astekaria 2016/06/03
arrowItzuli

gizartea

ANA MESSUTI

«Ez dut ulertzen orain arte udalek zelan ez duten kereilarik jarri»

Ibai Maruri Bilbao

«Ez dut ulertzen orain arte udalek zelan ez duten kereilarik jarri»

Zergatik etorri behar du Maria Servini de Cubria epaile argentinarrak Espainiako estatura?. Goiburu horrekin mahai ingurua egin dute asteon Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan, Sare Antifaxistak antolatuta. Ana Messuti (Buenos Aires, 1946) Argentinako kereilako abokatuak parte hartu du, Amnesty Internationaleko kide Jesus Alvarezekin batera. «Oraingoz, kereilak aurrera jarraitzeko bide bakarra delako», erantzun dio galderari Messutik.

Maria Servini epailea maiatzean izan da etortzekoa, baina ez da etorri. Zertara zetorren?

Inputatuei ikerketa galdeketak egitera. Argentinako Zigor Kodearen arabera, galdeketa horiek aurrez aurre egin behar dira ezinbestean. Bestela, ezin da bukatutzat eman instrukzio fasea. Epaileak estradizioak eskatu ditu, birritan. Lehenengoak 2013an eskatu zituen, lau inputaturenak. Espainiak auzitegietara eraman zuen kontua. Auzitegi Nazionalak hartu zuen bere gain. Argentinako kereilakook ez genuen parte hartzeko aukerarik izan, eta, teorian, fiskala zen gure ordezkaria. Baina inputatuen alde egin zuen. Baita epaileek eta defentsaren abokatuek ere: guztiek.

Zein argudio erabili zuten?

Argentinak eta Espainiak estradizio eta justizia arloko kooperazio itun bat sinatu zuten 1983an. Hori erabili genuen guk estradizioa eskatzeko, eta haiek, ukatzeko. Guk torturez berba egiten genuen, gizateriaren aurkako delitu modura. Nazioarteko legediaren arabera, ez dago zalantzarik: delitu horiek gizateriaren aurkakoak dira. Baina defentsaren abokatuak eta fiskalak esaten zuten salatutakoak tortura kasu bakanak zirela, eta delituak preskribatuta zeudela. Espainiak argudio hori erabiltzen du ez epaitzeko.

Eta bigarren estradizio eskaerarekin zer gertatu da?

Hemeretzi lagunen estradizioa eskatu zuen. Horien artean ez zeuden Poliziako funtzionarioak soilik. Bazeuden justizia arloko langileak, politika arloko goi kargudunak eta mediku bat. Kasu horretan estradizio eskaera ez zuten auzitegietara eraman. Zuzenean, Espainiako Ministroen Kontseiluak ukatu egin zuen iaz. Esaten zuten delituak preskribatuta daudela, eta egin ziren unean Espainiako legedian ez zirela ageri delitu gisa. Baina nola egongo ziren, adibidez, epaiketa guztiz sumarioak edo torturak legedian jasota? Ondoren hasi ziren ordenamendu juridikoan jasotzen. Baina hilketa, adibidez, bazen delitu II. Errepublikako legedian, eta diktadura sasoikoan ere bai. Lurraldetasun printzipioa ere aipatu zuten; hau da, Espainiari dagokiola Espainian gertatutakoa epaitzea. Baina ez dute egin nahi!

Estraditatu ezean, epaileak berak etorri beharko du. Zergatik ez da oraindik etorri?

Ez diote etorrera errazten. Dena prest zeukala, esan zioten zer galdetuko duen jakin nahi zutela, baimentzeko. Eta ez pentsatu horrelako bidaia bat prestatzea kontu erraza denik, e? Eskandalagarria da. Gobernuak eman behar dio baimena. Hau da, Espainiako botere betearazleak Argentinako botere judizialaren lanetan esku hartu nahi du. Gainera, zelan jakingo du aurretiaz zer galdetuko duen? Galdera horiek aldatu egin daitezke galdeketan bertan. Edo agian ez du ezer galdetuko, kontatuko diotenarekin nahikoa duelako. Trabak jartzeko modu bat baino ez da. Orain ikusi beharko dugu Servinik zer egingo duen: galderak bidali baimena lortzeko edo gobernu aldaketa datorren itxaron.

Zure ustez, zergatik du Espainiak jarrera hori?

Ideologikoki ez dutelako hautsi diktadurarekin. Nik ez diot beste azalpenik aurkitzen.

Hala ere, eragozpenak eragozpen, baikorra zarela diozu.

Bai, noski, eta mezu hori azpimarratu nahi dut. Egia da gurpilari traba asko ipini dizkiotela. Baina garrantzitsuena ez dira trabak, gurpila bera baizik. Kasu honetan aurrerako bidean jarraitzen du, eta gero eta indartsuago. Itxaropen guztia kereilan ipini duten pertsonekiko errespetuagatik, ezin gara ezkorrak izan. Adibidez, kereila kopurua asko hazi da. Kasua gero eta zabalagoa da. Aurki bost euskal herritarri lekukotza hartuko zaie Euskal Herriko epaitegietan: Luis Moreno, Manuel Sagastibeltza, Luis Ortiz Alfau, Jorge Perez Jauregi eta Jorge Sagarna. Udalak kereilan parte hartzen hastea lortzen hasi gara. Euskal Herrian dagoeneko Iruñeak eta Gasteizek egin dute, eta Bilbo sar dadin saiatzen ari gara. Erakunde publikoen parte hartzeak sekulako pisua du aurrera egiteko. Ez dut ulertzen orain arte zelan ez duten ezer egin. Askotan galdetu diot neure buruari: nola da posible Gernikako Udalak kereilarik aurkeztu ez izana? Gorpuak hobietatik ateratzen hastea lortu dugu, eta kereilak Espainian jartzea eta aurrera egitea lortu behar dugu.

Baduzu frankismoaren krimenak Espainiako justiziak epaituko dituen itxaropenik?

Bai, noski. Argentinako diktadura ere kanpoan hasi ziren epaitzen, eta, azkenean, herrialdean bertan epaitu genuen. Uste dut gurpil honekin lortuko dugula Espainiako justizia martxan jartzea. Dagoeneko epaileen artean hasi gara aldaketak nabaritzen.

BERRIAn argitaratua (2016/05/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA