astekaria 2015/10/23
arrowItzuli

gizartea

Beste begirada bat euskararen aurrerabideari

Garikoitz Goikoetxea

Beste begirada bat euskararen aurrerabideari

Gero eta diagnosi zabalduagoa da euskararen aurrerabideari dagokionez: «Geldialdi zantzuak nabarmenak dira». Ziklo bat bukatzen ari dela, beste fase bat hastera doala, eta etorkizuneko estrategiak ez daudela argi. Gogoetari ekiteko garaia dela gero eta leku gehiagotan entzuten da. Eztabaidarako dokumentu bat aurkeztu dute euskararen arloko hamar lagun ezagunek, Euskaltzaleen Topagunearen altzoan, Topalabea taldean; Berrikasi eta berrikusi agiria ondu dute. Azken hamarkadetako ibilbidearen azterketa kritikoa egin dute, «etorkizuna begi berriz ikusteko helburuarekin». Ardatza zein beharko lukeen maiz diote agirian: lankidetza.

Maiatzean argitaratutako dokumentua da Berrikasi eta berrikusi. Azken asteetan ari dira zabaltzen; atzo bertan, adibidez, solasaldi bat antolatu zuten Iruñean agiriari buruz hitz egiteko: Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak jardun zuen hizlari —dokumentua taxutu dutenetako bat da—, Aitor Etxartek elkarrizketaturik.

Eztabaida sortzeko asmoa du agiriak: «Eztabaida zintzoa suspertu nahi luke egin dugunaz, eskarmentu horrekin hobeto ekin diezaiogun egiteko dugunari». Errepasoa egin diote azken hamarkadetako bideari, eta hutsuneak bistan jarri dituzte. Ardatza, hala ere, aldarria da, eskaria, elkarlanean aritzeko deia: «Sinetsita gaude asko komeni zaiola euskararen komunitateari esparru komunak sendotzea eta zabaltzea, beharrezkoa dugula euskaltzaleok barneratzea lotzen gaituena garrantzitsuagoa dela eta soilik denon arteko lankidetzarekin lor lezakeela euskarak bere iraganari dagokion etorkizuna».

Euskaltzaindiaren parekoa

Adierazpenaren funtsa horixe da batez ere. Ohartarazi dute zatiketa dagoela. Talde politikoei dagokienez, frankismoaren amaieran «arrakala» sortu zela azaldu dute, eta horrek eragina daukala oraindik; ez dute izen zehatzik aipatu, baina bistan da EAJren eta ezker abertzalearen arteko lehiari buruz ari direla. Uste dute haien arteko «hegemonia» lehiak mendean hartu duela euskararen gaia. Euskara hortik ateratzeko eskatu dute: «Arnasgune politikoa». Begiratu diete euskalgintzako eragileei ere: uste dute zailtasunak dituztela koordinatuta aritzeko. Instituzioek eta eragileek «erabakigune partekatuak» behar dituztela nabarmendu dute, eta formula gisa Euskaltzaindia jarri dute adibide: corpusaren arloan hark egiten duenaren parekoa estatusean egingo lukeen erakunde bat.

BERRIAn argitaratua (2015/10/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA