astekaria 2016/05/27
arrowItzuli

mundua

Ehun urte estatu baten esperoan

Mikel Rodriguez

Ehun urte estatu baten esperoan

Ehunka herritarrek desfile berezi bat egin zuten duela astebete Arbilen, Iraken barreneko Kurdistan Eskualde Autonomoan. Kurdistango musika tradizionalaren doinuek lagunduta, arropa tradizionalekin jantzita eta bandera nazionalen artean Sykes-Picot idatzita zuten hilkutxa batzuk garraiatu zituzten. Duela ehun urte Mark Sykes Erresuma Batuko diplomazialariak eta George Picot Frantziakoak Ekialde Hurbila banatzeko egin zuten hitzarmena lurperatu nahi zuten manifestariek, eta, horrekin batera, independentziarako erreferenduma aldarrikatu. Kurdistanen eta kurduak bizi diren bertze herrialdeetan mendeurren hori oroitzeko egindako ekitaldi bat gehiago izan zen Arbilgoa, baina Irakeko eskualde autonomoan bertze lekuetan ez bezala egin du bat gertakari historikoak orainarekin, independentziaren aldeko mezuak nabarmen indartu baitira, herrialdearen zati horretako agintari gorenetik hasita. «Onartu beharko genuke herritartasunaren kontzeptua ez dela garatu, eta mugek jada ez dutela zentzurik. Erran nahi du Sykes-Picot gaindituta dagoela».

Massud Barzani Irakeko Kurdistan Eskualde Autonomoko presidenteak hilaren 16an egin zituen adierazpen horiek, Arbilgo ekitaldiaren bezperan. Maiatzaren 16a hartu izan da urteurren borobiltzat, egun horretan Edward Grey Erresuma Batuko Atzerri ministroak erantzun baitzion Paul Cambon Frantziak Londresen zuen enbaxadorearen eskutitzari, eta horrela hitzarmena itxitzat jotzen zuten. Maiatzaren 23an, atzoko egunarekin, Erresuma Batuak hitzarmeneko hirugarren alderdiari, Errusiari eman zion akordioaren berri, eta horrekin itxitzat jo ziren negoziazioak. Dena den, 1917ra arte ez zen deus jakin, Errusian boltxebikeek boterea hartu eta argitaratu zuten arte. Sykesek eta Picotek paperean marraztutako mugak ez ziren bere horretan inoiz ezarri, eta gaur egungo Ekialde Hurbila I. Mundu Gerraren ondorengo akordioek marraztu zuten, baina memoria kolektiboan indarrez atxiki da bi diplomazialariek ezkutuan hitzartutako mapa, han islatutako espiritua ezarri baitzen gero ere: Mendebaldeko potentzien arteko banaketa bat, bertako herriak kontuan hartu gabe.

2014a urte erabakigarria

«Indar azkarrek marraztu zituzten mugak, baina orain erran liteke suntsituta daudela, eta ailegatu da garaia errealitatea onartzeko», adierazi dio Barzanik Neue Zuricher Zeitung Suitzako egunkariari, atzo argitaratutako elkarrizketa batean. Dena den, Kurdistanen burujabetzaren aldekoak ez dira hitzarmen hura gainditu nahi duten bakarrak.

Arabiar nazionalistek ere bere garaian arbuiatu zuten Sykes-Picot, Otomandar Inperioaren aurka borrokatzeagatik Erresuma Batuak hitzeman zien estatu arabiar batu eta handi hura ez zelako ageri mapan. Estatu arabiar bakarraren tokian, hainbat estatu arabiar sortu ziren gerora, eta 2014an eragile batek kinka larrian paratu zituen haietako bi: «Sykes-Picoten mugak suntsitu ditugu», aldarrikatu zuen urte horretako ekainaren 10ean EI Estatu Islamikoak. Muturreko talde islamista sunitak ezustean Irakeko Mosul hiria konkistatu zuen egun horretan, Sirian inbadituta zeuzkan lurraldeetatik erasota. Sykes-Picot modako izena bihurtu zen.

Hain zuzen, Kurdistango Eskualde Autonomoak EIren eraso haren ondoren azkartu zuen independentziarako aldarrikapena. Pexmergek eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiak EIren lehenbiziko ekinaldia geldiarazi eta eskualde autonomoa segurtatu zuten, Irakeko Estatua hondoratzeko gertu zegoen bitartean. Orduan, Barzanik independentziarako erreferenduma paratu zuen mahai gainean.

2014ko uda hasieran geldiezina zirudien independentziarako grina hura abuztuan hoztu zen, AEBak zuzenean sartu zirenean EIren aurkako gerran. Kurdistan Eskualde Autonomoa Washingtonen ezinbertzeko aliatua zen EIren aurkako estrategian, baina AEBek motto nagusi bat errepikatu dute bi urteotan: Irakeko lurralde batasuna.

Erreferenduma, aurten

Bi urte geroago, gudu izugarrien ondoren, EIk Mosulen segitzen du, eta Bagdadeko gobernua krisi etengabean dago. Parlamentuko diputatu kurduek hiriburutik Kurdistanera alde egin zuten duela gutxi, krisiaren ondorioz. Testuinguru horretan, erreferendumaren aldeko mezua gogor berreskuratu du Barzanik. «Ezin da ebazpenik inposatu, eta erabaki oro erreferendum bidez onartu beharko da», erran dio Barzanik Neue Zuricher Zeitung-i. «Jainkoak hala nahi badu», erreferenduma aurten eginen dutela ziurtatu du eskualde autonomoko presidenteak. Munduko potentzia nagusien nahiak ere izanen du zerikusia, baina. Berriz ere, ehun urteren ondoren.

BERRIAn argitaratua (2016/05/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA