astekaria 2016/06/10
arrowItzuli

kirola

«Zor ziguna itzuli digu futbolak»

Unai Zubeldia

«Zor ziguna itzuli digu futbolak»

Aste guztia urduri pasatzeko prestatzen ari ginen berriz ere, baina bukatu da sufrikarioa!». Ahotsa urratuta, baina lasaitu handia hartuta erantzun dio Irene Paredesek (Legazpi, Gipuzkoa, 1991) BERRIAren deiari. «Ez genuen espero Bartzelonak etxean partida galtzerik». Baina Atletico Madrilek 0-1 hartu zuen mendean Kataluniako taldea, eta, bederatzi denboraldiren ondoren, Athleticek irabazi du liga, bosgarrenez. Bezperan Oviedo Modernori 3-0 irabazita, herenegun, «badaezpada ere», Lezaman elkartu ziren jokalariak eta entrenatzaileak. «Tarteka elkartu izan gara, eta polita izango zela pentsatu genuen», zehaztu du Yulema Corresek (Gasteiz, 1992).

«Hori bai, bospasei orduko partida izaten ari zela ematen zuen». Corresen hitzetan, tentsioa areagotu besterik ez zuen egin Atletico Madrilen golak. «Eta amaiezina izan zen bigarren zatia». Epaileak txistua jotzearekin batera lehertu ziren sentimenduak. «Ez da izan liga irabazi izanaren poza bakarrik; kolpe asko hartu ditugu azken denboraldietan, eta irudi horiek guztiak etorri zitzaizkidan burura». Paredes bosgarren denboraldia amaitzen ari da Athleticen. «Lehen denboraldian, Kopako finala galdu genuen; hurrengoan, San Mamesen azken partidan galdu genuen liga; ondoren, nik huts egindako penaltiaren erruz galdu genuen Kopa, penaltietan, Bartzelonaren aurka... Momentu gogor horiek guztiak etorri zitzaizkidan gogora. Bizitzako urteak kentzen ari zitzaidan futbola, eta zor ziguna itzuli digu, behingoz».

Aurrera Vitorian zortzi denboraldi igaro ondoren, Corresek bigarren sasoia du Athleticen. «Eta hitzez ezin dut azaldu sentitzen dudana. Denboraldi guztiko sufrimenduaren saria izan da, nolabait esatearren». Taldeak lesio asko eta oso larriak izan ditu denboraldi guztian. «Bultza eta bultza ibili gara partida guztietan, ez dakit nola egin dugun ere, baina, kito, modurik ederrenean amaitu da dena». Bitxia da egoera, baina aurrelariari lesio horiek eman diote, ziurrenik, hainbeste minutu jokatzeko aukera. «Ez dakit lesio horiek gabe gehiago edo gutxiago jokatuko nuen, baina aukera baliatzen saiatu naiz, eta oso gustura nago». Hori bai, Athletic «jokalari multzo bat» dela gogorarazi du. «Hemen inor ez da ezinbestekoa, eta denok ematen dugu barruan daukagun guztia». Arabarrak hamalau gol sartu ditu 29 partidatan.

«Liga hasieran ordezko zirenek egindako ekarpena» goratu du Paredesek, eta, Corres, berriz, beteranoenekin gogoratu da hain une hunkigarrietan. «Ligak, Kopak... Ez dira errazak izan azken denboraldiak, eta izugarri pozten naiz eurengatik». Inprobisazio lanean ere abilak direla erakutsita, Athleticen kirol instalazioetan xanpainarekin hasitako ospakizuna Lezamara eraman zuten jarraian, txakolinaren egunera, eta Bilboko Kafe Antzokian gozatu zuten gero, goizaldera arte.

«Mamuak agertu ziren»

Levante (0-0) eta Bartzelonaren (1-1) aurka berdindu, eta Rayoren zelaian galduta (2-0), sei puntukoa zen aldea bakarrera murriztu zen 20. jardunaldian. «Eta mamu guztiak agertu zitzaizkigun berriz ere. Ondo ari ginen, baina berriz berdina gertatuko zela pentsatzen hasi ginen». Zuri-gorriek irabazi egin dituzte, ordea, ligako azken bederatzi partidak. Ikaragarriak dira taldearen datuak: 25 garaipen, hiru berdinketa eta porrot bakarra. 74 gol alde eta hamahiru kontra. «Hotzean pentsatuta, oso onak dira datuak. Defentsako lanak fruituak eman ditu». Athleticek igandean jokatuko du azken partida, Tenerifen, Granadillaren aurka (12:00).

Eta Espainiako Kopako erronka iritsiko da gero, ekainaren 18an hasi eta 26ra arte. «Ez da erraza izango, baina nahikoa denbora badaukagu prestatzeko. Lehiaketa horretan ere arantza barruraino sartuta daukagu, eta ateratzeko gogo izugarria daukagu».

Kopan egiten dutena egiten dutela ere, liga irabazita, Athletic Txapeldunen Ligan ariko da hurrengo denboraldian —ezusterik ezean, final-hamaseirenetan hasiko litzateke lehian, joan-etorriko kanporaketan—. «Oparia ez, opari puska da hori!», azaldu du, azkar, Corresek. «Hori zen klubaren helburuetako bat, eta lortu dugu. Ikusiko dugu zenbat kanporaketa igarotzeko gai garen, baina ederra izango da Europan jokatzea». Erretiroa hartu, ez hartu, zalantzan zeuden jokalari beteranoenetako batzuk. «Baina inork ez die uko egin nahiko hurrengo denboraldiko erronkei». Behin denboraldia amaituta jakinaraziko du klubak jarraituko duten jokalarien eta taldea utzi beharko dutenen zerrenda.

Atzoko entrenamenduaren ondoren, gaur egingo dituzte ospakizunak, eta jokalariek ez dute zalapartarik sortu nahi izan gabarraren gaiarekin. «Irabazi egin nahi genuen guk; beste guztia berdin zaigu. Klubak erabakitzen du hori, eta gu ados egongo gara erabakitzen dutenarekin».

BERRIAn argitaratua (2016/06/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA