astekaria 2016/05/27
arrowItzuli

iritzia

Afrika han dagoela

Miren Amuriza

Afrika han dagoela Miren Amuriza

Atzo Afrikaren mundu eguna izan zen. Ez zenekiela? Udan ez zoaz ba bertara? Jaurlaritzaren sentsibilizazio programa batean parte hartzera, ezta? Eta bide batez, zer? O, zeure buruaren bila! Ordea Afrikaraino ihes egin badizu, nork diotsu iristen zarenerako ez dela Alaskara joanda egongo?

Hasieran ito arte egingo duzu negar, bai, gero ez; nahiz ezagutuko dituzun zure txakurra baino baldintza animaliagoetan bizi diren adinduak, inorenak, inongoak ez diren haurrak... Orduan pentsatuko duzu harri bihurtzen ari ote zaren, baina ez kezka, biziraungo duzu; geltokiko eskaileretan goizero ikusten duzu eskeko bat eta egundo ez dizu bihotzekoak eman horregatik. Ez, badakit ez zoazena turismoa egitera, baina zoazenez gero elefanteak ikusi nahi. Ez eskandalizatu nekazariei entzuten diezunean den-denak akabatuko lituzketela; zure aititak zer egiten zien ba solora sartzen zitzaizkion patariei?

Haien konfiantza pittinka irabazi beharko duzula? Noski! Eta lortzerako buelta. Bien bitartean ez zaituzte ezein ekipotan erabat onartuko; gizonezkoek emakumea zarelako eta emakumeek zuria zarelako. Ez mindu, ez da ezer pertsonala. Ezen, zuk zenbat aldiz gonbidatu duzu zure portaleko... Zer izen du? Zenbatetan gonbidatu duzu zure portaleko beltza afaritara? Umeekin askoz errazago erlazionatuko zara, bai, selfie hunkigarriak egin eta... Zertarako liratekeela argazkiok? A, hemengoak sentsibilizatzeko. Zabiltza tentuz horretan; erakutsi fotoak baina ez konta ume kuadrilla hura jolasean aurkitu zenuela eta mutur joka utzi, zer eta haietako bati eman zenion boligrafo putagatik.

Zuk esplikatu hemengoei Afrika han dagoela; guk, jende justuok, indiferentzia sentitzeko baino hurbilago, arduraz jokatzeko baino urrunago. Tira, orain zoaz eta ikus Wikipedian zergatik den maiatzaren 25a Afrikaren eguna.

BERRIAn argitaratua (2016/05/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA