astekaria 2016/06/10
arrowItzuli

iritzia

Catherine Quinn

Miren Amuriza Plaza

Catherine Quinn Miren Amuriza Plaza

Ibilera pausatuarekin dator Paddy. Zapata handiak dakartza, beltzak, urpekontzi astunen gisako; praka nasaiak larruzko gerrikoari atxikita; alkandora koadroduna eta jertse grisa zilborretik behera lotua; bibote urdindua, masail arrosak, betaurreko lodiak eta txapel irlandar tipikoa. Ikusleak pentsa lezake postari erretiratu bat dela, zeinak arratsak agortzen dituen golfean, Joyce irakurtzen, edo banjoa jotzen. Oker lebilke baina, Paddy Quinn 1981eko udaberrian mundua Ipar Irlandara begira jarri zuen IRAko gose-grebalarietako bat da.

Zehaztasun beldurgarriz deskribatu du orduko kalbarioa: usaina, kartzelariak atean uzten zion ogi egin berriarena; itzala, ikusmena galdu ahala inguratzen zuen mamuarena; zaporea, enegarrenez oka egin ostean irentsi listu garratzarena; hotsak, kidearen arnasestu agonikoa —isiltasuna— kidearen neskaren garrasia. Baraualdian hildakoen oroigarri marmolezkoari so geratu da istant batez. Bobby Sands identifikatu du ikusleak, jarraian datoz beste bi, lau, sei, bederatzi izen. Eta 47. egunean koman sartu nintzen, esan du.

Artean Britainia Handiko lehen ministro zen Margaret Thatcherrek, zera erabaki zuen: behin presoa koman sartzen zenean, bere senide zuzenek hauta zezatela gose greba akaburaino eraman ala ez. Uztailaren azkenetan sei ziren hildakoak eta nire ama izan zen medikuen interbentzioa eskatu zuen lehena, argitu du Paddyk.

Zelan zeukan izena zure amak? galdetu dio ikusleak. Gizonak bekokia zimurtu orduan, harriduraz, eta begiak kliskatu gero, hunkituta. Catherine Quinn, esan du, Catherine Quinn. Eta bat-batean Paddyren amak lainozkoa izateari utzi dio eta hezur-mamizko egin da; determinazio erabakior hura hartu eta iragazi zuen gorputza berreskuratu du; subjektu politiko bihurtu da. Lehen aldia ei da amaren izenaz galdetzen diotela.

BERRIAn argitaratua (2016/06/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA