astekaria 2016/06/10
arrowItzuli

ekonomia

NORK BERE OTARREA

Oihan Vitoria

NORK BERE OTARREA

Ahalik eta gertuen ekoitzitako produktuak kontsumitzeko joerak aurreneko arrakala ireki du Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroaren artean: apaldu egin da euskal lurraldeen arteko elikagaien salerosketa eta, aldi berean, hazi Espainia jatorri dutenena. Kopuru eta kalitate aldetik, ekoizteko gaitasuna irabazi du urteotan Hego Euskal Herriak. Bertako produktuen kontsumoa handitzea ahalbidetu dio horrek, baina amildegi arriskutsu batera ere eraman du sektorea: etxetik hurbilen ekoitzitako produktuak gura ditu erosleak, tokian tokikoak, kilometrorik gabeak ia eta, norberarena ezean, Euskal Herriko mugetatik at ekoitzitakoa kontsumitzera jotzen dute askok eta askok. Gaindegiak berriki eginiko ikerketa batek hala frogatu du.

Lau lurraldeotako elikagaien ekoizpenak 2008tik 2013ra izandako bilakaera aztertu du Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, eta ondorio garbia atera du: ekoizpena dibertsifikatu eta handitu egin da estualdi garaian —%14 Nafarroan—, baina horrek ez du sendotu lurraldeen kohesioa. Alderantziz, are gehiago ahuldu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko hartu-emanak: EAEtik Nafarroara lehen sektoreko -%28 produktu gutxiago bideratzen dira; Nafarroatik EAEra, -%17,8.

Gaindegiaren iritziz, kezkagarria da elikagaien barne merkataritzak urteotan hartu duen joera. Muinean euskal kontsumitzaileen aktibazio falta eta hornitzaile handien eragin uniformatzailea antzeman du Imanol Esnaola koordinatzaileak. Ez da gutxiagorako: 2008tik 2013ra, erdira jaitsi da Nafarroatik EAErako bidea hartzen duten lehen sektoreko produktuen kopurua; elikagaietan, %10,2 apaldu da. Bi sektoreoi lurraldeko BPGaren %11,1 dagokie. EAEn ere gorantz doaz, baina motelago. Lehen sektorearen pisua txikia da BPGarekiko: %0,7. Batak bestearen lurretara bideratutako produktuen bidez fakturatutakoa da horren isla: 546 milioitik 449ra jaitsi da Nafarroak EAEn duen negozio bolumena, eta 576 milioitik 414ra EAEk Nafarroan daukana.

'Probintziakeria' mintzagai

Etxetik hurbilen hazi eta ekoitzitakoa lehenesteari ez dio alde txarrik ikusten Mahala baserriko arduradun Jokin Arrospidek: «Ona dela iruditzen zait. Eskuz eta betiko modura egindako produktuak beren inguruan saltzen dira nagusiki, eta probintziek, batez ere, badaukate nolabaiteko pisua». Probintziakeria hori positiboa izan daitekeela azaldu du. «Tokian tokiko kulturari eusteko eta inguruko ekonomia suspertzeko, inportantea da gertukoa zaintzea». Bertakoa, bertan dauka lelotzat, gertutasuna obsesio bihurtzeraino ia. «Zenbait gauzatarako, behintzat, Nafarroa jada urruti dago; barazki freskoa erabiltzeko, adibidez».

Bestelako iritzia du Esnaolak: «Ez da probintziakeria arazo bat, kulturala baizik. Hemengo jakiek gure kontsumo ohituretan iraun dezaten, eskuragarri egon behar dira. Kontsumoak gora egitea ona da, eta 150 kilometrora ekoitzitako produktuak ere bertakotzat har ditzakegu». Ez dator erabat bat Lacturaleko marketin arduradun Maite Azpiroz. Bakoitzak berearen alde apustu egitea ontzat du, betiere kalitatea lehenetsita baldin bada. «Nafarroan, Nafarroako esnea nahi dute bezeroek, eta Gipuzkoan, Gipuzkoakoa». Inportanteena, ordea, gustukoena kontsumitzea dela dio. «Eta hemengoa bada, hobe! Garestiagoa dela? Bai, badakigu. Baina dakarrena onuragarriagoa da produktu merkeak erosi eta dirua kanpora igortzea baino: enplegua sortzen eta gizartearekiko ardura areagotzen laguntzen du».

Kontsumo joeretan, funtsean, eraikuntza ideologikoak «berebiziko eragina» duela argitu du Esnaolak: «Oso-oso politikoa da, nahi ez dugula ere. Pentsatu beharko genuke zein eskema ideologikok esaten digun geure eremu administratiboan ekoitzia bertakoa dela, eta ondokoarena, berriz, ez». EHNE sindikatuaren Gipuzkoako presidente Garikoitz Nazabalen irudiko, inportazioen gaur egungo indarra dago horren jatorrian: «Merkatu librearen izenean, kanpoan beti egongo dira hemen ekoizten direnak baino produktu merkexeagoak, baina lazgarriagoak ere bai ingurune eta ekonomiarentzat».

Autokontsumoa, indartsu

Kontrapuntua da, hala ere: txanponaren bigarren aldea. Elikadura burujabetza sekula baino posibleagoa dela azalarazi du ikerlanak. Eta ez kasualitatez. Hego Euskal Herrian ekoitzitako eta bertan kontsumitutako produktuen kopurua bost puntutik gora igo da krisian: %40,2tik %45,7ra.

Lehen sektoreko eta elikagaien industriako autokontsumoa, oro har, apurka-apurka indartzen ari dela erakusten dute datuek: Nafarroan, BPGaren %5,1 dagokio, eta 1,19 milioi inguru mugitzen ditu. Ez da salbuespena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere goranzko bidean segitzen du autokontsumoak: azken urtean, %41,5eko hazkundea eta 1,87 milioi euro pilatu ditu.

Pozgarritzat jo arren, irudipen bat baino ez dela esan du EHNEko ordezkariak: «Dela haragia, dela barazkia... Gehiena kanpotik sartzen da». Hautsitako kohesioa indartzeko, lurralde arteko lankidetza aldarrikatu du. Gaindegiako koordinatzaileak ere ez du askitzat. «Agerikoa da etorkizunean asko haziko dela bertakoa kontsumitzeko balioa. Horri begira, gutxieneko herri estrategia adostu bat beharko genuke, bertakoari erraztasunak emango dizkiona maila guztietan, baita ideologikoan ere». Zelan mamitu ekoizpen propioari lotutako egitasmo hori? Ugariak dira urratzeko bideak. Esnaola: «Zuzeneko salmenta indartzea, banaketa kate erraldoien eskaintzan eragitea, kontsumo joeren gaia politizatzea...».

Hemengo produktuek giharra ateratzea lortu dute urteotan, baina oraindik ere oso handia da inportazioen itzala. Hamar urte dira kanpotik ekarritako produktuak hemengoak baino gehiago direla, eta joera horrek ez du berehalakoan emendatzeko inolako itxurarik: duela hogei urte halako bi dira orain lehen sektoreko produktuen esportazioak. Hego Euskal Herri osoan kontsumitzen diren produktuen %35,1 Espainiatik datoz —916 milioi 2013an—, eta Frantziatik, %9,2. Antzeko bidea, baina alderantzizko bilakaera daukate elikagaien esportazioek: Espainia dute oraindik ere helmuga nagusi, baina, gero eta gutxiago, Europarako bidea hartzen dabiltza eta.

Galera, merkatuak irentsita

Batik bat, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua ari dira bereganatzen euskal lurraldeen artean galdutako salerosketa. Zenbait produktuk balio erantsia hartzearen eskutik igo dira esportazioak. Erosahalmen handiko merkatuetan, oro har, euskal produktuek arrakasta lortzea ona da, Esnaolaren hitzetan: «Besterik da geure eguneroko kontsumoa halako produktuetan oinarritzea. Atzerrian gero eta gehiago saltzea ez da lehentasuna; herri gisa gure lehentasuna bertan ekoitzi eta kontsumitzearen joera nagusitzea da».

Hain zuzen ere, ekoitzitako eta ekoitzi gabeko produktuetan metatu da nagusiki fluxu hori, baina mugaz haratago ere ari dira nozitzen eraginak: 2008az geroztik, kasik hamar puntu txikiagoa da (-%31,4) Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik Nafarroara bideratutako elikagaien hazkundea. Beheraldi hori saltoki txikien indar galerarekin lotu du Arrospidek. «Dendari txikiek inguruko produktuak behar dituzte, bezeroek hala eskatzen dietelako». Horrelakorik ezean, kaltea bikoitza dela ohartarazi du Mahalako buruak: «Merkatua era handian lan egiteko egituratuta dago, eta horregatik ari dira pixkanaka-pixkanaka supermerkatu erraldoiak are gehiago indartzen eta saltoki txikiak, ordea, ixten».

Justuki, ingurumari horretan abiarazi zuten 2008an Lacturale esnegilea, Etxeberrin (Nafarroa). Hamalau ustiategirekin, 24 milioi litro esne ekoizten ditu urtean, eta hedapen bete-betean da. Mahalaren alderantzizko bidea egin du: Nafarroan bakarrik saltzen hasi zen, baina, urteen poderioz, inguruko lurralde orotara hedatu da. Aurten, Bizkaira ailegatu da esnekiak ekoizten dituen marka. Halere, sorrera urteetako erritmo bizi hura apalduta, sorterrian goia jotzear daudela deritzo Lacturaleko ordezkariak. «Beste lurraldeetan tokia egiten gabiltza, baina Nafarroan ez gara berriak, eta nekeza zaigu gehiago haztea. Ez gaude saltoki guztietan, eta gaudenetan espazio gutxi ematen digute. Salmentak handitzea zailtzen digu horrek».

Mahalak Euskal Herria du merkatu nagusi, alderik alde, baina ekoizten duen toki berean saltzen du produkzioaren %60: Gipuzkoan. Nafarroan, oraindik ere, pixka bat hankamotz dabiltzala aitortu du Arrospidek. Orain lehen baino gehiago edo gutxiago saltzen ote duten? «Erritmo berdintsua dugula esango nuke». Egungo egoerak, ostera, ez du zerikusirik duela hogei urtekoarekin. Mahala martxan jarri eta Nafarroara merkaturatzeari ekin bezain pronto agertu zitzaizkien lehen trabak. «Euskara hutsean etiketatzen genituen produktuak, eta erakundeetatik mehatxu latzak jaso genituen». Legezkoa ez zelakoan, ele bitan jarri behar izan zituzten.

Ontziratze planta, begiz jota

Arrospidek joera aldaketa bat nabaritu du azken boladan: prezioaren etiketa soilik ez, jatorriarena begiratzea ere gero eta ohikoagoa bihurtu dela. «Krisiak, nagusiki, gehiengo batek diru gutxiago izatea eragin du, baina kontzientzia ere irabazi dugu. Otarrea nola edo hala betetzeaz aparte, erosketak sustatzen duena kontuan hartzen duen jende gehiago dago».

Diagnostikoan bat egin du EHNEko kideak. Kontsumo arduratsuaren giltza herritarrek dutela oroitu du Nazabalek: «Gipuzkoan oliorik ez badago eta Nafarroakoa kontsumitzen badut, gertutasun eta lurralde kohesioa sustatzen ari naiz». Ados mintzatu da Esnaola: «Ez dago euskal herritarra baino aliatu hoberik euskal produktuen atzean dagoen aberastasuna aintzat hartzeko».

«Konpromisoa», finean. Hori baita euskal produktuen bereizgarri. Azpiroz: «Auzia ez da soilik esnea ekoiztea, baizik eta betiko izaerari eustea. Lacturale ezingo litzateke Errusiatik ekarritako esnearekin egin; beste marka batzuk, bai». Bide horretan, Euskal Herria Esnearekin batera ontziratze planta bat eraikitzea dauka Lacturalek begiz jota. «Indarrak metatzea da jomuga». Gaur egun, Kantabrian eta Sorian ontziratzea beste biderik ez dute bi marka horiek; Euskal Herrian, Kaikuk soilik du planta propioa.

BERRIAn argitaratua (2016/06/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA