astekaria 2016/06/10
arrowItzuli

mundua

Idatzita dagoena

Kristina Berasain

Idatzita dagoena Kristina Berasain

Patua izan liteke, baina lagun izan zituen eta jadanik buruzagi mitikoak diren bi iraultzaile independentistaren garai berean itzali da Mohamed Abdelaziz. Udaberriaren azkenetan. Sahararren iruditerian, heroi nazionalak dira Mohamed Sidi Brahim Basir eta El-Uali Mustafa Saied. Basiri, askapen nazionaleko mugimenduaren sortzailea, ekainaren 17arekin desagertu zen, 1970ean, artean Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia zenean. Aaiungo Zemla auzoan egindako manifestazioaren ostean, legioaren jazarpena itzela izan zen. Hildakoak, zaurituak eta kartzelatuak izan ziren, eta mugimenduko buruzagia desagertuta dago orduz geroztik. Kartzelan ateratako argazkia da hartaz dagoen azken dokumentua. Espainiak okupatutako lurraldean, 53. probintzian egindako estatu krimena. Eta zerrenda luze batean lehen desagertua da.

El-Uali metraila zaurien ondorioz hil zen. Nuakxoten egindako erasoaren ostean harrapatu zuten, erretiran zegoela, 1976an. Ekainak 9 zituen haren heriotzaren berri eman zutenean, eta martirien egun nazionala bilakatu da egun hori sahararrentzat. Hil baino hiru urte lehenago sortu zuen Fronte Polisarioa El-Ualik. Maiatzak 10 zituen. Eta Espainiak Mendebaldeko Saharatik azken soldaduak erretiratu eta biharamunean aldarrikatu zuen SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa. Jaioterrian. Gauerdian. Ilunpetan. Bir Lehlun.

El-Uali handik egun gutxira hil zen, ekintza militar batean, eta patua izango da, baina leku berean emango diote lur, gaur goizaldean, haren lekukoa hartu zuen buruzagiari. Lurralde liberatuetan, errepublikaren sorlekuan, sahararren hiriburu sinbolikoan, lotsaren harresitik kilometro eskasera, eta jaioterri okupatutik gertu. Patua zer den. Smara harresitik kilometro gutxira dago, baina harresiaren bestaldean.

Gauzak halabeharrez gertatzen ez direla sinetsita daude sahararrak. Dena idatzita dagoela. Dena dela patua. Norberak idazten badu ere. Herri bat bada ere. Abdelaziz horretaz mintzatu zen BERRIAri azaroan emandako elkarrizketan, esanez patua zela berari egokitzea okupazio indarren kontra borrokatu ziren lehen unitate horiek zuzentzea, artean ez zekiela zein izango zen bere patua, erbesteratu beharko zuela, armen ostean hitzekin borrokatuko zela, basamortutik nazioarteko bulegoetara pasatuko zela, gerrillen gerrillatik diplomazia politikora, klandestinitatean egotetik mundu zabalera; Nelson Mandela eta Fidel Castroren gisako beste bi buruzagi mitikorekin elkartzera. Eta aurreko heroi nazionalak bezala bera ere ametsa bete gabe itzaliko zela, aberri librea ikusi gabe, argi bazuen ere «hil edo irabazi arte» borrokatuko zela.

Oraindik gatazka ahaztua bada ere, saharar herria munduko mapan kokatu du Abdelazizek. Orain, haren heriotzaren ostean, galdera da zein den haren herriaren patua, zer den idatzita dagoena, bere legatuari eutsiko dion, konpromiso politiko horri eusteko kemena izango ote duen, edo erresistentzia irmoarekin jarraituko duen, duintasunez, statu quo-ak bere horretan jarraitzen badu ere. Hori ere idatzita dagoela esan izan du Abdelazizek. Jalil Mohamed seme kazetariak idatzita utzi du hark esan ziola herriaren eskuetan zegoela bere patua. Pertsonen patua herriaren patuari lotua. Hor dago erantzuna. Maktub.

BERRIAn argitaratua (2016/06/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA