astekaria 2016/06/03
arrowItzuli

politika

Zuri-beltzetik kolorera

Jokin Sagarzazu

Zuri-beltzetik kolorera

Aspaldikoa balitz bezala». Hala ikusten omen dute gazteek Euskal Herriko gatazka politikoarekin loturiko indarkeria garaia. «Zuri-beltzean irudikatzen dute», dio Iker Uson Deustuko Unibertsitateko Giza Zientzien Fakultateko irakasleak. Antzera pentsatzen du Pello Urkidik, EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendariak. «Distantziarekin ikusten dute askok iragan hori». Urruntze hori, dena den, «normala edo naturala» da harentzat; besteak beste, jaio gabe edo gazteagoak zirenean jazo zirelako gertakari horietako asko, bereziki estatuaren indarkeriarekin loturikoak, baina baita 1980ko eta 1990eko hamarkadetako borroka girokoak ere. «Egia da gertaera horietako batzuk ez dituztela ezagutzen». Irakaslearentzat, dena den, positiboa ere izan daiteke distantzia: «Horrek aukera eman dezake beste tonu batean eztabaidatzeko, aurreko belaunaldiek agertzen zuten gogo bizi hori agertu gabe, intentsitate txikiagoarekin, eta, aldi berean, lasaitasun handiagoarekin».

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak sustatu duen Ahotsak proiektuan parte hartu dute bi irakasleek. Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean ere landu dute programa, baina jarduera «xumea» izan dela eta apirilean Jaurlaritzak aurkeztutako txostenean azaltzen diren datuetatik harago ezin dutela ondorio gehiago atera argudiatuta, iritzirik ez ematea erabaki dute. Denera, hiru unibertsitateetako 300 bat ikaslek parte hartu dute, 11 taldetan banatuta. 18 -23 urteko gazteak izan dira, bost ikasketa eremutakoak, eta hamar parte hartzailetatik zortzi emakumeak izan dira.

Usonek azpimarratu duenez, egitasmoak ez du asmo zientifikorik, baina uste du balio dezakeela gazteen pentsamoldera hurbiltzeko. «Helburua izan da ikasgeletara eramatea indarkeriaren gaia, eta giza eskubideei, bakeari eta bizikidetzari buruzko hausnarketa bultzatzea».

2015ean gauzatu da proiektua. Ahotsak izeneko unitate didaktikoa sortu dute horretarako; ikus-entzunezko materialen bilduma bat da, eta giza eskubideen urraketekin loturiko hamabi ikus-entzunezko pieza biltzen ditu —www.eskolabakegune.euskadi.eus webgunean daude ikusgai—. Guztiek atxikia dute gida didaktiko moduko bat, irakasleentzat, eskoletan erabili dezaten. Parte hartu dutenen % 90en iritzian, «oso positiboa» izan da esperientzia.

Urkidik azaldu duenez, «interes handia» agertu dute ikasleek, nahiz eta zenbait kasutan eztabaidak «ez oso biziak» edota «partaidetza gutxikoak» izan. Irakasleari bereziki deigarria egin zitzaion dokumentalak ikusteko orduan ikasgeletan sortu zen «isiltasuna» eta eztabaidetan izan zen «errespetuzko giroa». Usonek, berriz, gogoan du «zenbait unetan» sutsuak izan zirela hizketaldiak, baina nabarmendu du beldurrik gabe aritu zirela ikasleak, «aske», eta «muga ideologiko gutxirekin», bereziki «gutarrak eta gutarrak ez direnak ezberdintzeko orduan».

Horrekin ados egonda ere, Urkidik uste du «oraindik» iritzi batzuk «oso errotuak» daudela eta lotura estua dutela «ideologia politiko jakin batekin». Usonentzat, muga horiek apurtzen ari dira egungo gazteak, «neurri batean behintzat». «Gehienek azpimarratzen dute berdin duela zein den biktimarioa, egindakoa oker dagoela, indarkeriaren erabilera orokorrean okerra dela».

Urkidiren ustez ere «oso handia» da biktima denekiko enpatia, eta azpimarratu du gazte asko harritu direla biktima batzuek besteen mina ulertzeko erakutsi duten adorearekin. «Ikasle batzuk harritu egiten dira biktima horiek gai izan direlako halako pausoak emateko eta elkarbizitzarako giroa sortzeko, eta gizartea eta politikariak, bereziki, ez».

Beste lehentasun batzuk

Oraindik «zer hobetua «badagoela uste duen arren, Usonek azpimarratu du gazte horietako gehien-gehienek jarrera «argia» dutela indarkeria helburu politikoak lortzeko tresna gisa deslegitimatzeko orduan. Bat dator horrekin Urkidi: «Askok azpimarratzen dute aurrera begira horrek izan behar duela erreferentzia elkarbizitzarako».

Bi irakasleek ere nabari dute aldaketa gazteen interesen agendetan. «Objektiboki, ez dago hain urrun indarkeriaren aroa, baina, psikologikoki, askorentzat ez da bere belaunaldiari dagokion gai bat», azpimarratu du Usonek. «Gazteak beste nonbait jartzen ari dira euren interesguneak, beste gai batzuetan, eta ez horrenbeste gure iraganarekin loturiko auzietan». «Beren orainean» dute interesgune nagusia, irakaslearen arabera, «gizarteak horrela bultzatuta, haien adinagatik, eta egungo egoera sozial eta ekonomiko gogorragatik».

Urkidi bat dator. Alde batetik, uste du Euskal Herriko «biolentzia egoera» urrun gelditzen ari zaiela, eta, bestetik, nazioarteko gertaerek eta bereziki Europakoek «presentzia handia dutela» haiengan. Adierazi du lehen euskal auziak betetzen zuen espazioa betetzen ari direla gai horiek: besteak beste, atentatu islamistak eta errefuxiatuen egoera azpimarratu ditu. «Hala ere, eta gurera etorriz, batez ere ETAren indarkeriarekin lotura duten berriak oihartzun berezia dute oraindik ere».

Horretan ere bat datoz biak: ETArekin loturiko kasuak ezagutzen dituzte gazteek gehien. Usonen pertzepzioa da hori azpimarratzen dutela «bereziki ia atzo arte iraun duelako horrek». «Harridura handiena» eragiten dieten giza eskubideen urraketei dagokienez, berriz, bi azpimarratu dituzte gazteek, Usonen arabera: ETAk bere atentatuetan zibilak hil izana eta Poliziak pertsonak torturatu izana. «Arraroa egiten zaie pentsatzea hemen horrelakoak gertatu direla».

Iraganeko gertakarietara hurbiltzeko orduan zein informazio iturri erabiltzen dituzten galdetuta, irakasleak uste du familia eta lagunak direla nagusiak; hezkuntzan, berriz, gaia oso gutxi landu dutela azpimarratu du. Komunikabideen eraginari buruz, berriz, nabarmendu du ikasleek hedabideak aipatzen dituztenean ez dutela komunikabide idatzietan eta telebistan pentsatzen, «neurri handi batean» Internet dutela informatzeko tresna nagusia. Uson kezkatuta azaldu da sareko informazioan «ildo editorialak-eta askoz ere ezkutuago gelditzen direlako».

Horrekin lotuta, ohartarazi du gertatutakori buruzko ezagutza nahikoa ez izateak eragina izan dezakeela gazteek iraganari buruz egiten duten hausnarketan. «Gutxiago dakitenez, zailago egiten zaie balorazio etiko sendo bat egitea. Hori dela eta, ez dakigu haien pentsamendua errotuta dagoen edo oso azalekoa den». Baikor da, halere, Uson. Eta programan parte hartu duen ikasle baten gogoeta ekarri du gogora: «Hau ikusita, esan dezaket ez dudala nire ideia edo pentsamendua aldatuko edo beste modu batera ikusiko, baina bai bestelako jarrerak errespetu handiagoz ikusi eta ulertzera bultzatu nauela». Bi irakasleek uste dute hori dela zuri-beltzeko argazkia koloreztatzeko bidea.

BERRIAn argitaratua (2016/05/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA