astekaria 2016/06/03
arrowItzuli

ekonomia

ITZIAR EPALZA

«Turismo alokairua arautu egin behar da»

Xabier Martin

«Turismo alokairua arautu egin behar da»

Itziar Epalza (Barakaldo, 1962) Turismo sailburuordea gustura dago turismoa hausten ari den errekorrak ikusita, baina horrek jartzen duen erronkaren jakitun ere bai. Erronka hori turista eredu jakin bat erakartzea dela dio, eguzkiaren eta hondartzaren eredutik kanpo.

Turismoa Euskal Herrian beste fase batean sartu dela berretsiko luke urte hasierak. Ados?

Lehen mailako jarduera ekonomikoa da jadanik Euskadin. Turisten kopurua garrantzitsua izanda ere, garrantzitsuagoa da sektoreak ekonomian hartu duen pisua. %5,9 da gure BPGan: 4.000 milioi euroko jarduera eta 100.000 enplegu inguru; bisitarien %40 nazioartetik datoz. Gainera, aurtengo lehen hiruhilekoan hazkundea %20 izan da, eta hori sekulakoa da, esan nahi baitu turismoa sasoikakoa ez izateko saioak ondorioak dituela. Barrualdeak, kostaldeak eta Arabako Errioxak %20 eta %30 bitarteko hazkundea izan dute, eta hiriak, berriz, %12 hazi dira. Dibertsifikazioa lortzen ari gara.

Eremu horiek gehiago haziko dira, akaso marjina handiagoa daukatelako, baina turista andana kostaldean ikusten da.

Gertatzen dena da bisitari asko berriro etortzen ari direla, eta gehiago ezagutu nahi dutela. Euskadik eskaintza zabala duela ikusten ari dira.

Turismoa aberastasun iturri da, baina zama batzuk dakartza berekin. Zer-nolako eredua sustatzen ari zarete?

Datuen esanahiaz ohartu garen bezain laster, neurriak hartzen hasi gara apustu serioa egiteko, hiru milioiren sarrerak izaten ari gara eta. Helmuga iraunkor izateko ziurtagiria sinatu genuen iaz, eta horrek esan nahi du nola hazi nahi dugun lehenesten dugula asko haztearen gainetik. Gure gizartearekin, kulturarekin eta ingurumenarekin errespetuz jokatuko duen turista ereduaren bila gabiltza. Turistak ikusi behar du hemen zaindu egiten dugula ondarea, gure-gurea dena. Biosphere ziurtagiriak behartzen gaitu diagnostiko zehatz bat egitera.

Musika polita dirudi, baina Donostian, adibidez, kezka handia dago masifikazioarekin.

Hazi egin gara, eta zenbait lekutan are gehiago hazteko marjina dago, badakigu. Baina nola hazi behar dugun da garrantzitsuena.

Eguzkiaren eta hondartzaren eredutik urrundu nahi duzuela, alegia.

Bai, noski. Euskadira datorrena deskubritzera dator; sektorean horrela esaten zaio turista mota horri. Kulturarekin lotutako turistak dira, aldi baterako euskal herritar izan nahi dutenak, gure ezaugarriez gozatuz. Lortutako jakinduriarekin harro joan nahi dute bueltan.

Euskal nortasuna turismoaren motorra bihurtu ote da?

Bai horixe. Indarkeria amaitu zenean, turismoa asko hazi zen, eta joera handitzen ari da. Zer izan ginen, zer garen eta nora abiatu garen jakin nahi dute turista askok, gure nortasunean barneratuta, bertatik bertara ikusita. Munduan bakarrak egiten gaituena nahi dute, esklusibotasun hori ez baitago beste inon. Gure eskaintza bezain ona egongo da beste leku batzuetan, baina ez gurea.

OMT turismoaren munduko erakundeko presidenteak ere antzeko zerbait esan zuen Euskal Herrian izan zenean, ezta?

«Dena daukazue», esan zigun, «konta ezazue». Historia, kultura, hizkuntza eta paisaiak bakarrak ditugu; hori da gure altxorra eta gure eskaintza.

Eta turismoa hainbeste haztekoa bada, ez al da euskal ekonomiaren egitura aldatuko? %6 inguruan dago egun, baina hazkunde horri ez al zaio mugarik jarri behar? Alegia, %20ra igoko balitz ere gustura egongo litzateke Jaurlaritza?

Gauza bat da turismoa lehen mailako jarduera ekonomikoa izatea eta bestea Euskadi beti nabarmendu dutela bere egitura ekonomiko aberatsarengatik, sektore desberdinen batura egokiarengatik. Hori horrela izango da aurrerantzean ere. Turismoak hazten jarraituko du, baina gerta daiteke turista kopuru berarekin jarduera handitzea, turista ereduak hori sustatu dezake eta. Edonola ere, industriaren pisua orain dena izatea edo gehiago haztea ezinbestekoa da gure ekonomiarentzat, eta hor ere turismoak lagundu dezake. Beraz, turismoaren aldeko apustua badago, baina garbi edukita zein den gure ekonomiaren egitura.

Baina turismoa BPGaren %15 izango balitz ere ez zenuke kexurik izango, ezta?

Hazkunde horrek enplegua eta jarduera badakar, eta bizikidetzan arazorik ez egotea lortzen bada, noski ez nukeela. Baina helburua hazkunde iraunkorra da.

Industria BPGaren %25era igo nahi du Jaurlaritzak 2020rako; ba al dago helburu jakinen bat turismoari dagokionez?

Beste urrats bat egiten badugu turismoa sasoikakoa izan ez dadin eta haren dibertsifikazioa handitu dadin, lau milioi sarrera lortu nahi genituzke. Bisitari bakoitzaren batez besteko gastua 115 eurora igotzea ere xede dugu, horrek BPGa handituko bailuke. Baina ikusteko dago nora iritsiko garen.

Jaurlaritzak diru publiko gehiago baliatzen du Bizkaiko kongresu turismoa sustatzeko beste lurraldeetakoa baino? Halaxe salatu du Gipuzkoako Turismo diputatuak berriki.

Ez, ezezko biribila; datuak aztertu besterik ez da egin behar. Merkatuak finkatzen du oreka, hautagaitzak aurkeztu ondoren iristen baitira kongresuak. Mundu zabalean lehiatzen gara, eta aldagai asko hartzen dira kontuan kongresu batek leku bat edo bestea hautatu aurretik. Halere, oreka oso ona da gure lurraldeen artean.

Jaurlaritzak diruz laguntzen dituen kongresuei buruzko Ikey txostenak, ordea, argi adierazten du Bizkaiaren aldeko desoreka dagoela.

Txosten horren 38. orrialdean garbi ohartarazten da txostena zuhurtziaz hartu behar dela, ez direlako azaltzen kongresuak hartzen dituzten leku guztiak, eta denek ez dutelako informazioa eman. Beraz, datuen bilketa ez da osoa; hala dio txostenak berak, letra beltzez nabarmendua. Txostenak, esaterako, Bizkaian eta Araban egindako Jaurlaritzaren ekitaldi guztiak jasotzen ditu, eta Gipuzkoakoak ez; zein bitxia, ezta? Argi ibili behar da datu guztiak jasotzen ez dituzten txostenak baliatzen direnean.

Turismo legearekin mesfidantza handia daukate euren etxea turistei alokatzen dieten askok. Badute kezkatzeko motiborik?

Alderantziz; lege proiektuak ordenatzea eta babestea du helburu. Izugarrizko lana egin da sektoreko alde guztien eskaerak jasotzeko. Euskadira datozen turisten eskubideak babestu nahi ditugu, helmuga gisa bikaintasuna nahi dugulako, eta lehiatzeko baldintza berak ezarri denentzat sektorean. Turismo alokairua arautu egin behar da. Legearen bidez bizikidetza babestu nahi da, alokairu batek eragina baitu etxe osoan eta hiritargoan. Etxea turistei alokatzen dienak erregistroan jakinarazi beharko du, turistak babesturik egoteko, batetik, eta jarduera ekonomiko bat duenak bere zergak ordain ditzan, bestetik.

Legegintzaldi honetan onartuko ote da turismo legea?

Baikorra naiz. Talde parlamentarioei lana eskertzen diet, badakit-eta izugarrizko ahalegina egiten ari direla. Legea lehenbailehen onartzea espero dut, arautzeak ezin baitu itxaron.

BERRIAn argitaratua (2016/05/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA