astekaria 2016/06/10
arrowItzuli

kultura

JOSE RAMON URTASUN

«Ezin da esan koadroko familia Del Burgorena denik»

Naiara Elola

«Ezin da esan koadroko familia Del Burgorena denik»

Margotzen dituen koadroekin istorio bat kontatzen duela azaldu du Jose Ramon Urtasun margolari eta memoriaren aldeko ekintzaileak (Iruñea, 1945). Jaime Ignacio del Burgo Nafarroako diputazioko presidente ohi eta eskuineko buruzagi politiko historikoak salaketa jarri dio, Nafarroako Parlamentuan ikusgai izan den Nafarroa 1936 erakusketako bi koadrotan haren aita eta semea iraintzen direlakoan. Urtasunek argi eta garbi utzi du memoria historikoaren aldeko erakusketan ez dituela Del Burgoren senitartekoak margotu.

Lau urtean han eta hemen ibili da erakusketa. Baina Nafarroako Parlamentuan ikusgai izan denean harrotu dira hautsak. Nola hartu duzu hori?

Egia esan, apur bat harrituta nago. Inor ez da mintzatu erakusketa osatzen duten 36 koadroen alor artistikoaz. Artea bakearen mesedetan baliatu nahi izan dut, baina batzuek ez dute horretaz ohartu nahi izan. Erakusketa batek horrenbeste jende erakartzen duenean, balio bat daukalako izaten da. Komunikatzea gustatzen zait. Margotzeko gai bat dudanean soilik margotzen dut, zerbait helarazi beharra daukadanean; bestela, ez dut margotzen. Margotzeko arrazoiak behar izaten ditut.

Jaime Ignacio del Burgok salatu zaitu ustez bere aita eta semea iraintzen dituzun bi koadro direla eta. Nola hartu duzu salaketa?

Harrituta nago. Nik erakusketa bat egiten dudanean, nire nahia ez da denen gustukoa izatea. Nafarroako Parlamentuan ikusgai izan denean, han jarritako liburu batean, hainbatek beren iritzia adierazi dute idatziz. Denak ez ziren aldekoak, noski. Nire helburua ez da denen gustukoa izatea. Hala ere, argi diot nik koadroak margotzen ditudanean istorio bat kontatzeko dela. Del Burgo irainduta sentitu den koadroetako batean, Nafarroako familia burges baten egunerokoa irudikatu dut. Bertan, hainbat sinbolo daude; Opus Deirenak, esaterako. Baina inondik inora ezin da esan koadro horretako familia Del Burgorena denik. Beste koadro batengatik ere salaketa jarri dit. Bere semea eta haren emaztea ateratzen direla interpretatu du. Nik ez dut inolaz ere Del Burgoren semea margotu; hori berak dio. Hala ere, egia da erakusketek interpretazio anitzetarako aukera ematen dutela. Niri, nire lanek eragindako interpretazioak direla eta, hainbat pasadizo bizitzea tokatu zait.

Salaketa dela-eta lasai zaude?

Bai, lasai nago, nire asmoa ez baita izan inor iraintzea. Gainera, edozein herritarrek duen oinarrizko eskubideetako bat da adierazpen askatasuna. Hala ere, ekainaren 24an deklaratzera joaten naizenean, nire lana azaltzen saiatuko naiz. Abokatuak esan dit lasai egoteko arrazoiak baditudala. Ekainaren 24an deklaratuko dut epailearen aurrean, eta ea zer gertatzen den.

Aurretik antzeko arazorik izan duzu?

Bai. 1970eko hamarkadan, Gizakia, makina, gizakia erakusketa egin nuen. Bertan, langilearen lanaren inguruko hausnarketa egin nuen. Garai hartan, egun Volkswagen denean egiten nuen lan; orduan, Seat zen. Erakusketa horren harira, enpresatik kaleratu nahi izan ninduten. Azkenean, enpresan lanean jarraitu nuen, baina gauza kuriosoa gertatu zen. Alemaniarrak Seat erostekotan zeudela, bisita egin behar zuten Iruñera. Zuzendaritza Departamentuan egiten nuen lan orduan, eta niri egokitu zitzaidan ongietorria egiteko tokia egokitzea. Hala, Gizakia, makina, gizakia erakusketako koadro guztiak jarri nituen gune horretan. Enpresakoek zoriondu egin ninduten, urte batzuk lehenago kaleratu nahi izan ninduten erakusketa beragatik. Paradoxikoa da, benetan.

Memoria historikoarekin engaiamendu handia duzu. Zein toki du zure sorkuntza artistikoan?

Nire familian ez dago 1936ko gerrako biktimarik, baina beti kontzientzia handia izan dut memoria historikoaren inguruan. Hainbat elkarte eta taldetako kidea naiz; Memoriaren Autobusa elkartekoa, esaterako. Argi nuen alor horren inguruan erakusketa bat egin behar nuela, hainbatek zokoratu eta isilarazi nahi dutelako. Gizarte berri bat nahi badugu, iraganarekin kontuak konpondu behar ditugu

Margotzeko era berezia erabili duzu Nafarroa 1936 erakusketan. Onek oso onak dirudite, eta gaiztoek, aldiz, oso gaiztoak.

Margolaria subjektiboa da. Dokumentazio lan handia egin dut erakusketa horretarako. Nik aukeratutako iturrietatik dokumentatu naiz. 1936ko altxamenduaren ondoren, biktimak eta borreroak zeuden. Nire erabakia izan da borreroak itsusi, zimur askorekin eta belarri handiekin margotzea. Biktimak, aldiz, oso eder irudikatu ditut, sufrimendu hori nolabait arindu nahi izango banu bezala.

Biktima eta borreroen dikotomia hori islatzean, koloreekin ere jolasten zara.

Koloreek jolasteko aukera ematen dute. Marraren testurarekin ariketak egitea atsegin dut. Koadroez gain, kartel andana egin ditut, baita liburuetako azalak ere. Euskarri anitzetan aritu izanak nire koadroetan eragin du. Baina egia da koloreak sentimenduak islatzeko arma paregabeak direla artista batentzat.

Estilo aldetik, non kokatzen duzu zeure burua?

Estiloena gauza aspergarria dela iruditzen zait. Artista asko estilo batez eta besteaz mintzatzen dira. Margotzen ikasi nuenean, irakasle batzuk izan nituen, eta, haiei jarraituz, nire ibilbide propioa egiten hasi nintzen. Denborarekin, nire sorkuntza lanari ukitu pertsonala eman diot. Baina hemen dena asmatua dago, hori argi dago. Beraz, nik artista gisa ez dut estilorik, eta ez dut izan nahi ere. Hala ere, niri espresionismo abstraktua izugarri gustatzen zait, eta akaso hori nire koadroetan nabarmentzen da.

BERRIAn argitaratua (2016/06/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA