen hasi zen. Aurrerapen handia egin zuen oso denbora tarte txikian. Nire ustez, jenio bat zen. Bestalde, zirkulua itxi egiten da. Izan ere, 1948. urtean, Itziar Carreñorekin ezkonduta itzuli zen Hego Amerikan hainbat urteko egonaldia egin ondoren. Haren lanean eragin handia izan zuten, besteak beste, Uruguaiko eta Argentinako egonaldiek. Hainbat urteren ondoren, 1960an berriz ere itzuli zen Hego Amerikara. Horregatik diot 1948. eta 1960. urteen artean zirkulua itxi egiten dela.

2005ean Oteiza beka jaso zenuen. Ikerketan lagungarri izan da beka?

Ezinbestekoa izan da beka hori jasotzea. Hori gabe ez nintzen inolaz ere gai izango egin dudan lana egiteko. Oteiza museoko artxiboan oso gauza interesgarriak topatu nituen, eta, gainera, hainbat gaitan sakontzeko aukera izan nuen. 2005etik 2007ra bitarte izan nuen beka, eta ikerketa egiteko jaso nuen diru laguntza publikoa gizartera itzultzeko modua da argitaratu berri dugun liburua.

Oteiza museoko artxiboa aztertuta, zerbaitek bereziki harritu zaitu?

Aurkikuntza harrigarri dezente egin ditut. Baina gehien gustatzen zaidana Luis Valletek egindako sabaien plano bat da. Irungo etxearena da; besteak beste, Oteizak eta Nestor Barrenetxeak egin zuten lan eraikin horretan. Planoan islatuta daude sabaian egindako lerroak, kofrajea eta egur taulak. Ez zegoen dokumentatuta eraikinaren planoa; argazkien bitartez soilik zegoen jasoa. Lastima da Irungo etxea horren egoera kaxkarrean egotea egun, zaindu beharreko ondarea baita. Eraikineko beheko solairua kalearekin nola lotuta dagoen ikusita, agerikoa da Oteiza ordurako hiri espazioaz hausnartzen ari zela. Inolako zalantzarik gabe, Oteizaren lana izan zen Irungo etxea.

Liburuan Oteizaren gaitasunak nabarmendu dituzu.

Lehenik, transbertsaltasuna aipatuko nuke. Oteizaren eskultura kontzeptuak parte hartu zuen arkitektura proiektuekin lotu ditut. Argi hormak daukan hutsunea espazio bilakatu zuen. Horrek izugarrizko saltoa eragin zuen eskulturaren eta arkitekturaren kontzepzioan. Bigarren indargune modura, desmitifikazioa aipatuko nuke. Informazio iturri originaletara itzuli naiz. Oteiza egon zen tokietara joateko aukera izan dut. Hirugarrena, hiri espazioan egindako ekarpena aipatuko nuke. Hori hasieratik landu zuen, eta pixkanaka sendotuz joan zen. Valentziako konferentzian hiria artelan modura ulertzeko ikuspegia proposatu zuen, eta, denboran aurrera eginda, nik uste dut hori izan dela Oteizaren ekarpen garrantzitsuenetako bat.

BERRIAn argitaratua (2016/06/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA