astekaria 2016/05/27
arrowItzuli

gizartea

Europa osoan bat eginda: eragiten

Arantxa Iraola

Europa osoan bat eginda: eragiten

«Proiektu honetan garrantzitsuena prozesua da: hizkuntza gutxituetako gizarte eragileak parte sentitzea». Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hilabeteak daramatza mezu horri atxikita. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak zer izan nahi duen Europako bazter askotan esplikatzea tokatu zaio, eta hizkuntza gutxituen alde diharduten erakunde askori azaldu die dokumentu hori osatzeko guztien hitza arras garrantzitsua dela.

1996an Bartzelonan Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala izenpetu zen, eta haren lorratzari atxikita zerbait berria egiteko premia ikusi zuen Kontseiluak Donostia 2016 egitasmoaren harira. Proiektu horrek ere hizkuntza aniztasuna jardunbideen ardatzetako bat izatea nahi zuen, eta horixe izan zen, hain justu, protokoloaren ernamuina: «Ja eskubideak zehaztuta zeudela, pentsatu genuen interesgarria zela zehaztea eskubide horiek bermatzeko zer neurri hartu behar diren; Kyoton klimarekin egin zen bezala», azaldu du Bilbaok. «Asmoa zen deklarazioa berpiztea, egikaritza praktikoarekin». Eta instituzioen esku normalean egon ohi den jarduna gizarte eragileen esku utzita. «Gizarte eragileok ez ditugu normalean protokoloak sortzen; estatuek sortzen dituzte». Aurkako norabidean jarduteari deritzote benetako berritasuna.

Ehun eragiletik gora

Horri lotuta, Euskal Herrian egitasmoa aurkezteko saio eta tailerrak egin dira, eta hizkuntza gutxituen arloko Europa osoko ehun gizarte eragilerekin baino gehiagorekin daude harremanetan: protokolorako ekarpen eske. Tokian tokiko errealitatearen arabera egoera aski ezberdinak daudenez, hainbat adierazle sartu dituzte, berezitasunei lekua egin ahal izateko. Lege babes handia eta hizkuntza komunitate trinkoak dauden tokietan protokoloak ezarriko dituen irizpide asko beteta egongo direla adierazi du Bilbaok, baina hizkuntza errealitate guztietarako balekoa izango den dokumentua nahi dutela. Eta erantzuna oso ona izaten ari dela esan du. «Harrera bikaina izan du, bereziki gurea baino egoera makurragoan dauden komunitateetan. Haientzat oso garrantzitsua da ikustea ariketa hau guztiak batera egitera goazela».

Behin ekarpenak bilduta, uda beteko lana izango dute. Ekainean, hain justu, talde antolatzailea ekarpenak bateratzen hasiko da. Irailean batzorde zientifikoa batuko da ekarpenak aztertu eta azken zuzenketak sartzeko. Urrian onartuko du talde antolatzaileak agiriaren azken bertsioa, eta, azkenik, abenduan Donostian aurkeztuko dute. «Orduan deus ez bukatzea espero dugu. Asmoa da dokumentuak nazioarteko aitortza lortzea». Ur handitan: «Hor hasiko da benetako maratoia».

BERRIAn argitaratua (2016/05/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA