astekaria 2016/05/27
arrowItzuli

gizartea

Adostasun handia, finantzaketan salbu

Garikoitz Goikoetxea

Adostasun handia, finantzaketan salbu

Finantzaketa. Aldatu egin behar da oraingo finantzaketa eredua, eta itunpekoaren finantzaketa handitu?



BAI

Ikastolen Elkartea. «Oinarria da euskal hezkuntza zerbitzu publikoa. Funts publikoz hornituriko ikastetxe guztiak egon behar dira hor. Helburuak betetzen dituzten ikastetxe guztiek eduki beharko lukete oinarrizko funtzionamendua eta doakotasuna ziurtatuko lukeen finantza trataera».

Kristau Eskola. «Itunpekoak ez dira finantzatzen behar adina. Publikoa edo itunpekoa, doako izan behar badu, baliabide gehiago jarri behar dira. Inori kendu gabe. Benetan doakoa izan behar badu, itun hobeak behar dira. Itunek gehienez %80 finantzatzen dute. Berrikusi behar da hori».

LAB. «Publiko-itunpeko eredua Espainiatik inposatutako eskema da. Euskal Herriak eredu propioa behar du. Badira bestelako ereduak. Baditugu eskola pribatuak eta ikastolak ere, eta hein handi batean zerbitzu publikoa ematen dute. Euskal publikotasunaren definizio berri bat behar dugu».

EZ

EHIGE. «Eskola publikoaren finantzaketa egonkortu eta handitu behar da. EAEko itunpeko ikastetxeak gainfinantzatuta daude. Ez dira gehiago finantzatu behar. Oraindik sare itunpekoak asko dauka egiteko behar desberdinak eskolatzen. Itunen araudiak behartzen ditu hori bermatzera».

BIHE. «Zalantzak ditut legean finantzaketa agertu behar den. Hori ez ote den ondorioa, eta ez irteerako exijentzia. Edozein herrik moduan, hezkuntza publiko sendo, indartsu eta berritzailea behar dugu. Itunpekoen eztabaidan sartu aurretik, interesgarriagoa da zer eredu publiko antolatzen dugun».

Sarean. «Hezkuntza publikoa da sistemaren ardatza. Itunpekoaren finantzaketa handitu? Ez. Gauza guztiak asetuta daudenean egongo dira beste modu batzuk. Diru iturri asko behar dira eskola publikoa behar duen lekuan egoteko».

ELA. «Europan, EAE inbertsio aldetik 28tik 26.a litzateke. Azalpenetako bat da sarearen erdia itunpekoa dela: lanordu gehiago, ratio handiagoak eta soldata txikiagoa. Aurrezte sistema izugarria. Inbertsioa eta finantzaketa handitu behar da. Eta, noski, lehentasuna publikoari eman behar zaio».

Steilas. «Zehaztuta daude itundua izateko betebeharrak: onarpena, kuotak... Ez dira betetzen, oro har. Itun unibertsalen hautua egin da, eta derrigorrezko ez diren aldiak ere sartu dira. Itundutako sareak pribilegiozko egoera du. Beste finantzaketa bide batzuk ere baditu. Berrikusi behar da».

CCOO. «Publikoa izan behar da ardatza, eta hori nabaritu behar da finantzaketan. Heziberrin, aktiboki kolaboratzen ari diren bazkideak Kristau Eskola eta Ikastolen Elkartea dira. Haien helburua finantzaketa aldatzea da. Publikoa da lehentasunezkoa, eta diferentzia behar da finantzaketan».

UGT. «Eskola publikoa babesten dugu. Behar dira pribatuak, baina babesa batez ere publikoan behar da. Publiko eta pribatuen arteko ikasle aldea handiagoa izan behar da. Laguntza eta balio handiagoa eman behar zaio publikoari».

EZ DU ARGITU

Sortzen. «Finantzaketa publikoa izan behar da, eta eskola, erabat doakoa. Hezkuntza osoan. Itunpeko historiarekin ez gara sartzen. Titulartasunaren izaera berritu behar da. Denon artean adostu behar dugu zer titulartasun behar den».

Hizkuntzak. Hiru ereduko sistemaren ordez, beste proposamen bat behar da?

BAI

EHIGE. «Ereduen sistema gainditu egin behar da. Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza plana izan behar du, ikasleak eta ingurua kontuan hartuta. Euskara izan behar da ikastetxeko hizkuntza, eta hor oinarrituta, bi hizkuntzak bermatzeaz gain, eleaniztasunera pausoak eman behar dira».

BIHE. «Gailendu behar ditugu hizkuntz ereduak, ikastetxeek antolatu behar dituzten hizkuntza proiektu sendoen bidetik. Legearekin errespetuz jokatu behar dute, baina, baita ere, egin behar dute euskal eskola publikoa XXI. mendeko konpetentzietan eta ikasleen perfilaren mesedetan jarri».

Sarean. «Beste diseinu batera joan behar dugu. Ereduen sistemak ez du bermatzen derrigorrezko ikasketak bukatzean bi hizkuntzak era komunikatiboan erabiltzea. Beste modu bateko trataera behar da, testuingurua kontuan izanda. Aprobetxatu behar dugu aurrerapauso bat emateko».

Sortzen. «Ikasle euskaldun eleaniztunak hezi behar ditu euskal eskola publikoak. Oinarria da Kontseiluarekin hezkuntza eragileok adostu genuen proposamena. Frogatzen ari gara egingarria dela. Eskolek autonomia izan beharko lukete beren egoeraren arabera proiektua moldatzeko».

Ikastolen Elkartea. «Euskaraz ardazturiko hezkuntza eleaniztuna behar dugu. Hizkuntzen trataera integratua eta integrala. Ikasleen irteera helburu zehatzak adierazi behar lirateke, Europako markoa erreferentzia izanik. Garrantzia ematen diogu ikastetxe bakoitzeko hizkuntza proiektuari».

Kristau Eskola. «Helburura jo behar da: euskara eta gaztelera maila berean lortzea derrigorrezko hezkuntzan. Aldaketa behar da hori lortzeko. Ereduak bai edo ez baino konplexuagoa da. Indarra eman behar zaio hizkuntz proiektuari».

ELA. «Ereduen sistema agortua dago. Derrigor gainditu behar dugu. Eskola ezinbestekoa da, baina hizkuntz politika integralak behar dira. Ikasle euskaldun eleaniztunak behar dira: euskara izan behar da ardatz, murgiltzearen bidez. Indartu behar da eskolako espazio informala eta handik kanpokoa».

LAB. «Ereduek goia jo dute. Ez dute euskalduntzea bermatzen. Proposamena izan behar da euskaldun eleaniztunak sortzeko eredu bakar bat, murgiltze eredua. Mahai gainean dago Kontseiluak osatua. Hortik jo beharko litzateke».

Steilas. «Ereduen sistemak onura baino gehiago kaltea dakar. Ezin dira dekretuz gainditu, Heziberrik planteatu bezala. Euskarari orduak kendu zaizkio ingelesaren mesedetan. Bertako hizkuntzen ikaskuntza bermaturik, atzerriko hizkuntzen erabilera funtzionalerako planteamendua dugu».

CCOO. «Ereduen sistema aldatu egin behar da. Ez bat lehenesteko, baizik zentroek, gutxieneko planteamenduarekin, ordutegia ezartzeko. Eskolek izan dezatela aukera, gutxieneko exijentzia betez, hizkuntza batzuk lehenesteko».

UGT. «Ereduak ezartzeko akordioa egon zen. Erraztu zuten aurrera egitea. Orain irakasleak euskaldunduta daude hein handi batean. Hobetzea, inposiziorik gabe, ondo dago. Lortu behar da adostasuna. Aztertzearekin ez gaude desados».

Autonomia. Ikastetxeen autonomia handitu behar da, baita edukietarako ere?

BAI

EHIGE. «Autonomian sakondu behar da. Behar ditugu proiektuarekin lotuta dauden irakasle egonkorrak. Erabaki garrantzitsuenak eskola kontseiluak hartzen ditu; hor ordezkatuta daude eskolako kide guztiak. Hor hartzen badira adostasunak, saihestu egiten du kudeatzailearen eredua».

BIHE. «Eskola publikoak ahalduntze bilakaera bat izan du zenbait ikastetxetan. Zenbat eta sakonagoa, orduan eta hertsiago gaude legeekin. Kontrol bat izan behar dugu, eta kontuak eman behar ditugu. Autonomia ez da nahi duguna egiteko, baizik eta komunitate bati egokiago erantzuteko».

Sarean. «Beste marko bat diseinatu beharko litzateke: marko orokorra egin, eta bakoitzak ahalmena izatea garatzeko. Baliabideekin ere zerikusi handia dauka. Lortu behar dugu marko bat non ikastetxe bakoitzak ahalmena izango duen bere proiektuak garatzeko inolako oztoporik gabe».

Sortzen. «Orain ez dugu inolako autonomiarik. Aipatzen da 1993ko legean, baina inoiz ez da gauzatu. Autonomia lotu behar da komunitatearen parte hartzearekin. Denok gara eskola, eta denon artean erabaki behar ditugu gauzak».

Ikastolen Elkartea. «Bakoitzak bere proiektua lantzeko aukera izan behar du. Zer eta nola ikasiko duten gure ikasleek, hori dago jokoan. Guk gurea eraiki behar dugu. Momentuz, curriculumeko arloa dekretuetan bakarrik dago, eta garrantzi handia du arlo hori legean agertzeak».

Kristau Eskola. «Marko bat behar dugu, curriculuma. Behin hori edukita, autonomia beharko genuke. Zentralismo gehiegi dago. Autonomia gehiago, bai, baina marko pedagogiko baten barnean. Adostua, eragile guztiok. Ahalegin hori izan zen Heziberrirena. Gero gerokoak izan dira».

ELA. «Ez da egon behar sistema zentralizatu bat, baina autonomiak tranpa bat ekar dezake. Ezin da izan eredu kudeatzailea garatzeko sistema bat. Enpresetako sistemak ezin ditugu sartu ikastetxeetan. Autonomia lotuta joan behar da demokratizazioarekin. Hor gabezia handiak daude».

LAB. «Ikastetxe bakoitzari utzi behar zaio bere hezkuntza proiektuaren diseinua, definizioa eta aplikazioa. Autonomia handiagoa, bai, baina Hezkuntza Sailak marra gorriak finkatu behar ditu, ikastetxeek elkarrekin izateko hainbat alderdi».

Steilas. «Autonomia kontzeptua oso labainkorra da. Autonomia curricularra beti defendatu dugu. Administrazioek kanpo ebaluazioen bidez goitik behera baldintzatzen dute hori. Bestetik, pertsonen kudeaketa dago. Zuzendaritzen eskumena. Tentu gehiagorekin ibili beharko genuke hor».

CCOO. «Nahi dugu administrazioak behingoz eskoletako proiektuei oztopoak ez jartzea. Orain barra librea da: administrazioak zabaldu ekinbideak, baina irizpiderik gabe. Administrazioaren makilak gero murriztu egiten du autonomia».

UGT. «Zentroen autonomiari buruz hitz egitea ondo dago. Baina badaude beldurra ematen diguten gai batzuk: irakasleen aukeraketa, adibidez. Orain bezala jarraitu behar du. Hezkuntza eragileok zaintzen dugu dena egoki joatea».

Lurdes Imaz EHIGE gurasoen elkartea

Josu Etxaburu BIHE institutuetako zuzendarien elkartea

Ines Dominguez Sarean Lehen Hezkuntzako zuzendarien elkartea

Bego Bitorika Sortzen

Koldo Tellitu Ikastolen Elkartea

Mikel Ormazabal Kristau Eskola

Xabi Irastoza ELA

Ruben Iglesias LAB

Aitor Idigoras Steilas

Pablo Garcia de Bikuña CCOO

Joseba Ander Muñoz UGT

BERRIAn argitaratua (2016/05/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA