astekaria 2016/06/03
arrowItzuli

gizartea

Neonen osteko bizitzatik

Maite Asensio Lozano

Neonen osteko bizitzatik

Emakume jaiotzeak bere «patua» markatu zuela kontatzen du Amelia Tiganusek (Galati, Errumania, 1984). «Prostituta izateko ezaugarri guztiak nituen. Errumanian, emakumeen aurkako indarkeria izugarria da; hemen mozorrotuago dago, baina han basatia da, bortizkeria sexuala batik bat. Hainbesteko indarkeria jasaten dugu, ezen prostituzioan amaitzeko arriskua latza baita». Oraindik adingabe zela saldu zuten Tiganus, eta urteak egin zituen Iberiar penintsulako klub batetik bestera. Duela bederatzi urte utzi zuen prostituzioa, eta, ordutik, asko hausnartu, irakurri eta eztabaidatu du auziaz. Gipuzkoan bizi da egun, mugimendu feministan murgilduta: «Zauriak sendatzen lagundu dit feminismoak». Hain zuzen, Feminicidio.net webgunearen egitasmoan parte hartzen hasi da berriki, eta, aurkezpen gisa, ostiralean hitz egin zuen bere bizipenez, Iruñean izandako jardunaldi batzuetan. BERRIArekin ere mintzatu da bide horretaz.

«Prostituta izan aurretik, puta nintzen». Une oro indarkeria du ahotan, baina lasai mintzo da Tiganus patu horretaz. «Emakumeen salerosketaren biktima baino gehiago, emakumeen aurkako indarkeriaren biktima sentitzen naiz, bortizkeria horrek markatu baitu nire bizitza». Goizegi jasan zuen lehenbiziko erasoa: «13 urterekin bortxatu ninduten; ez naiz ondo gogoratzen, baina uste dut hiru mutil izan zirela. Orduan konturatu nintzen ezingo nintzela inoiz gehiago emakume on bat izan». Jarraian heldu ziren hurrengo bortxaketak: «Berdin zuen nik sexu harremanak izan nahi nituen ala ez; ez nuen ezetz esateko aukerarik, ez neukan hitzik, puta bat nintzelako». Indarkeriara «ohituz» joan zela oroitu du, jazarria izatera, mehatxuetara. «Ikasle bikaina nintzen; oso nota onak ateratzen nituen, baina eskolako tratu txarrak jasanezinak bihurtu ziren».

Ikasketak utzi zituen. Ez zegoen atzera-bueltarik. «Galduta nengoen: maldan behera nindoan». Urte haietan «konformatu» egin zela dio: sexu harremanak zituen hala nahi zuten gizonekin. «Baztertu egin ninduten, baina nik ez nuen biktimaren lekuan geratu nahi izan. Horrela fabrikatzen dira prostitutak». Eta, behin, lagun batek proposatu zion Espainiara edo Italiara joatea, prostituzioan jardutera; norbait aurkeztuko ziola: «Ilusioa egin zidan. Gauza bera egin behar nuen, baina kobratuz. Hartarako baino ez nuen balio; edo hori uste nuen». Ez zeukan premia ekonomiko larririk: «Beste beharrizan batzuk nituen: babesa, maitasuna... Nire bizitza berriz eraikitzeko leku seguru bat behar nuen, inoren abusurik gabe».

Engainurik ez

Proposamena onartu zuen. «Inolako indarkeriarik gabe. Ez ninduen tuntun gisara tratatu». Baina bidaiatzen lagundu behar zion gizonari aurkeztearen truke, bere lagunak kobratu egin zuen. «Askotan pentsatzen dugu salerosketa oso bortitza dela, bahituta eramaten dituztela emakumeak... Batzuetan hala da, baina beste batzuetan askoz sotilagoa da: ni ez nintzen ohartu saldu nindutela». Engainurik ere ez zela egon erantsi du, bazekielako zertan arituko zen. «Baina badago manipulazio argi bat: zure errealitatea eraldatzen dute, zure desioak egokitu daitezen. Esaten dizute: 'Honela zaude, eta hau behar duzu'. Eta sinesten duzu».

17 urte zituen orduan; adindun izateko falta zitzaizkion sei hilabeteak etxe batean egin zituen, «trebatzen»: «Finak izaten irakasten ziguten, takoien gainean ibiltzen, ahots gozoarekin hitz egiten, tuntunak eta esanekoak izaten... gizonen gustuko izateko. Ni ez nintzen gozoa, eta kostatzen zitzaidan. Han hasi zen beste emakumeekiko lehia». Urte erdi hura igaro zenerako lanean hasteko gogoz zebilela aitortu du: «Diruaren bidez boterea edukitzeko ideia ere sartua ziguten buruan: autoa, etxea... Errumanian andre arrakastadunen irudia zen, eta nik hura nahi nuen».

Azkenik, 2002an, 18 urterekin, Alacantera eraman zuten (Herrialde Katalanak): «Pisu bat zeukaten alokatuta, eta handik sei kilometrora zegoen kluba; egunero eramaten gintuzten, taxiz». Pasaportea kendu zioten: «Normalena zen. Zertarako behar nuen?». Zorra ordaintzeko sistema ere martxan jarri zuten: «Ez naiz gogoratzen zehazki zenbat diru zen... baina ez zegoen puztuta. Erdibana egin behar genuen, eta nik nire gastuak pagatu».

Garai hartakoak dira oroitzapenik txarrenak: «Lehen eguna lazgarria izan zen. Esan ziguten bezero bakoitzarekin gehienez bi minutuz hitz egin genezakeela, eta konbentzitzen ez bagenuen beste batengana joateko. Sekulako presioa zen, eta ez zegoen elkartasunik andreen artean: dena zen lehia. Negar pila bat egin nuen, baina nirekin egon ziren gizonei ez zien inporta izan». Egunero hamabi orduko lanaldia eginez, hiru astean zorra pagatzea lortu zuen. «Banekien ez nuela hartarako balio, ezin nuela, baina etxera ere ezin nintzela itzuli».

Mutil-laguna, iruzur

Gau batean, Polizia kontrola egongo zela ohartarazi zieten klubaren jabeei. «Beraz, pasaporteak eman zizkiguten». Alde egiteko baliatu zuen: pentsatua zuen beste klub batera joatea, bere kabuz aritzeko. Bezero bati laguntza eskatu, eta inguruko herri bateko prostituzio etxe batera eraman zuen: «Orain konturatzen naiz nolako arriskua hartu nuen: gizon hark eraso egin izan balit, inor ez zen ohartuko. Baina egoera muturrekoa zen; nire helburua bizirik irautea zen».

Tiganusen egoerak, ordea, ez zuen hobera egin klub berrian. Han ez zuen hainbesteko presiorik jasaten, eta gutxiago lan egiten zuen. «Kolapsatu» egin zela dio: «Bizpahiru zerbitzu egiten nituen, logela ordaintzeko adina, eta denbora asko ematen nuen hausnartzen». Baina han ezagututako gizon baten eskutik lortu zuen prostituzioa uztea. «Kontatu nion dirua bildu eta etxe bat alokatu nahi nuela, eta proposatu zidan elkarrekin bizitzea. Motibazio zehatz bat eman zidanez, topera hasi nintzen lanean».

Hilabete batzuetara, Burgosko (Espainia) etxebizitza batera mugitu ziren. Baina azkar agertu zen iruzurra. Tiganusek azaldu du proxeneta molde berri bat dagoela egun: prostituten kontura bizi diren mutil-lagunak. «Dirua amaituz joan zitzaigun. Nik ez nuen lanik aurkitzen, eta bilatu ere ez zuen egiten gizon hark. Baina nik, emakumea nintzenez, beti izango nuen prostituzioaren aukera». Eta herriko klubean hasi zen: «Sekulako penarekin».

Diru arazoek itota, plazak egiten hasi zen: 21 egun klub bakoitzean, eta astebeteko atsedena. 40 prostituzio etxe baino gehiago zapaldu zituen bost urtean, Euskal Herrikoak ere bai. Lana ez zuen gustuko: «Oso gogorra egiten zitzaidan bezeroentzako prest egon behar izatea. Horrek ahitu egiten ninduen: ez nuen kanpoko munduarekiko loturarik». Eta ohikoak ziren indarkeria egoerak: «Gizon batzuek emakumeak gorroto dituzte, eta prostitutengana bideratzen dute gorroto hori. Ni askotan bortxatu ninduten; pagatuz zein pagatu gabe. Denoi gertatu izan zaigu hori. Gauza asko jasan behar izan nituen, zerbitzuaren ostean ordaintzen baitzuten bezeroek». Eta berretsi du ohikoa dela preserbatiborik gabeko erlazioak galdegitea ere: «Hasieran gehiago ordaintzea eskaintzen zuten, baina, andreek onartu ahala, gehiago ordaintzeari utzi zioten; mugekin jolasten dira beti».

Zauriak sendatzera

Hain justu, Euskal Herrian zela, harremana eten zuen mutil-lagunak: «Arropaz betetako bi zabor poltsa eman zizkidan, eta ospa egin zuen, nire diruarekin erositako autoan». Bezero batek bere etxera eraman zuen. «Atseden hartzen ari nintzela, egunkaria hartu nuen, besterik gabe, lan eskaintzei begiratu bat emateko; zerbitzari bat behar zuten taberna batera deitu nuen, eta biharamunean lanean hasi nintzen».

Taberna berean jarraitzen du egun, prostituzioa utzi eta bederatzi urtera. «Bost urtez neonezko argien azpian bizi ostean, sekulako izua ematen zidan bizitza normala esaten diogun horrek». Tabernaren jabeek bide horretan eman dioten babesa nabarmendu du: «Nire familia dira. Prostituziotik atera nahi duten andreei aukera bat eman behar zaie. Niri konfiantza eman zidaten, jakin arren prostituzioan aritua nintzela, eta hori ez da oso ohikoa».

Sendatu behar izan zituen zauri emozional sakonek orbaina utzi diotela aitortu du, eta horregatik erabaki du bere bizipenak jendaurrean kontatzea: «Nire bizitzak ezin du segitu hori guztia gertatu ez balitz bezala, nire barruko zerbait han geratu baitzen». Hain zuzen, prostituzioan diharduten andreen bizimodua hobetzen lagundu nahi du orain Tiganusek Feminicidio.net-en, baina argi dio prostituzioa desagertzeko urratsak ere egin behar direla: «Ez luke existitu behar. Andreek ez dute merezi hala bizitzea».

BERRIAn argitaratua (2016/05/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA