astekaria 2016/06/10
arrowItzuli

gizartea

Erabiltzea vs okupatzea

Maialen Unanue

Erabiltzea vs okupatzea

Ez dugu kalea okupatu. Espazio publikoa erabiltzen ari gara». Gipuzkoa Zutik-eko partaideen hitzak dira. Aste eta erdi daramate Donostiako erdigunean, Zubietako erraustegiaren eta eredu politiko ekonomikoaren aurka kanpatuta. Gipuzkoa plazan egon ziren astebetez, eta Bulebarrean daude herenegundik. Espazio publikoa dute tresnatzat, euren aldarriak ikus eta entzunarazteko, nazioartean maiz egin den gisara: esaterako, Parisko Errepublika plaza leporaino bete dute berriki lan erreformaren aurka.

Horregatik, kanpatzeaz gain, bestelakoak ere egiten dituzte: esaterako, Donostiako portutik uretara salto egin zuten herenegun, eta Kontxako paseoan turistaz mozorrotuta selfie-ak ateratzen aritu ziren asteburuan. Atzo, giza katea egin zuten hondartza ingurutik, eta erraustegiaren aurkako aldarria zabaldu. «Kalea erabiltzeko edo borrokatzeko ez dugu baimenik behar: kalean egotea da, jendearengandik gertu, gure aldarriak ikusarazteko modurik onena», azpimarratu dute protestariek. Beraz, gune batean edo bestean egotea ez da arazoa haientzat, hainbatetan ohartarazi duten gisan: «Ura bezala mugitzen gara: han uzten ez badiguzue, hemen agertuko gara».

Aldarrikapenak dituzte ardatz eta espazioa erabiltzeko arrazoi nagusi. Zubietan egin nahi duten erraustegiaren aurkakoak dira oihu eta kartel asko. Hain zuzen ere, hori dutelako egungo eredu politiko-ekonomikoaren sinbolotzat. Horregatik abiatu zuten kanpaldia maiatzaren 29an, erraustegiaren aurkako giza kate jendetsua egin zuten egunean.

Aitzitik, Bertol Brechti hartu diote gehien errepikatzen duten leloa: «Bizitza da handiena». Natura bizitza delako, baina askoz gehiago ere badelako: elkartasuna, harremanak, lana, aisia, zaintza... Eta ugari dira borrokak eremu horietako bakoitzean. «Galtzea, litzake galtzea dena», zioen Brechtek, borroka horietan guztietan jarraitzea bizitzari eusteko modua dela nabarmenduz. «Bizitzaren mugimendua da gurea, eta bizitza ezin da inondik ere bota», diote protestariek.

Hala, askotarikoak dira Gipuzkoa Zutik-eko partaideek kartelen bidez bidali dituzten mezuak; besteak beste, «Refugees welcome» (Errefuxiatuak ongietorri); «Inposaketarik ez, Gipuzkoa Zutik, gazte eta feminista»; eta «Gure gorputzak ez du neurririk». Askotarikoak dira, era berean, kanpaldia hasi zenetik Gipuzkoako hiriburuan egin diren bestelako manifestazioak. Albotik pasatzean, guztiek egin diote keinu Gipuzkoa Zutik-i, eta alderantziz. Trukatu dituzte aldarriak, eta txaloak, pentsio duinen aldeko manifestariekin eta ELAk deitutako prekaritatearen trenarekin, azken bi egunetakoak aipatzearren.

Eta hori izan daiteke azken egunetan kanpaldian parte hartzen ari direnak babestera joan diren ehunka pertsonak Gipuzkoa Zutik-ekin bat egiteko arrazoietako bat. 24 orduz ez, baina hainbat dira, poliziak haiek botatzen ahalegintzen badira, mobilizazio deialdiekin bat egiteko gertu daudenak. Bitan ahalegindu dira protestariak kanporatzen, eta bietan, kale egiteaz gain, pertsona gehiago hurbiltzea eragin dute ahaleginek.

Estrategia: «Higatzea»

«Mugimendu hau oso handia da: jende askok egin dezake bat hemen proposatzen diren helburuekin. Beraz, interesgarria da ikustea nola doazen horiek lotzen: ea horrek ematen dion hazten jarraitzeko bidea», nabarmendu du Ainhoa Gutierrez del Pozok, Gipuzkoa Zutik-eko partaideetako batek. Esandakoa bete du mobilizazioak oraingoz: hutsarazte ahalegin guztiei egin diete aurre, mobilizazioa eten gabe.

Gutierrezek aitortu du polizien joan-etorriek baldintzatzen dutela euren jarduna: «Goizeko egitaraua egitea beti da zailagoa, egunero baitaude zirikatzen, adarra jotzen... Ez bada botatzeko, gure gauzak lapurtzeko edo kentzeko izaten da». Askotan, dauden lekuraino joan ez arren, inguruan izaten dituzte ertzainak, kanpaldiko kideek ikusteko moduan: «Gertu daudenean, adi egoten gara, eta horrek berekin dakar egiten hasitakoa ezin bukatzea. Horregatik, guk gurera egoten saiatu behar dugu».

Gipuzkoa Zutik-en mobilizazioa «gehiegi» luzatzen ari da zenbaitentzat, Gutierrezen ustez, eta, horregatik, uste dute partaideen «higatzea» lortu nahi dutela: «Denbora guztian horrela arituta, min egiten dute, eta jendeak prest egon behar du hori jasateko behin eta berriz». Baina, haren esanetan, indarrak hartzeko ere balio izan die partaideei: «Herri honetan garbi dago halakoek ez zaituztela ahultzen, baizik eta indar gehiago ematen dizutela».

Izan ere, joan-etorri batzuk egin ditu Poliziak aste eta erdian. Lehengo astean behin eta asteon bitan agertu dira, ustez kanpaldiko kideak botatzeko asmotan. Herenegun, esaterako, bortxaz jardun zuen Udaltzaingoak protestarien eta haien materialaren aurka. Atzo, geldirik egon ziren udaltzainak, eta ertzainak izan ziren gazteak Bulebarreko kioskotik aterarazten saiatu zirenak: baina, izatez, lau gazte ateratzea lortu, eta eraman egin zituzten. «Polizia bati entzun diogu esaten hiru lagun identifikatzea bilatzen zutela, eta, denek uko egin diogunez, batzuk aukeratu dituzte, arbitrarioki». Hor gelditu zen goizeko saioa, hasiera batean.

Ustez erretiratu zirenean, lantaldetan bildu, eta lanean jarraitzea erabaki zuten batzarrean. Horretan ari zirela, kanpaldiko kide bat lurrera bota zuen kaleko jantzitako ertzain batek, handik gertu: protestariak korrika joan ziren zer gertatzen ari zen ikustera, eta ertzainek atzera eginarazi zieten, lurrean zegoena lapur bat zela eta ez beraietako bat esanda. Gezurra zen, ordea; identifikatzera eraman zuten.

Ahalegin bakoitzean erantzun bat prestatu du Gipuzkoa Zutik-ek: eguneroko batzarraz gain, manifestazio batera deituta, esaterako. Eta jendearen erantzuna nabaria izan da bakoitzean: «Gertu ukitzen bazaitu, zure lagunen bat edo gertukoren bat baldin badago, segurua da etorriko zarela». Oro har, ordea, arratsaldeak izaten dira eguneko zatirik jendetsuenak: «Horiek aprobetxatu behar ditugu: egunero egiten dugu hitzaldi bat, mobilizazio bat eta batzarra —posible den heinean—, eta, gero, lotara».

Goizak, beraz, arratsaldeak prestatzeko erabiltzen dituzte gehienbat. Datozen egunetarako egitaraua zabaldu dute jada sare sozialen bidez, esaterako. Baina, egunerokotik at, aurrera begira ere jarriak dira: «Oraintxe, hilabete osoko egitaraua prestatzen ari gara: gauzak ez daude oso lotuta oraindik, baina joango dira pixkanaka ateratzen». Erraustegia egingo duten eremura martxa egin nahi dute, gertutik gertura ezagutzeko, antolatzaileen arabera: «Hautsi nahi duten ingurune berde hori ezagutu nahi dugu».

Herritarren harrera ona

Askotan aipatu duten bezala, kanpaldi irekia da Gipuzkoa Zutik-ena. Horregatik, beti dute informazio gunea prest, bertaratzen direnei zertan ari diren azaltzeko. Horrez gain, Gutierrezek nabarmendu du herritarrek harrera ona egin dietela: «Janaria ekartzen dute batzuek, eskerrak ematera datoz beste batzuk, edo babesa ematera. Denetik». Eztabaidatzeko hurbiltzen denik ere bada: «Emakume batek esan digu ez dagoela ados planteamenduarekin, bere ustez kontsumoaren bidez gutxitu behar delako zaborra». Gutierrezen ustez, kanpaldiak hondakinen tratamendua gaia mahai gainean mantentzea lortu du, eta eztabaida sortzen lagundu du.

Antolatzaileen arabera, arratsaldeetako ekitaldi «masiboagoez gain», «indartsu» daude gauak eta goizak kalean pasatzen dituzten taldeak. Ikusteko dago noiz eta nola egingo duen aurrera Gipuzkoa Zutik-ek: komunikaziorako, plaza garbi mantentzeko eta kartelak egiteko bezala, horretarako ere badute lantaldea.

BERRIAn argitaratua (2016/06/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA