astekaria 2015/10/23
arrowItzuli

ekonomia

Ia 38.000 behiburu galdu ditu Hego Euskal Herriak azken hamar urteetan

Xabier Martin

Ia 38.000 behiburu galdu ditu Hego Euskal Herriak azken hamar urteetan

Baserritarrek sarritan aipatzen dute beren lanbidearen geroa oso kezkagarria dela, eta abeltzaintzak azken hamar urteotan galdu dituen behiburuen kopuruak baieztapen hori berresten du. 2002an, 319.961 behi zeuden Hego Euskal Herriko baserri eta bestelako ustiapenetan; hamahiru urte igaro eta gero, 64.297 gutxiago daude. Azken hamar urteetan %13koa da galera: 293.383 behitik 255.664ra. Behia da euskal abeltzaintzaren oinarria, esnearen eta haragiaren negozioei esker, baina negozio horiei etekina ateratzea gero eta zailagoa gertatzen ari zaie baserritarrei. Galdutako buruei begira, behintzat, ezin da esan abeltzaintza osasuntsu dagoenik, nabarmena baita beheranzko joera, nahiz eta 2013an jo zuen behea: 253.287.

Idiazabal sor-markak hauspotuta, ardi gaztaren inguruan martxan jarritako ustiapen berriak direla-eta, pentsa zitekeen ardia lekua kenduz joan zaiola behiari euskal baserrietan, baina zenbait kasutan ordezkatze hori egia bada ere, ez dago oinarririk joera orokorra dela baieztatzeko, ardi aziendak ere behera egin baitu azken urteotan, behien kasuan baino argiago, gainera. 2005ean 1.108.054 ardi zeuden Hego Euskal Herrian, eta 2014an, berriz, 791.686ra jaitsi da kopuru hori, %29 gutxiago.

Hala behien nola ardien kopuruen galera da argi geratzen dena Magramaren estatistikei begira, eta galera horrek argi adierazten du, halaber, abeltzaintzaren sektoreari kosta egiten zaiola jarduerari eustea. Baserrien kopuruak ere ez alferrik behera egin du azken hamarkadan. Izan ere, abeltzaintzan jarduten dutenen arazo handienetako bat da nork erosten dituzten euren produktuak. Bai esnea bai haragia lehen mailako produktuak dira elikagaien artean, eta banaketa enpresa handiek kudeatzen dute ekoizpenaren zatirik handiena. Alegia, enpresa handiak dira bezero garrantzitsuenak, eta enpresa horiek —multinazionalak sarri askotan— hala esnearen nola haragiaren salneurrietan eragiteko gaitasun handia daukate.

Euskal Herrian atzerriko haragi gehiago kontsumitzen da. Danimarkako, Austriako, Alemaniako edota Irlandako larreetan hazitako ganaduaren haragia gehiago da bertako larreetan hazitakoa baino euskal mahaietan. Merkatu globalizatuak finkatzen dituen salneurrien menpe ekoiztea eta etekina ateratzea ez da batere erraza baserritarrentzat.

«Bizi modu eta ogibode dugun honetan horixe da kontua: ez dela negoziorik», dio Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko presidenteak. «Haragitarako behiekin lan egiten dugunok ere marginak oso-oso justuak ditugu, eta animaliak jetzi beharrik ez badago ere, lotura handia du. Ekoizleon aldetik apustua beti argia izan da, hurrengo katebegiei egin behar zaie galdera». Nazabalek kalitatea aipatu du egoera ulertzeko, eta kalitate falta ere bai. «Gure baserrietan ekoizten dugun haragiari eraso gehien egiten diona Espainiako txekorra da, gizendegi industrialetatik datorrena. Baserrietan kalitatezko elikagaiak erabiltzen ditugu animaliekin, eta ezin hobea den produktu bat lortzen dugu».

Esnearen arazo larria

Labelaren babesa hemengo haragiari irteera bat emateko konponbidea izan daiteke zenbait kasutan, baita ekologikoaren markapean ustiatzea ere, baina konponbide horiek ez dira baserritar guztientzat bideragarriak. Kontua da euskal behien txuletak garestiago saldu beharko liratekeela —sagardotegietan, adibidez— jarduerak geroa bermaturik edukitzeko, eta sarritan ez da hala gertatzen. Merkatu zabal baten eskaintza eta eskaeraren legeak ez die mesederik egiten euskal abeltzainei. «Bideragarritasuna produktuek dagokien prezioa izateak ematen du», dio Nazabalek; «erosleak ordaintzen duena era egoki batean banatu behar da kate osoan zehar».

Bestalde, azken urteotan esne ekoizleen saioa etengabea da euren jarduerak jarrai dezan. Haserre daude baserritarrak. Lehen ere ilun samar ikusten zuten beren etorkizuna, baina are ilunago ikusten dute orain, Europako Batzordeak apirilean esne kuoten sistema bertan behera utzi zuenetik. Batzordeak 500 milioi euroren diru laguntzak jarri ditu martxan, baina hortik gutxi helduko zaie euskal ekoizleei.

Baserriaren erronka

Eta esnea ekoizten duten baserrien kopuruak behera egiten jarraitzen du urtetik urtera. Baserriak, abeltzaintzaren ustiapen gune gisa ulertuak, arrisku bizian daudela islatzen dituzten datuak eman ditu ezagutzera berriki EHNEk. Orain hamar urte, 2005ean, esnea ekoizten zuten 2.131 baserri zeuden Hego Euskal Herrian; 2010ean 1.265 ziren (-%40), eta 2014an, berriz, 913 baserri geratzen ziren lau lurraldeetan.

Esne behiekin aritzen diren baserrien gainbeherak behi aziendaren gainbehera ekarri du, halaber. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 40.000tik gora behi-esne zeuden 2000. urtean. Bost urtean, 2005erako, 31.600era jaitsi zen abereen kopurua. 2010ean, berriz, esne behiak 24.000 inguru ziren hiru lurralde horietan; eta aurreko urtean are gutxiago ziren: 20.500 inguru.

Azken finean, behi azienda nahiz ardi azienda txikitzeak lehen sektoreak Euskal Herrian dituen askotariko zailtasunak islatzen ditu. Lan gogorra da abeltzaintza, ordutegirik gabea, eta jarduerari behar bezalako etekina ateratzeko arazo larriak daudenez, erakargarritasun gutxi dauka belaunaldien arteko erreleboa gerta dadin. Egoera hori kezkagarria da oso, abeltzaintza sektore estrategikoa delako edozein herrialderentzat, baita Euskal Herriarentzat ere.

BERRIAn argitaratua (2015/10/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA