astekaria 2016/05/27
arrowItzuli

gizartea

Bigarrenez gelditzeko prest

Maialen Unanue

Bigarrenez gelditzeko prest

Mende hasieratik dator hondakinak erraustearen auzia Gipuzkoan. Zabortegi guztiak itxi eta hondakinak erraustea ebatzi zuen Gipuzkoako Aldundiak 2002an, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako 2002-2016ko Plan Nagusiaren bidez. Ordutik, ez da erraustegirik egin, ordea. Txingudikoa atzera bota zuten; Urnietan eta Aritzetan jartzeko asmoek porrot eginda, Zubietakoa ere geratu zuten, 2013an. Hiru urte geroago, ordea, berriz sortu da hura eraikitzeko aukera.

Gipuzkoako hondakinen zentroa eraikitzeko prozesua martxan da. Ugaritu egin dira azken hilabeteotan horren inguruko albisteak. Eta horren aurkako mugimenduak. Erraustearen aurka jardun zuten taldeak berriz piztu dira, baita berriak sortu ere: esaterako, GuraSOS taldea. Guztiak aktiboki ari dira ohartarazten hondakinak erretzearen arriskuez, informazioa zabalduz eta hainbat ekinaldi antolatuz. Hurrengo mobilizazio handia igandean izango da: Onkologikoa eta Gipuzkoako Diputazioaren egoitza giza katean lotzera deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Hainbat eragilek, talde politikok eta sindikatuk egin dute bat deialdiarekin. Eta mobilizazio horri, beste bat gehitu zaio azken egunotan. Gipuzkoa Zutik taldeak deia egin du igandean lo zakuekin Donostiako Gipuzkoa plazara joateko: erraustegiaren eta egungo eredu politiko-ekonomikoaren aurka deitu dute protestara. Erraustegiaren aurkako mugimenduaren osasunaz galdegin die BERRIAk zenbait talderi.

«Isilpean egingo dute erraustegia, gutxi batzuen ekimenez, eta eztabaidarik gabe»

Xabier Arruti GuraSOS

Eratzen azkena izan da GuraSOS taldea. Lasarte eta Usurbil artean sortu da, baina Gipuzkoako hainbat herritako gurasoek bat egin dute bertan. «Guraso talde nahiko askotarikoa gara, mundu oso desberdinetatik gatozenak, pentsamolde eta kolore desberdinetakoak. Gure interes bakarra osasuna da, gurea eta gure haurrena», azaldu du Xabier Arruti bozeramaileak. Hondakinak errausteak kezkatzen ditu, ez duelako «osasuna bermatzen». Lana eta haurrak uztartzeak beste erritmo batera lan egitea dakarkie, baina pozik agertu da Arruti, pausoak ematen ari direlako eta, oraingoz, «jotako ate guztiak» ireki dizkietelako. Bi lan ildo dituzte: batetik, atxikimendu kanpaina bat abiatu dute —aldundira bidaliko dituzte jasotakoak—, eta, bestetik, erraustegiaren inguruko informazioa jaso eta zabalduko dute. Lehengo larunbatean, kasurako, dibulgazio ekitaldi bat egin zuten Hernanin, OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearekin; Madrilgo Valdemingomezko erraustegitik gertu bizi diren lagunen lekukotza ere jaso zuten.

Arrutik uste du mugimendua lasaitu egin dela azken urteetan: «Hondakinek eta horien tratamenduak soka luzea ekarri dute Gipuzkoan, eta prentsaren agendan gorabeherak izan ditu: orain, erraustegia esleitzera doazenean, protagonismo pixka bat hartzen ari dela dirudi».

Arregiren ustez, Gipuzkoako Aldundiak «presa» duela komentatu izan dute: «Guk kontrakoa eskatzen diegu: medikuek eta zientzialariek dioten bezala, prebentzioaren printzipio hutsagatik, tentuz ibili behar da halako azpiegiturak jartzeko». Aurrera egin beharrean, gelditu eta zer egin «ondo» pentsatu behar dela uste dute. Hala, ez dute gustuko hondakinen zentroa egiteko ustezko azkartasuna eta aurrera egiteko modua: «Ez bagara mobilizatzen, isil-isilik egingo dute erraustegia, gutxi batzuen ekimenez, eta inolako eztabaida publikorik gabe».

Erraustegia gera dezaten saiatuko da GuraSOS: «Gure haurrak eta gu biziko gara horren inguruan. Osasunari kalte egiten dion azpiegitura bat hainbeste urtez etxetik gertu edukitzea oso kezkagarria da».

«Biodonostiarekin egindako akordioak ez du balio beldur handiagoa emateko baino»

Maialen Berridi Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea

Txingudiko erraustegiaren egitasmoarekin jarri zen martxan OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea: osasunean eragina izan zezakeela susmoa hartuta hasi zen lanean mediku talde bat. Eginda zeuden ikerketak aztertzen hasi ziren, Maialen Berridi mediku eta OEITko kideak azaldu duenez: «Nazioarteko datu zientifikoak aztertu genituen, zenbait datu basetan, eta zein ondorio jasotzen zituzten bildu». Orain, gauza bera egin dute, 2015aren amaiera bitartean eginiko ikerketekin: «Artikulu berriak joera berekoak dira».

OEIT 20-25 pertsonako taldea da, eta jendea informatzea dute helburu, «ikusita ez dela informazio askorik zabaltzen». Etenaren ostean, beldur ziren jendeak zein harrera egingo zien: «Gipuzkoan gai nahiko jorratua izan da: jendea erreta dago, edo aspertuta. Uste genuen ez zutela jaramonik egiteko gogorik izango, baina oso ondo hartu gaituzte». Egindako azterketen berri emateaz gain, erraustegia martxan jarriko dutenekin bildu nahi du OEITk: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta aldundiarekin. Astelehenean, hain zuzen, Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan ziren. Donostiako, Lasarteko, Urnietako eta Hernaniko udalekin ere bilduak dira.

Berridik esan duenez, saihetsezina da Gipuzkoan minbizi kasuak izatea, baina kopurua gehiago ez handitzeko modua litzateke erraustegia ez eraikitzea: «Saihestu daitezkeen minbiziak dira». Berridiren ustez, aldundiak Biodonostiarekin egindako akordioak lasaitzeko ez baizik «beldur handiagoa emateko baino ez du balio». Akordio horren arabera, Biodonostiak hiru azterketa epidemiologiko egingo ditu: bata, planta martxan jarri aurretik; bestea, martxan jarri eta urtebetera; eta azkena, bost urtera. OEITk esana du ikerketa lan horren metodologia ez dela zuzena. Erraustegiak osasunean eragiten ez duela argudiatzeko, bultzatzaileek maiz erabiltzen dute Zabalgarbiko (Alonsotegi, Bizkaia) plantaren inguruko txostena: «Oso ondo eginda dago txostena, baina hiru urteko tartea izan zuten aztergai: jakina zen ez zutela ezer aurkituko epe horretan». Erretzearekin parekatu du: «Hiru urtez tabakoa erre ostean gaixotasunik aurkitu ez dela esatea bezala da: arazoa da zer gertatzen den hamar edo hogei urtera».

Sinetsita dago posible dela erraustegia gelditzea. «Ez dugu nahi gure oinordekoentzat. Ez dugu nahi minbizi edo gaixotasun kasuak areagotzerik. Gipuzkoak ez du erraustegirik behar».

«Gipuzkoako gobernu aldaketarekin, denok pentsatu genuen: 'Hau egina dago'»

Juanmi Galatas Erraustegiaren Aurkako Mugimendua

Hainbat talde hartzen ditu barnean Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Txingudiko erraustegiaren egitasmotik dator haren jarduna, eta gaiak «gorabeherak» izan dituela dio Juanmi Galatasek. Azken urteetan, zero zabor taldeetan-eta aritu izan dira mugimenduko kideak, Zubietako erraustegia geratu ondotik: «2011 etorri zen, hauteskundeak: Gipuzkoako gobernu aldaketarekin, 'hau egina dago' pentsatu genuen denok». Urteetan «lozorroan» egon ostean, mugimendua «indartsu» dagoela dio Galatasek, «lasaitze» fase baten ostean: «Indarrak beste zerbaitetarako erabili genituen».

Informazioa zabaltzea eta mobilizazioak prestatzea dituzte ardatz. Bi mobilizazio handi antolatu dituzte maiatzerako. Hil hasieran, Gipuzkoa osoan 250.000 eskuorri inguru banatu zituzten ordu gutxiren buruan, seiehundik gora boluntariorekin. Etzi, Onkologikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza lotuko dituzte giza katean.

Galatasek salatu duenez, «ezkutuka» ari dira lanean aldundia eta GHK: «Oso lasai eta oso eroso ariko balira, gauzak beste era batera egingo lituzkete. Hau egina dagoela saldu nahi dute, ez daukala erremediorik, kosta ahala kosta aurrera doala». Baina, haren ustez, itxura baino ez da zentroa ustez hartzen ari den martxa: «Agian bosgarren martxa sartua izango dute, edo agian lehenengoan doaz, bosgarrenaren itxura eginez. 2008-2009 inguruan hala zebiltzan, eta ezin izan zuten inora ailegatu». Dena dela, herri mugimenduak gogor egin behar du lan, Galatasen ustez: «Badakigu ez daukagula denbora askorik, eta nahiko azkar jokatu behar dugula. Mobilizazio bat bestearen atzetik egin behar dugu: aurrera jo beharra dago, haiek beren aldetik, eta gu, guretik».

Erraustegia bigarrenez gelditzea ez du utopiatzat. «Ez diegu hasten ere utzi behar: proiektu absurdoa da», ohartarazi du. Erraustegiaren tamaina kritikatu du Galatasek: «2015ean 150.000 tona errefus sortu zen Gipuzkoan. Asmoa da TMB plantan errefus horretatik zerbait berreskuratzea. Hala, hasiera-hasieratik 100.000 tona errefus baldin badago, bi labeetatik bat sobran izango dute». Kritikatu du, era berean, erretzen dena erreta ere, «berdin-berdin» ordaindu beharko diotela zentroaren kudeatzaileari gipuzkoarrek. «Hainbeste aldiz aipatu duten zabor turismoa berriz piztuko da: Gipuzkoatik Kantabriara ez, alderantziz izango da».

«Gizartearen zati handi eta plural batera iristen ari gara, eta alderdiei eragiten die»

Julen Begiristain Ipar Haizea plataforma

Erraustegiaren aldeko mozio bat «inolako eztabaidarik gabe» onartzeak berriz piztu zuen erraustegiaren aurkako mugimendua Andoainen. Ipar Haizea plataformako kide Julen Begiristainek azaldu duenez, lehenagotik ere egon zen horren aurkako borroka; orain, lehen aritutakoak ez ezik, jende berria ere elkartu zaie. «Indartsu, gogotsu dago taldea: oso konprometituta ikusten dut jendea». Ez du uste lasaitze bat egon zenik 2013an, erraustegia gelditu zenean: «Denok ontzat eman genuen albistea, eta ez genuen ikusten arrisku hori berriro sor zitekeenik, ezta aldaketa politiko bat egongo balitz ere». Denborak, ordea, kontrakoa erakutsi du, eta uste du jende asko «alerta egoeran»jarri duela.

Zubietako erraustegia eraikiko balitz, Andoain «kaltetu zuzena» litzateke, Begiristainek ohartarazi duenez: «Bost kilometrotako eragin handiko eremuan dago, eta ohiko haizeak iparretik datoz: horrek esan nahi du erraustegiak kanporatuko lituzkeen dioxinak, metal pisutsuak eta abar zuzenean hona iritsiko liratekeela». Mobilizazioak eta informazioa zabaltzea dituzte ardatz, gainerako taldeen gisan. Begiristainen iritziz, «izugarrizko mugimendua» ari da sortzen azpiegituraren aurka, eta lan horrek fruituak emango ditu: «Haiek gehiengoa eduki arren, herri mugimendua lana asko eta ondo ari da egiten: gizartearen zati handi eta plural batera iristen ari gara, eta horrek alderdiei eragiten die zuzenean». Alde horretatik, «oso baikorra» dela dio, eta posible izango dela erraustegia bigarrenez gelditzea.

Begiristainen ustez, Gipuzkoak ez du erraustegirik behar: «Argi gelditu da azken urteetan herrietan gauzak ondo eta txukun eginez gero birziklatze tasa handiak lor daitezkeela eta, beraz, erraustegia ez dela behar». Debagoiena jarri du adibide gisa: «Oraintxe eredua da: %80 inguru birziklatzen dute hondakinak biltzeko sistema desberdinak konbinatuta». Hori Gipuzkoara hedatuko balitz, zabor kopurua asko jaitsiko litzateke, Begiristainen ustez, eta, beraz, erraustegiak ez luke zentzurik izango: «Ezetz dioten arren, kanpotik ekarri beharko dute zaborra Zubietan erretzeko, azkenean».

BERRIAn argitaratua (2016/05/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA