astekaria 2015/10/23
arrowItzuli

kirola

Kamerak jarri baino gehiago

Imanol Magro Eizmendi

Kamerak jarri baino gehiago

Fernando Lopetegi Euskal Telebistako pilota emanaldietako errealizadoreak, 2006. urtean, prentsan aurreratu zuen. «Egokiena pilotan NBAn edo futbol amerikarrean dituzten arauak izatea litzateke. Han, atsedenak telebistak ezartzen ditu, eta publizitatea dagoenean, ez da arima bat ere mugitzen». Telebistek bederatzi urte geroago lortu dute euren nahia, eta aurtengo lau t'erdiko txapelketan zuzenean emaniko partidetan, bina atseden inposatu dituzte, 12. eta 18. tantoen ondoren, hiruna minutukoak.

Etenaldi horiek irudi danteskoak utzi dituzte pilotalekuetan: pilotariak errebotean aspertuta piloteatzean hasteko baimenaren zain, kirol jertsea jarrita, zaleen txistuak... Kexak ere egon dira, Irujorenak ozenenak: «Hiru minutuen kaka hori... ez dute pilotariengan pentsatzen. Hamabigarren tantoaren ondoren izoztuta gelditu naiz». EPELek arautegi propioa du; izan ere, Euskadiko Federazioko arautegia errespetatu beharko balu, ezinezkoa litzateke horrelako neurriak onartzea. Enpresek, baina, telebistaren eta publizitatearen sostengua beharrezko dute, eta men egin dute.

Telebistak pilota profesionalaren arautegian izan duen eragina, baina, ez da berria. Aurreko azken aldaketa nabarmena bigarren sakea kentzea izan zen. 2010eko binakako txapelketaz geroztik, pilotariek sake bakarra dute, eta luzeegi sakatzea falta da. Enpresek ez zuten hala saldu, baina jakina da telebistaren eskaera zela, emankizunen erritmoa hobetzeko. Zaleak, oro har, ondo hartu du aldaketa hori, eta sakearen eragina murriztu da. Telebistaren aldaketak ez dute beti harrera txarra izan. Federazioaren arautegian, dena den, oraindik bi sake egiteko aukera dago.

Beste aldaketa bat kantxan objektuak sartzearen inposaketa da. Federazioren arautegiaren arabera kantxak garbi egon behar du, telebistek, baina, 2006tik aurrerako EPELeko finaletan, kamera bat jarri dute txokoan. Kameraren tamaina txikituz joan da, baina federazioaren arautegia hartuta, legez kanpokoa da. Kamerei dagokienez, Belatz Begiaren saialdia ere esanguratsua izan zen. 2010ean, G93 enpresaren eskutik garatu zen, baina baztertu egin zen. Garestia zen, eta arautegian sartu ezean, tenisean bezala, ez zuen zentzurik.

Mikrofonoak ere jarri izan dira kantxan, frontisean eta txapetan. Bilboko pilotalekuko frontisean hiru mikrofono daude bozgorailuen bidez pilotakaden hotsa hobeto entzuteko. Kasu horretan, baina, pilotalekuko kudeatzaileek jarri zituzten. Mikroen kontua urrunago joan izan da, pilotari eta botileroei mikrofono txikiak jartzen saiatu baita telebista.

Pilotetan ere izan du eragina telebistak, hala argitaratu zuen behintzat Deia egunkariak iragan abenduan. Binakako txapelketako lehen ligaxkan, enpresek pilota marroixeagoak erabili zituzten, Oinatz Bengoetxearen oso gustukoak, baina finalerdietan desagertu egin ziren. «Enpresa iturrien» arabera, telebistaren eskaera izan zen, pilota zuriak nahiago dituelako. Zuriaren kontrastea hobeto ikusten da emanaldietan. Halere, ezaugarriak ere ezberdinak dira, ilunak baino gehiago irteten dira frontisetik eta altuago egiten dute botea.

Telebistaren eragina, baina, aspaldikoa da. 1995ean ETBk hala eskatuta berdez margotu zen Atano pilotalekua —ETB 1983an hasi zen emanaldiekin—, eta haren atzetik beste guztiak joan ziren. Gerora iritsi ziren pilotaleku urdin, gorri eta beltzak. Pilotariek koloretako elastikoak erabiltzea ere telebistaren eskaera izan zen. Lau t'erdiko txapelketa bultzatu eta luzatzea ere telebista publikoaren apustua izan zen, baita ostiral gauetan jaialdiak antolatzea ere. Pilotaren audientzia asko igo zen eta zaleek ondo asimilatu zituzten. Egun pilota da ETB1en ikusle kopuru datu onenak lortzen dituen saioa. Irailean katearen batez besteko pantaila kuota %1,6koa izan zen, eta pilotak, iragan asteburuan, %8 eta %12 arteko audientzia lortu zuen.

Xalaren zain

Lau t'erdiko txapelketako asteburu honetako lehen bi partidetarako pilota aukeraketak egingo dituzte gaur. Goizean (11:30), Iruñean, Labriten, Xala eta Irujo elkartuko dira, eta Lekuinekoak bere ezker eskuaren egoeraren berri emango du. Minez bukatu zuen igandean eta masaje emailearengana joaten ari da. Arratsaldean, berriz, Bengoetxea VI.a eta Artola elkartuko dira (16:00), Tolosan, Beotibarren.

BERRIAn argitaratua (2015/10/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA