astekaria 2016/06/10
arrowItzuli

mundua

FABRICE BALANCHE

«Obamarentzat irtenbiderik onena kurduei laguntzea da»

Mikel Rodriguez

«Obamarentzat irtenbiderik onena kurduei laguntzea da»

Siriako errealitatea hurbiletik ezagutzen du Fabrice Balanche-k (Belfort, Frantzia, 1969). 1990eko hamarkadan bisitatu zuen lehenbiziko aldiz, eta, ordutik, hamar urte igaro ditu Sirian eta Libanon. Geografian doktore da Toursko unibertsitatetik, eta 2006an argitaratu zuen tesia: Eskualde alauia eta Siriako boterea. Gaur egun irakasle da Lyon2 unibertsitatean, eta GREMMO Mediterraneorako eta Ekialde Hurbilerako Ikerketa Taldea zuzentzen du. AEBetako The Washington Institute Ekialde Hurbileko gaien inguruko think tank-arekin ere kolaboratzen du, eta Siriako gerra hasi zenetik artikulu anitz idatzi ditu. Posta elektronikoz erantzun die BERRIAren galderei.

Zer-nolako garrantzia du EI Estatu Islamikoarentzat Turkiako mugan duen azken eremuak?

Manbij eta Azaz arteko mugatik jarraitzen dute ailegatzen borrokalariek, eta hortik bidaltzen ditu EIk terroristak Europara. Turkiak badauzka behar adina baliabide muga ixteko, baina ez du egiten. Nahiago du EI egotea lurralde horretan, kurduak baino lehen.

Turkiarentzat «marra gorria» zen kurduen miliziek Eufrates gurutzatzea, baina gurutzatu dute. Zerbait aldatu al da orain?

Martxoan, Washingtonen eginiko goi bilera batean, Obama [AEBetako presidentea] Erdoganekin [Turkiako presidentearekin] elkartu zen, bilera pribatu batean. Eskatu zion oztoporik ez jartzeko kurduek eta estatubatuarrek erasoaldia Manbij aldera eta handik harago eramateari. Erdoganek dio matxino «moderatuak» gai direla EI botatzeko Manbijen eta Azazen arteko korridoretik. Turkiako armadak haien erasoaldia hilabetetan babestu du, baina kontrakoa gertatu da, EIk horri eustea ez ezik, orain Azaz eta Bab el-Salam mugako postua ere mehatxatzen baititu. Azazen eta Marean, islamistak ingudearen eta mailuaren artean daude. Porrot hori ikusita, Erdoganek ezin dio gehiago eutsi bere jarrerari. Parisko eta Bruselako atentatuek ere erasoaldi hau beharrezkoago egin dute, muga ixteko.

Kurduek proiektu autonomo eta sekular bat errotu dute haien lurraldeetan. Afrin eta Kobane barrutiak elkartuko balituzte, sistema politiko hori onartuko al dute tarteko eremuan dauden gehiengo arabiarrak eta turkmenak?

Eskualde horrek 700.000 biztanle inguru dauzka, eta kurduak gutxiengoa dira. Ez dute nahikoa jende kontrolatzeko. Aliantzak bilatuko dituzte arabiarren artean, baina horiek ez dira askatasuna eta sekularismoa maite duen jendea izanen. Bertako tribuekin aliantzak eginen ditu PYDek [Batasun Demokratikoaren Alderdia, Siriako kurduen indar politiko nagusia], ekialdean al-xamartarrekin egin duten bezala. Aurka jar litezkeen tribuak, gehienbat Estatu Islamikoarekin harremana izan dutenak, kanporatu eginen dituzte. Garbiketa etnikoa egiteko modu bat da, kurduek eskualdean duten eragina azkartzeko.

AEBek diote Manbijeko erasoaldiko miliziano gehienak arabiarrak direla.

Gezurra da. SDFk [Siriako Indar Demokratikoek] 30.000 miliziano dauzkate, eta soilik 5.000 dira arabiarrak. YPGak [Herriaren Babeserako Unitateak, milizia kurduak] baino diziplina eskasagoa dute eta eraginkortasun gutxiago, modu tribal batean funtzionatzen dutelako; beraz, tribuko buruzagiaren agintepean, eta tribuaren mesedetan, beti lurralde mugatu batean. AEBek adierazpen horiek egin dituzte Turkia lasaitzeko.

Raqqarantz ere bertze erasoaldi bat hasi dute SDFek. EI zokoratuta al dago dagoeneko?

SDFk erasoaldi bat hasi zuten Ain Ayssatik, Raqqatik 40 kilometrora, baina ez dut uste lehenbiziko helburua Raqqa denik. 300.000 biztanle dauzka, eta EIk giza ezkutuak erabiltzen ditu. Nazioarteko koalizioarentzat hagitz zaila izanen da halako hiri bat bonbardatzea. Bertzalde, hiria hartuz gero haren funtzionamendua bermatu behar da: ura, argia, administrazioa, elikagaiak... Horretarako, lehenbiziko Tabqako urtegia hartu beharko litzateke. Horrek Estatu Islamikoaren eskuetan jarraitzea arriskutsua litzateke, ehunka kilometrotan Eufratesen haran osoa suntsitu bailezake. Raqqa askatzeko hilabeteak igaroko dira, lehenbiziko komunikabide guztiak moztu behar zaizkiolako. Idealena litzateke ez soilik Raqqaren eta Manbij-Azaz korridorearen arteko harremana moztea, baita Deir ez-Zorrerakoa ere Iraketik bereizteko.

SDFak Afrinera ailegatzen badira Eufratestik, zer eginen du Siriako armadak?

Alepo guztiz kontrolatzea da Siriako armadaren eta haren aliatuen xede nagusia Siria iparraldean. Siriako armada Turkiako muga ixten saiatuko da, matxinada zapaltzeko matxinoek hornitzeko erabiltzen dituzten bideak moztu beharra baititu. Kurduek EIren kontrako erasoa jotzen badute Alepo ekialdean, horrek aukera emanen dio Siriako armadari fronte horretan lasai ibiltzeko. Era berean, Siriako armadak espero du kurduek itxiko dutela Turkiako mugaren parte hori, eta, hala, bidea eman EIren kontra errazago egiteko. Armadak Deir ez-Zorren daukan eremua salbatu beharra dauka, eta Tabqa berriz hartu. Otsailean, Suheil Hassan Tigre-ak Alepo ekialdean Kuwaeres aireportu militarra eta inguru guztia askatu zuen. Tropa siriarrek Raqqa aldera egin dezakete, eta kurduek, berriz, Manbij askatu. Siriako armadak Errusiaren laguntzaz Raqqa askatzen badu kurduek estatubatuarren laguntzaz baino lehenago, horrek ospe izugarria emanen dio, eta Baxar al-Assad [Siriako presidentea] eta Vladimir Putin [Errusiako presidentea] sendotu eginen dira barrenera eta nazioartera begira.

Siriako armadak eta kurduen miliziek aitzinera egin ahala, haien kontrolpeko eremuak gero eta gertuago daude elkarrengandik. Nola eragiten dio horrek Errusiari? Haren interesen kalterako al da AEBek kurduen miliziak babestea?

Indar kurduak eta Siriako armada elkarlanean aritu dira EIren kontra, Al-Hasakan, 2015ean. Alepo iparraldean, Errusiak matxino islamistak bonbardatu ditu, kurduek modua izan dezaten Menagh eta bertze toki batzuk hartzeko. Errusiaren eta Siriako armadaren estrategiaren parte da Manbij hartzea eta kurduek Turkiako muga ixtea. Ez da ahaztu behar Turkia bakartzeko dabilela Errusia Sirian, eta handik desbideratzeko Errusiaren gas esportazioei kalte egin liezaieketen ibilbide energetikoak. AEBen helburu nagusia, berriz, EI deuseztatzea da. Baina horrek mesede egiten dio Errusiari, eta kalte Turkiari, AEBen aliatuari. Washingtonek gibelera egiteko estrategia du orain Ekialde Hurbilean. Kurduek, AEBen laguntzarekin edo laguntzarik gabe, Siriako beren lurraldeak batu nahi dituzte. Eta AEBek laguntzen ez badiete, Errusiari begira jarriko dira, hark eskainia die-eta laguntza. Barack Obamarentzat, irtenbiderik onena kurduei laguntzea da, prozesua kontrolatu ahal izateko; bertzela, galdu eginen du Siriako krisian duen eragina.

BERRIAn argitaratua (2016/06/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA