astekaria 2016/05/27
arrowItzuli

bizigiro

Zergatik ez jarri begia Londresen?

Urtzi Urkizu

Zergatik ez jarri begia Londresen? Urtzi Urkizu

Legegintzaldia joan da EITBren ereduaren inguruan inolako pausorik eman gabe —iazko ekainean ezohiko batzorde bat sortu zuten Eusko Legebiltzarrean, EITBren erreformaren oinarriak finkatzeko, baina ez da inoiz bildu—. Udazkeneko hauteskundeak etorri bitartean, eta ondoren ere, bada tarterik euskal irrati-telebista publikoaren etorkizuneko ereduaz eta orain arte lortutakoei buruz hausnartzeko. Bada garaia pentsatzeko nolako EITB nahi den. Bada unea ildo estrategikoen dokumentuan edo kontratu-programan ageri diren helburu batzuk bete ahal izateko zein mekanismo erabili behar diren eztabaidatzeko. Badago nora begiratu. Badago nondik ikasi.

Zaharkituta, baina hor da indarrean oraindik 1982ko ekainaren 2an argitaratutako EITBren Sorrera Legea. Testuaren hirugarren atalburuan jasotzen denez, Euskal Irrati-Telebista erakundearen jardute sailak hiru lirateke: administrazio kontseilua, herri-erakundeko elkarteen aholku batzordeak eta zuzendari nagusia. 2016. urtea: aholku batzorderik ez da inondik ageri. Administrazio kontseiluko batzordean Eusko Legebiltzarreko talde politikoek izendatutako ordezkariek agintzen dute. Legebiltzarrean , aldiz, kontrolerako batzorde bat bada —beste edozein batzorde bezalakoa—, bere dinamika propioarekin, eta EITBrekiko autonomoa. Besterik ez. Eta bitartean, urtez urte, kexu ugari daude EITBko albistegietako ildo editoriala oso lerrokatuta dagoelako unean uneko gobernuarekin, Jaurlaritzarekin.

Madrilera begiratzen du etengabe EITBk, edukietan eta ereduetan. Eta badira eredu gehiago, aztertzeko modukoak. BBCrena izan daiteke bat, orain dagoena edota etorriko dena. BBC Trust gobernu erakundea arduratzen da zerbitzu publikoaren kontrolaz eta arautzeaz. Erresuma Batuko Gobernuak aurkeztu duen Liburu Zuriaren arabera —hurrengo 11 urteetako BBC finkatuko du—, BBC Trust kendu nahi dute, eta barne kontseilu bat eratu. Baina irrati-telebista publikoa arautzeaz kanpoko erakunde bat arduratuko da, Ofcom izenekoa. Erakunde horrek sektore osoan ditu konpetentziak.

BBC liderra da irratian eta telebistan. Herritarrek tasa bat ordaintzen dute telebista ikusteko, eta ez dira horregatik kexu, zerbitzu publikoa bermatua dutelako. Aldaketekin, komunikazio taldearen independentzia areagotu nahi du gobernuak. Lortuko duen ala ez jakitea ezinezkoa da. Baina azkeneko hamarkadetan dezente gardenago jokatu du taldeari lotutako informazioetan ETBk baino. BBC arautzeaz eta kontrolatzeaz arduratzen diren erakundeek irrati-telebistaren independentzia bermatzearen alde egin dute urteotan. Nazioartean erreferentziazko produktuak ere saldu ditu taldeak. Londresek aurkeztutako Liburu Zuria, gainera, 192.000 herritarren, 300 erakunderen eta hainbat adituren bi txostenekin osatu dute. Prozesu parte-hartzaile hori ispilu gisa erabil daiteke.

Edo ez. Ez baitu derrigor Londresko ereduak denerako balio behar. Tokira egokituta, euskara eta euskal kultura aintzat hartuta hasi beharko bailitzateke erabakiak hartzen; Ramon Labaien zenaren helburuei jarraituz, alegia.

Erresuma Batukoaz gain, badira eredu gehiago begiratzeko modukoak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ikus-entzunezko kontseilu bat sortzeak ez lioke kalterik egingo EITBren bideari. Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluaren (CSA) eta Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluaren (CAC) funtzionatzeko eratik irakaspenak aprobetxatzea izan daiteke aukera bat. Kataluniakoak hedabide pribatu zein publikoen manipulazio informatiboa tentuz aztertu du azkenaldian. Euskal Herrian ez lirateke sobera izango halako ikerketak.

Iaz, proposamen bat egin zuen PSE-EEk, beste eredu eta beste egitura bat eskatuz. Kontseilu aholkulari bat proposatu zuen, talde politikoei baino gizarte zibileko beste eragile batzuei kide izateko aukera emanez. Otsailean, ikus-entzulearen babeslearen figura sortzea proposatu zuen EH Bilduk. Biak ala biak izan daitezke baliagarri eta osagarri.

EITBren zerbitzua eta independentzia hobetzeko aukerak badira; ereduak ez dira urrun. Horretarako borondatea baden, hor gakoa. Hor zalantza. Eta ahal bada, gehiago Londresera eta Bartzelonara begiratzea Madrilera baino.

BERRIAn argitaratua (2016/05/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA