astekaria 2016/06/03
arrowItzuli

gizartea

Iraultzeko nahiak batu ditu

Maialen Unanue

Iraultzeko nahiak batu ditu

Goiztiar ibili ziren atzo Gipuzkoa Zutik deialdiarekin bat egin zutenak. 07:30 ingururako esnatu ziren, eta martxan jarri. Donostiako Gipuzkoa plaza hartu zuten igandean dozenaka pertsonak. Helburua, egungo sistema politiko eta ekonomikoa salatzea. Eta horren sinbolotzat hartu dute Zubietan egin nahi duten erraustegia: hori gelditzea dute eskakizun. Mikel Laboaren Liluraren kontra abestitik hartu dute leloa: Ustelak lurpera, bizitza da handiena. Batzar bat eginez hasi zuten eguna.

«Ideia politak ateratzen ari dira; lantalde txukunak osatu dira, eta jendea gauzak egiten ari da. Gazteek eta gazteak ez direnek txinparta bat sortzea dugu helburu, protesta egin dezaten, ea gauzak aldatzeko gai garen», azaldu du Gipuzkoa Zutik-en partaide Mikel Olabidek. Haren arabera, 60-70 lagunek pasatu zuten igande gaua kanpalekuan. Goizean, hogei lagun inguruk eutsi zioten: «Gaua ondo joan da; zailena goizean jendea hemen mantentzea izan da, baina ulergarria da: astelehena da, jendeak ikasi egiten du, lana...».

Han geratu zirenak, berriz, lanean aritu ziren, hasiera-hasieratik. Aldundiaren egoitza dute parez pare, eta elkarretaratze batean bildu ziren eraikineko arkupeetan, Gipuzkoa Zutik, Errauskailuari ez! pankartarekin. Ertzainak ere han ziren, pare bat auto, eta arkupeetatik bota zituzten lehenengo; baimena eskatu zieten gero, eta parte hartzaileek eskuorriak banatzen jarraitu zuten handik pasatzen zirenei eta informazio eske gerturatzen zirenei.

Erraustegiaren aurkako giza katea egin zuten milaka herritarrek igande goizean, eta, hori aprobetxatuta, lo zakuekin joatera deitu zituzten herritarrak Gipuzkoa plazara. Lehenengo batzarra arratsaldean egin zuten, eta bertan lotan gelditzea erabaki zuten. Antolatzaileen arabera, 200 lagun inguru elkartu ziren. Lantaldetan banatu ziren: besteak beste, komunikazioa, logistika, aisialdia, formakuntza, otorduak eta garbiketa. Komunikazio taldekoa da Olabide: «Sare sozialak mugitzen eta pankartak egiten ari gara; badugu informazio gune bat ere, pasatzen den jende guztiari eta nahi duen guztiari azaltzeko zertan ari garen».

Zenbait gune dituzte plazan, lantaldeentzat egokituta. «Zer egin behar da parte hartzeko?», galdetu zuen andre batek informazio gunera hurbilduta. «Lo zakua ekartzearekin, nahikoa». Gune horren ondoan jarriak dituzte egitaraua eta egin daitezkeen tailer, hitzaldi eta ikus-entzunezko emanaldien proposamenen kartela. Atzo, Pello Zubiria aritu zen hizlari, Erraustegia eta eredu soziala izenburupean, eta, batzarra egin ondoren, Peru bakarlariak girotu zuen plaza.

Batzarrak erabakigune

Kartelak egin eta plaza girotzen aritu ziren batzuk. Beste hiru lagun ordenagailu banarekin zeuden lanean: «Unibertsitateko lan bat egiten ari gara: gaur da entregatzeko azkeneko eguna». Pare bat tokitan hondakinak birziklatzeko poltsak jarriak dituzte, eta, ondoan, «guk ez dugu errausten» dioen kartela. Plazaren inguruan, berriz, astelehen buruzuri baten sintomak: jendea joan-etorrian, hornitzaileen furgonetak, turistak hara eta hona...

Igandean jendearen arreta erakartzeko erabilitako oihala zuhaitzetara lotu zuten, eta olana bat ere lortu zuten, Gipuzkoa euritsuan irauteko laguntza gisa, atzo probatu zutenez. Plazan eusteko laguntza ere ez zuten falta izan, andre batek janaria eraman baitzien.

Olabideren esanetan, hor jarraitzeko asmoa dute, botatzen ez dituzten bitartean. Egitarauaren kartelean igandera artean egin ditzaketen ekintzetarako lekua dute. Egunez egon ezin den jendea arratsaldean hurbiltzea nahi dute, 19:00etako batzarra erreferentziatzat hartuta: «Zenbat eta jende gehiago etorri, orduan eta indar handiagoa izango dugu».

Giza kateak erakutsi zuen jendea mobilizatuta dagoela, Olabideren ustez, baina jende gehiago mugitzea nahi luke: «Entzuten ari gara atzokoa kristorena izan zela, sinestezina, baina uste dugu fronte gehiagotatik eraso egin behar dela, eta espektroa zabaldu, ahalik eta jende gehien gerturatzeko borrokara».

Hondeamakinak Zubietan

Erraustearen aurkako ekintza bat egin zuten atzo Zubietan, planta jarri nahi duten eremuan. 2013az geroztik eraikitze lanak geldirik diren arren, Argia aldizkariak zabaldutako bideo batean bi hondeamakina ikusten dira. Hiru lagun ageri dira horietako batera hurbildu eta gidatzeko palanka hausten.

BERRIAn argitaratua (2016/05/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA