astekaria 2016/06/10
arrowItzuli

gizartea

Nuklearrak, partida irabaztear

Jon Rejado

Nuklearrak, partida irabaztear Jon Rejado

Partida amaitzear da. Hilabete gutxian zehaztuko da Santa Maria de Garoñaren etorkizuna. Baina ez hori bakarrik. Espainiako industria nuklearraren etorkizunaren zati handi bat atxikia dago Burgosko (Espainia) zentral nuklearrari, oharkabean igarotzen ari den arren.

2012an hasi zuten partida Espainiako Gobernuak eta industria nuklearrak. Orduan iragarri zuen Jose Manuel Soria Industria ministroak erreforma energetiko sakona. Serio hasi zen Soria: esan zuen ez zeudela enpresei mesede egiteko. Egia izan zen hori, batez ere energia berriztagarrien sektorean. Industria nuklearrari ere heldu zion hasieran. Hondakin nuklearren kudeaketaren gaineko zerga ezarri zien, besteak beste.

Ordutik, asko izan dira Garoñako jabe Nuclenorrek —Endesak eta Iberdrolak erdibana osatzen duten enpresak— Soriari egin dizkion itsuskeriak: 2012ko abenduan, zentrala itzali zuen, aipatutako zerga ez ordaintzeko; 2013an, uko egin zion 2019. urtera arteko baimena berritzeari, Espainiako Gobernuak hori ahalbidetzeko dekretua onartu zuen arren; 2014an, hamazazpi urteko baimena eskatu zuen, zentralak 60 urte bete arte.

Indartsu jokatzeak galerak ere eragin dizkio Nuclenorri. 2012an zentrala itzaltzeagatik hamazortzi milioi euroren isuna jarri zioten. Halere, Garoñaren jabeak tentsioari eutsi, eta Soriak gehienetan men egitea lortu zuen.

Asteon jakin da CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak baiezkoa emango diola Nuclenorren eskaerari. Hori bera iradoki zuen Cristina Narbona kontseiluko kideak. CSNk ebatziko du zentrala 2031. urtera arte irekitzea posible dela. Horretarako, baina, inbertsio handiak eskatuko dizkio jabeari.

CSNren aldeko txostenak egoera paradoxikoa eragin dezake: luzapena onartuta ere, litekeena da Garoña ixtea. Nuclenorrek aurretik ere egin dio uko ustiapen baimena luzatzeari, ez duelako inbertsioa berreskuratuko. Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak berak iradoki zuen zentrala ez zela ekonomikoki bideragarria.

Bertatik hel daiteke industria nuklearraren iruzurra. Garoña itxiko balute, bigarren mailan gera liteke azken lau urteetan industria nuklearrak lortutakoa: errentagarritasun txikiko zentral bat ixtearen truke gainontzeko zentral nuklearrak 60 urte betetzen dituzten arte mantentzeko aukera. Erabaki hori hartu duten herrialdeetan, aurretik parte hartze prozesu bat abiarazi dute. Espainian, erabaki hori isilpean hartzea hobetsi dute.

Argitzeko dagoen bakarra da noiz onartuko duten txostena: uda aurretik edo ondoren. Egia da CSNren baiezkoak aurretik aipatutako ateak irekiko dituela. Baina badaude horri aurre egiteko bideak. Espainiako Kongresuak eta gobernu berriak aukera izango dute hori nolabait mugatzeko, eztabaida sustatuz. Datorren larunbatean Gasteizen egingo duten manifestazioa da bide bat. Edozein bidek, ordea, eztabaidan eta informazioan oinarrituta egon beharko du. Erabakiak isilpean hartzen diren bitartean, industria nuklearrak du partida irabazteko aukera gehien.

BERRIAn argitaratua (2016/06/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA