astekaria 2016/06/03
arrowItzuli

bizigiro

PILAR ALONSO IBAñEZ

«Emakumea hutsaren hurrengoa izan da herrietan»

Jon Rejado

«Emakumea hutsaren hurrengoa izan da herrietan»

Artxibategiak, liburuak, txosten azaleztatuak... Maria Pilar Alonso Ibañezen (Markiz, Araba, 1937) bulegoa duen grinaren erakusgarri da. «Orain txukun dago, baina duela urte batzuk errezelen atzean ere izaten nituen paperak!». Gelan pilatuta zeukan guztia Pipaonera (Araba) eraman du, etnografiarenganako grina piztu zion herrira, hain zuzen ere. «2,7 metro zabal eta 14 metro sakon den ukuilu batean gorde ditut agiriak, eta... apenas geratzen den lekurik!».

Markizen jaio zen, baina urtebete ere ez zuela Gasteizera mugitu zen familiarekin. Haurtzaroa Araban eman zuen, hiru tokiren artean: Gasteiz, Albaita eta Pipaon. Azken herri hori izan da, hein handian, bere jarduera etnografikoaren ardatza. Usatxi kultur elkartea sortu zuen bertan, dantza taldea, Museo Etnografikoa... Abuztuko azken larunbatean museoa kalera ateratzen du herriak. Horrez gain, idazteko tartea ateratzen du: etnografiarekin lotutako gaiak, olerkiak, ipuinak...

Esan daiteke etnografo sena izan duzula txikitatik?

Lau urte nituenetik ez dut ezer bota. Gurasoak eta denak aspertuta zeuden nirekin.

Nola hasi zitzaizun grina hori?

Pipaongo aitona-amonen lehen iloba izan nintzen. Hamaika hilabeterekin bidali ninduten titia kentzera, eta bertan izan nituen bizipenak asko eta onak izan ziren. Aitonak dena erakusten zidan, lanabesak barne. Behin esan zidan eskuarea botako zuela, lan egiteko balio ez zuelako. «Gordeko al didazu?», eskatu nion, eta hala egin zuen. Ordutik, lanabes guztiak gorde zizkidan, baita osaba batek ere.

Baina, gauzak biltzeaz gain, une batean etnografia serio hartzea erabaki zenuen. Zergatik?

1960-1963 bitarte horretan izango zen. Pipaonera heldu, aitonari muxu eman, eta negarrez hasi zen. Tira, aitonari Paie esaten nion nik.

Paie?

Nire amak eta izebek padre esaten ziotela entzuten nuen txikitan, baina ondo ahoskatu ez eta... paie. Hala deitu ezean, ez zidan erantzuten! Tira, ba hor zegoen, negar batean. Eskola kenduko zutela, eta, ondorioz, Pipaon desagertu egingo zela. Umeak Bernedora joan beharko zutela ikastera... «Haurrik gabeko herri bat... akabo», esan zidan. Hutsik geratuko ziren kaleak, eta bizi izan nuen hori guztia desagertuko zen: sokasaltoa, kaleko jolasak... Horiek guztiak idatziz jasotzea erabaki nuen. Ordurako, ohar batzuk banituen, baina Pipaongo apaizak lagundu zidan; Etniker taldeko kidea zen.

Lagundu zizun, eta bidea erakutsi... Ordutik, hamaika saltsatan sartu duzu herria.

Moldeak apurtu nituen. 1970eko hamarkadaren hasieran bi kultur elkarte zeuden Araban: Zalduondokoa eta Guardiakoa. Behin, Blas Arratibel aurkeztu zidaten, Zalduondoko kultur elkartearen sortzailea. Harekin hitz egiten, eta egin zuen guztia ezagututa, pentsatu nuen: «Pipaoni hori falta zaio». Orduan, Arratibel eta beste batzuen laguntzarekin, Usatxi elkartea sortu genuen.

Herritarrei ideia jakinarazi zenienean, zer esan zizuten?

Lehenik eta behin, argi utzi nien ez zutela ezer ordaindu behar. Apenas zegoen dirurik. Ordutik 30 urte baino gehiago pasatu dira. Egun elkartea bizi dela ikusteak poz izugarria ematen dit. Jende gaztea dago, beste ideia batzuekin, eta oso ondo ari dira.

Gaur egun mantentzen den dantza talde bat ere sortu zenuten...

Aspaldi hiru lagun etorri ziren Pipaonera. Dantza taldeak izan zituzten herrietatik ibilaldi bat egiten ari ziren. Pipaongoak 1904. urtera arte iraun zuen. Orduan utzi zuten, ez zutelako dirurik jantziak konpondu edo berriak erosteko. Udalak egoera konpontzeko modua zuen, jantzietarako dirua ateratzeko hiru edo lau txondor egiteko baimena emanez, baina... Aitona zen dantzarietako bat.

Nola berreskuratzen dira dantzak?

Batetik, jantzi zatiak bazeuden han-hemenka, etxeetan gordeta. Garai hura ezagutu zutenen deskribapenak bat zetozen genuen horrekin, eta horren arabera egin genituen jantziak. Nork ordaindu zituen... Beti dago tuntunaren bat! Baina ez dit axola, herriaren onerako izan baitzen.

Eta musika?

Txikiak ginenean, ohikoa zen aitonak guri dantzatzen zuena abestea. Ez zen bakarra. Adibidez, Gainzaraindarren etxean ere Pedro jaunak abesten zuen, larrainean garia jotzen ari zela. Odolean zeramaten musika.

Eta osagai horiekin, prestaketa saioak hasi zenituzten.

Gaztetan dantzatu ziren pertsona edadetu batzuk bildu genituen, eta beste taldetxo batek baietz esan zion dantzatzeari. 1981. urtea zen, eta lehen dantzaldia lotu genuen, gaita jotzaile eta guzti: otsailaren 23an.

1981. urteko otsailaren 23an?

Bai, bai! Hitzartua genuen lekura joan nintzen, eta zain egon nintzen. Ez zen inor etorri, baina... normala! Geroago kide bat bertaratu zen, eta Tejerorena eta Espainiako Kongresuarena esan zidan. Egun batzuen buruan berriz geratu ginen, eta lortu genuen! Irailean dantzatu ziren! Ez oso ondo, baina... 77 urteren buruan, berriz dantzatu ziren musika horrekin herriko plazan.

Nola gogoratzen dituzu Pipaonen emandako lehen urteak?

Hara joaten nintzen begiak zabalik, parez pare. Ez nuen ezer galdu nahi! Behin, erditze batean sartu nintzen, inor ohartu gabe, pentsa! Plazan geunden, eta esan ziguten emakume bat erditzen ari zela. Hara joan nintzen, zaratarik egin gabe, eta umea jaiotzen ikusi nuen. Umea garbitzen hasi ziren arte ez ninduten ikusi. Orduan atera ninduten etxetik. 6 edo 7 urte izango nituen.

Liburu bat argitaratu zenuen, emaginen lana gogoratzen zenuen bertan.

Txikitako oroitzapen hura... Dena den, emaginak nabarmentzekoak dira. Adibidez, herriko emakume bat 47 urte aritu zen emagin. Ehunka ume ekarri zituen gurera, eta, haren bizitzaren azken txanpan, udalak 450 pezetako [2,7 euro] saria eman zion. Aurretik, inork ez zion ezer ordaindu! Bazeuden emaginak inolako titulurik ez zutenak, baina bai eskarmentu harrigarria. Sendagile batzuek ere haiengana jotzen zuten, pentsa!

«Garai bateko emakumeak tradizioaren martiriak izan dira». Emaginei buruzko liburua argitaratu zenuenean idatzi zenuen esaldi hori. Zergatik?

Orduko emakumeak... Batzuk behartuta ezkontzen zituzten, eta, gero, seme-alabak zituzten etengabe. Beste batzuk hiltzen ziren, erditzeetatik ezin osatu. Laguntzarik gabe. Inoren babesik gabe. Emakumea hutsaren hurrengoa izan da herrietan. 1960-1970eko hamarkadatik aurrera seme-alabak Gasteizera etortzen hasi ziren ikastera. Hortik aurrera, emakumezkoek ez zuten herrira itzuli nahi izan. Ordutik, herrien gainbehera gertatu zen. Heldu ziren aurrerapen materialak, baina emakume askok ez zuten herrira itzuli nahi izan bizitzera.

Pipaongo emakumezkoak ikatza saltzera joan ohi ziren Arabako Errioxara. Ikazkin herria izan zen Pipaon?

Eta ezkutuko ikazkinena ere bai...

Ezkutukoak?

Udalak baimenak ematen zituen, baina bazeuden txondorrak isilean egiten zituztenak ere. Txikiak ziren horiek, lau zaku betetzeko. Pagadian, iluntzean piztu behar zituzten, guardak kea ikus ez zezan. Bestela, txondorra apurtu, egilea harrapatu, eta lanabesak kentzen zizkion. Eta lanabesak galtzea ez zen txantxa...

Zergatik?

Garai horretan lanabesak partekatu egiten ziren. Ez zegoen dirurik bakoitzak bereak izateko. Baina herriak izan dituen aingeru jagoleetako batek lagundu zigun.

Aingeru jagolea?

Patricio Etxeberriak. Usoak ehizatzera zetorren, Legazpitik [Gipuzkoa] Pipaonera. Nolabaiteko harremana egin zuen herrikoekin. Behin entzun zuen herritar bati lanabesak kendu zizkiotela. Aste batzuen buruan furgoneta batekin etorri zen, eta familia bakoitzeko kide bat plazara joan zedila eskatu zuen. Bakoitzari lanabes sorta eman zion: aizkora, aitzurra, sardea, mailua.... Horrez gain, herritarrei Legazpiko haren lantegira joatea ere eskaini zien. 62 bizilagunetatik 54k eman zuten baietza, eta, azkenean, 20 familia inguru joan ziren harekin.

Baina... herriak zaindari bat baino gehiago izan zuela esan duzu...

Bai. Beste bat Luis Miner izan zen, apaiza. Donostiarra zen, euskalduna, eta ikasketak amaitu zituenean, Pipaon aukeratu zuen, herria euskalduna zelakoan. Heldu, eta lehen igandean 12:00etako meza euskara hutsean eman zuen. Meza amaitu, eta sakristauak esan zion: «Ondo dakit latinez, baina ez dut ezer ulertu, eta uste dut gainontzekoak berdin daudela». Hor konturatu zen ez zela herri euskalduna. Hurrengo igandean barkamena eskatu zuen [barre egin du].

Eta zer egin zuen Minerrek?

Heldu zenean, 1918an, zeuden sineskeriez ohartu zen. Sorginek ez zituzten abereak hiltzen. Jabeek jaten ematen ez zietelako hiltzen ziren. Jaioberriak hiltzen ziren, erditu eta hamar ordura haien ama lanera zihoalako. Nola biziko zen egun osoa amaren esnea eta beroa gabe? Ohitura ziren hainbat jolas ere amaiarazi zituen.

Adibidez?

Oilo bat lurperatzen zuten, eta gizon batek, begiak estalita, makila batekin aurkitu eta jo egin behar zuen. Urte eta erdi egon zen, baina halakoak amaitu zituen. Herriko kale batek haren izena du!

BERRIAn argitaratua (2016/05/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA