astekaria 2016/06/03
arrowItzuli

kultura

eLiburutegiko liburuak deskargatzeko aukera egongo da aurrerantzean

Pello A. Zuazo

eLiburutegiko liburuak deskargatzeko aukera egongo da aurrerantzean

Domeinu publikoko 1.100 irakurlan sartu ditu bere katalogoan eLiburutegiak: 100 titulu euskaraz, 500 gaztelaniaz eta beste 500 ingelesez. Hori ahalbidetzeko, Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatu ditu Armiarma proiektuarekin, Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes fundazioarekin eta New Yorkeko Liburutegi Publikoarekin. «Gauza handia da domeinu publikoan dagoen hori eLiburutegiaren erakusleihoan eskaini ahal izatea eta irakurleak doan eskuratu ahal izatea. Leiho berri bat irekitzen da irakurzaleentzat», azpimarratu du Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak.

Lan horiek Internetetik deskargatzeko aukera dago, eta erabiltzaileek sakelakoan edo ordenagailuan gorde ahal izango dituzte. Gainera, ez dute iraungitze datarik izango. Liburu klasikoak dira denak, jada egile eskubiderik ez dutenak. Muñozek eman du azalpena: «Euskarri desberdinetan erraz erabiltzeko egokitu ditugu liburu guztiak; garbitu egin ditugu, eta modu irakurgarriagoan jarri». Erabiltzaile potentzialak erakartzeko asmoz, Facebook eta Twitter sare sozialetan iragarkiak jarriko dituzte udako bi hilabeteetan. Berritasunak eta literatur lanen sinopsiak iragarriko dituzte.

Beste zenbait berrikuntzaren berri ere eman du Muñozek. Gaurtik aurrera, euskal diasporako kideek izena eman ahal izango dute eLiburutegian, eta horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako edozein herritarren modura erabili ahal izango dute zerbitzua. «Orain arte, eLiburutegiko erabiltzaileak bertakoak ziren. Baina, behin digitalera salto eginez gero, zertarako mugatu muga geografikoetara? Euskaldun asko dabiltza munduan zehar. Euskal Herriari beste zabaltasun bat eman geniezaioke mundu digitalaren bidez».

Horrez gain, sakelakoetarako app propioa ere sortuko dute, «irakurketa atseginagoa eta erosoagoa» egiteko asmoz. Eta ikusmen arazoak dituen jendearentzako Daisy zerbitzu berritzailea ere jarriko dute abian.

Gaurko egunez, Euskadiko Liburutegi Digitalak 11.925 titulu ditu katalogoan. Eta urte eta erdiko ibilbidean erabiltzaileek 47.449 liburu mailegatu dituzte. Gehien mailegaturiko euskal liburua Iñaki Zabaleta Urkiolaren 110. Street-eko geltokia da.

BERRIAn argitaratua (2016/05/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA