astekaria 2016/06/03
arrowItzuli

politika

Azpitik, herritik bidea irekiz

Hodei Iruretagoiena

Azpitik, herritik bidea irekiz

Duela bi urteko ekainean egin zen ziurrenik Euskal Herrian azken urteetako mobilizaziorik ikusgarriena, erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katearekin. Bi urteren ondoren, zabaltzen ari da eskubide hori praktikara eramateko olatua, herri galdeketen bidez. Hain ikusgarria ez da izango, baina herriz herri, auzoz auzo, etxez etxe mugimendua sortzen ari da dinamika berri hori. Gune jakin batzuetan, baina biztanleria osoarengana iritsi beharra dagoelako parte hartze handia lortu nahi bada. Azpitik, herriz herri, bidea egiten ari dira Azpeitian, Goierrin, Debagoienean (Gipuzkoa), Aramaion (Araba) eta Ispasterren (Bizkaia). Eta beste hamaika txokotan.

Astelehen eguerdia da Azpeitian. Ez dabil jende askorik kalean, baina nabari da zerbait berezi dagoela asteburuan: kartelak, galdera gogorarazteko panelak, Gazteok bai independentziari dioen mural handi bat herriko plazan... «Jendea gogoz dago», dio Jokin Iriondok (Azpeitia, 1987). «Zapatuan ere egon zen saltsa lipdub-arekin, eta jende mordoa irten zen. Parte hartze handia egon da dagoeneko, zaharrak, gazteak...». «Giro ona dago erantzun bat emateko», Mila Perez Zubiaurreren (Azpeitia, 1960) esanetan. «Gero, ikusiko da baietz edo ezetz irteten den, baina parte hartzeko gogoa badago, norberak esateko zer nahi duen, ez beste inork inposatuta».

Galdetzea zilegi dela uste du Mikel Segurolak (Azpeitia, 1991) ere: «Demokrazia esaten dioten honetan, herriari galdetu behar ez bazaio, nori galdetu behar zaio? Nork erabaki behar du gure etorkizunaren inguruan?». Herrian horretarako oinarri bat sortu dela esan du, lagunekin taberna batean dagoela: «Independentziaren aldarria egiteko, horren inguruko eztabaida egiteko ere ematen du bidea, horren inguruan hitz egiteko jendearekin, edo pentsatzen hasteko behintzat zer eduki nahiko genukeen. Beti utopia gisa ikusi da, baina egingarria da».

Azpeititik Beasainera. Bazkalorduan, tren geltokian dabil ziurrenik jendearen joan-etorririk handiena. Autobusaren zain dago Mikel Auzmendi (Ataun, 1997), ataundarra, eta han mugimendua badagoela dio: «Gazteak-eta animatuta gaude, jarduera dezente ari gara egiten. Jende ezberdina ere badago, eta horixe da polita». Auzmendiren ustez, herri txikietan ona izango da parte hartzea. «Handiagoetan zailago ikusten dut. Guk bultzatu behar dugu jendea. Goierritik hasita, Azpeitia... Pixkanaka joango da olatua handitzen». Inguruan dabil Mirari Zabaleta ere (Urretxu, 1964): «Demokrazian hori behar da: galdetu jendeak zer nahi duen, eta erantzun bat eman horri».

Arratsaldeko lehen orduan, Lazkaon, haurren bila doaz gurasoak ikastola atarira, tartean Yolanda Miguez (Lazkao, 1980): «Garrantzitsua hori da, galdetzea. Ez da batzuen gauza bakarrik. Gero, gehiengoaren erabakia onartu egin behar da. Jendea interesatuta dago, hitz egiten da gaiaz. Badirudi gauzatzea, aurrera eramatea gertuago ikusten dela». Elkarrekin taldearen kamisetarekin etorri da Jose Inazio Caballero Auzmendi (1967): «Uste dut jendea independentziaren alde dagoela, eta bozketa hori beharrezkoa dela. Espainian ez dakit zer erantzun egongo den; ni Salamancara joaten naiz asko, eta han inori ez diot ezer entzun. Hemen, jendea oso animatuta ikusten dut». Lazkaotik Olaberri aldera igota, megafonia pasatzen ari dira igandeko galdeketen berri emanez. 818 hautesle daude han bozkatzera deituta.

Herri handietan, «zailagoa»

Gehixeago dira Ormaiztegin (1.171). Han ere ekainaren 5era deitzeko propaganda nagusi da kalean. Herriko lantaldean ari dira Intza Goikoetxea (Ormaiztegi, 1993) eta Irune Hernandez (Ormaiztegi, 1995). «Pixka bat kostatzen ari zaigu, baina pixkanaka ari gara gauzak egiten. Zailena izan da informazioa jendearengana iristea, baina kalera atera gara, jendearengana joan, bertso afariak eta hitzaldiak egin...». Herri txikietan parte hartze handia egongo dela diote, baina Beasainen, Ordizian, Urretxun, Zumarragan... «Zailagoa izango da».

Arratsaldea aurrera doa, eta Zumarragan badabil jendea hara eta hona. Elkarrekin taldearen lokalean bilera ordua dute 18:00etan. Ormaiztegiko gazteek esandakoa berretsi du Josune Begiristainek (Zumarraga, 1954). «Herri zailenetakoa Zumarraga izango da halako kontsulta bat egiteko. Oso zabaldua dago; atzerritar asko bizi da, baina gu saiatzen ari gara, eta ilusioa badaukagu nahiko ondo aterako zaigun». Urtarriletik, astero bildu dira herriko lantaldekoak. «Dena guk egin dugu; protokolo guztia guk egin dugu; ez dugu inoren laguntzarik, eta horrek ere kostu bat badauka. Baina guk ilusioa badaukagu, eta horrekin egin dugu lan». Urretxun eta Zumarragan, ehun pertsona arituko dira lanean igandean. Begiristain: «Galdeketa beharrezkoa da herri libre batean bizi ahal izateko».

Handik gertu dago Urretxuko gaztetxea. Kanpoan, trago bat hartzen ari da kuadrilla bat. Gorka Santestebanek ere (Zumarraga, 1979) antzeman ditu zailtasunak: «Giro ez hain euskaldunetan informazio falta ikusi dut. Lankideei-eta esan diet, baina batzuek ez dakite zer den galdeketa, ez dakite ere zer den Gure Esku Dago». Urretxun egoera hobea dagoela uste du Ainhoa Aguadok (Urretxu, 1987): «Ikusi dut pankartak-eta badaudela, jendea girotu da, eta gaztetxean ere ibili dira publizitatea egiten. Gazteen artean behintzat, nik uste dut badakigula zer dagoen, eta gehienek bozkatzeko asmoa dutela».

Zalantzak ere baditu Eider Urrestarazuk (Urretxu, 1992); batez ere, galdeketen emaitzen inguruan: «Galdeketa egitea oso ondo dago, baina gero zer? Hori ez dut oso garbi ikusten, zerbait etorriko ote den gero. Ikusten dut ondorio batzuk badituela mugimendu aldetik; adibidez, hemen, mobilizatu da jende bat aurretik ikusi ez dudana, jende ezberdina. Horrek gero onurak ekarriko ditu, baina galdeketaren emaitzak berak, ez dakit». Hala ere, parte hartzea izango dela uste du: «Hori badakigu egiten: joan eta botoa eman. Modu horretan parte hartuko du jendeak; hortik harago, ikusi egin behar».

Aurretik emaniko botoa

Hainbat herritar ere hasiak dira dagoeneko aurretik botoa ematen; Antzuolan, esaterako, horretan ari dira arratsaldean. Ilara handirik ez dago, baina tantaka-tantaka, badabil jendea. Botoa eman berri du Imanol Lizarraldek (Antzuola, 1988): «Beharrezkoa iruditzen zait galdeketa egitea; jendea eskatu eta eskatu dabil. Azkenean, herrian hau indartu duena kolore ezberdinetako jendea da, ideologia ezberdinetako pertsonak, eta horrek esan nahi du zerbait. Nabarmena da jendea gogoz dagoela. Parte hartzea egongo dela uste dut».

Bozkalekuaren arduradun lanetan dabil Mari Karmen Iturbe (Antzuola, 1961). Izen-abizenak eta NA zenbakia apuntatu, sinadura jaso... «Leku guztietatik oztopoak baino ez datoz, eta erabakitzeko eskubidea jendeak bere sentitzen du. Horregatik, uste dut galdeketa zuzena dela». Berez, galdeketa ekainaren 12rako zuten antolatua Antzuolan ere, baina Espainiako hauteskundeen harira aurreratu behar izan dute. Iturbe: «Uste dut jendea datekin dagoela nahastuta. Saiatu gara informatzen, baina ez dakit gero zer erantzun egongo den».

Iluntzea da Arrasatera heltzerako. Han ere zabalik dute lokala, aurretik botoa emateko. Mugimendua badago, eta igandekoa «historikoa» izango dela deritzo Jasone Giraldo (Arrasate, 1969) Erain Debagoieneko kideak. «Euskal Herrian egon da ibilbide bat historian, eta nik uste herriari erabakia hartzeko garaia heldu zaiola. Gauza askotan eskatzen zaigu iritzia, eta halako zerbaitetan, behar-beharrezkoa da ematea. Euskal Herriko historiaren zati bat da, hurrengo pausoa. Bake prozesua heldu zen, eta hau beste pauso bat da». 2014ko giza kateak «ilusioa» piztu zuela dio Giraldok, eta uste du galdeketena hain «ikusgarria» izan ez arren gauza handia dela: «Lagunei esaten diet: pentsatu minutu batez, bozkatu egingo dugu. Orain dela bost edo sei urte, non geunden? Kontziente gara benetan? Niretzat, pauso ikaragarria da, eta hurrengo pausoaren hasiera. Erakutsiko dugu herri honek baduela erabakitzeko gogoa, eta, gero, beste batzuek beren lana egin beharko dutela, herriak esaten duenari aurre egin beharko diotela».

Bozkatzeko lokalaren kanpoaldean dabiltza Ainhoa Aristimuño (Arrasate, 1984) eta Ianire Sagasta (Arrasate, 1985) ere. «Aspaldian gizartean zegoen gauza bat da, eta logikotzat ikusten genuen jende askok. Guztion iritzia jakitea beharrezkoa da demokrazian bizi bagara, agintariek herritarrentzat gobernatzen badute, ikusi behar da herritarrek zer gura duten».

Galdeketa ospakizun

Afalorduan, jende gutxi dabil kalean Aramaion. Taberna bateko terrazan daude Maider Aldai Parra (Aramaio, 1995) eta Sara del Campo (Aramaio, 1997), lagun batzuekin. Galderarekin dauka zalantza Aldai Parrak: «'Euskal estatu', zera, 'estatu' hori... Ez dut neure sentitzen horrela esanda. Galdeketa egitea ondo iruditzen zait, baina agian errepikatzea da, guk kritikatzen dugun gauza baten moldea hartzea, gurera ekarrita, baina errotik aldatu gabe». Dena den, Del Campok eta biek nabarmendu dute «jende fina» ibili dela lanean, eta gaiari segida ematea lortu dutela.

Botoa emateko eguna ez ezik, ospatzekoa ere izango da igandekoa. Egitarau zabalak antolatu dituzte han eta hemen; tartean, Aramaion eta Ispasterren. Hango jarraipen batzordeko kidea da Jesus Lekerikabeaskoa (Ispaster, 1973): «Botoa ematea bakarrik ez, jendea giroan murgiltzea nahi dugu». Giza katearen bueltan hasi ziren lanean Ispasterren ere: «Ikusirik herrian osagaiak bazeudela galdeketa egiteko, Gure Esku Dago-tik etorri zitzaigun proposamena beste pauso bat emateko, eta ondo ikusi genuen Berez hilaren 12rako geneukan pentsatua, baina hauteskundeetako eguna jarri zutenean erabaki genuen kanpainatik kanpo egitea: ekainaren 5ean. Geroztik, jo eta ke ibili gara lanean. Ikusi dugu herria kontzientziatua dagoela».

BERRIAn argitaratua (2016/06/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA