astekaria 2016/05/27
arrowItzuli

gizartea

ESERTZEKO GARAIA

Garikoitz Goikoetxea

ESERTZEKO GARAIA

Tentsioa nabari da hezkuntzako eragileen artean azken hilabeteetan. Heziberri egitasmoaren jiran, hezkuntza lege bat egitea jarri zuen mahai gainean Eusko Jaurlaritzak, eta eragileen iritziak jasotzen aritu da azken hilabeteetan. Adostasun girorik ez dago, ordea. «Ez da bide erraza izango», ohartarazi zuen joan den astean bertan Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. «Interes kontrajarriak» sumatu ditu eragileen artean. Sare publikoaren eta itunpekoaren finantzaketan dago gatazka puntu nagusia. Hurbil dago ikasturte amaiera, oporrak datoz, eta bueltakoan azken hondarrean izango da legealdia. Gaia datorren agintaldirako geratuko da, beraz.

Eztabaida zabalik dago, halere. Ez da oraingoxea, gainera. Izatez, badu orain mende laurden inguru izandako eztabaiden tankera, ordutik aldaketa handiak izan diren arren. Euskal Eskola Publikoaren Legea egiteko prozesua abian zen —1993an onartu zuten—, eta ikastola batzuk sare publikora pasatu ziren. Sortzen elkarteak, adibidez, gaur du 25. urteurreneko festa, Hernanin (Gipuzkoa). Euskal eskola publiko berria aldarri hartuta sortu zuten, eta bidean Ikasbatuaz elkartu zitzaion, publikora igarotako ikastolek eratutakoa.

1993ko lege hura dago indarrean oraindik. Eskola publikoa du mintzagai. Kontua da ia ikasleen erdiak itunpeko sarean daudela, ez publikoan. 1993tik hona aldaketa handiak gertatu dira, gainera. Horiei erantzuteko helburuarekin jarri zuen mahai gainean legearen asmoa EAJren gobernuak. Izatez, hauteskunde programan gehiagok ere bazeramaten legea: PSE-EEk, adibidez, 20-25 bat urterako lege berria egin nahi zuen.

Jeltzaleek zehazki helburu hau azaldu zuten 2012ko programan: «Hezkuntzaren Euskal Lege bati buruzko adostasun politiko eta sozial zabala sustatzea». Ez zuten zehatz agindu legea egingo zutela. Ondoren, behin gobernua osatuta, Heziberri plana jarri zuten mahai gainean, eta hor aipatu zuten legea: «Euskal Hezkuntza Legerantz hurbiltzeko urratsak egitea». Bilerak izan ditu gobernuak eragile batzuekin aurreko hilabeteetan. Baina desadostasuna dago.

Sareen arteko dikotomian

Berpiztu egin da sare publikoaren eta itunpekoaren arteko dikotomia irudia. Orain bolada bat elkar hartuta ageri ziren eragile horietako gehientsuenak jendaurrean, LOMCEren kontra eta euskal hezkuntzaren alde. Orain, legeari buruzko elkarrizketak hasi direnean, erlazioa okertu egin da.

Migratzaileen seme-alaben harira egin dituzte kritika gogorrak sare publikoko eragileek itunpekoaren kontra: «segregazioa» aipatu dute. Datuak aztertuta, egia da desoreka dagoela: migratzaileen seme-alaben %70 sare publikoan daude eskolatuta. Badira hori baino diferentzia handiagoa daukaten lekuak ere. Gasteizen, esate baterako, plataforma bat osatu zuten martxoan, eta datu bat eman zuten: migratzaileen seme-alaben %85 eskola publikoetan daude hirian. «Itunpeko sarea, aldiz, aterpe bihurtzen ari da bertako erdiko maila edo goi mailako familia askorentzat». Hezkuntzako sindikatu guztiek babestu zuten taldea.

Matrikulazioari erreparatzen bazaio, egia da horrelako desorekak badaudela bi sareen artean. Ikasleen kopuru osoari begiratuta, parekatu antzean daude publikoa eta itunpekoa —goitik sare publikoa dago orain—. Baina alderaketa egiten bada migratzaileen seme-alabekin, behar berezia dutenekin edo laguntza behar dutenekin, ez da horrelako oreka ageri.

Txanponaren alde bat da hori, matrikulazioarena. Baliabideetan jarriz gero begia, desoreka nabari da hor ere. Itunpekoak baliabide publiko gutxiago ditu, nabarmen. Ikasle gehiago daude irakasle bakoitzeko, ikastaldeak handiagoak dira —batez beste, publikoan baino hiru ikasle gehiago daude gela bakoitzean itunpeko sarean—... Inbertsio publikoarena da diferentziaren adierazlerik handiena: publikoan, batez beste, ikasle bakoitzeko 9.175 euroko inbertsio publikoa dago; itunpekoan, 3.775 eurokoa. Bateko eta besteko langileen baldintzetan ere aldea dago.

Datuak dira horiek. Hortik aurrera, zenbakien interpretazioak eta argudioak. Matrikulazioaren argudioari heltzen diote publikoko eragileek: itunpekoa ez dela ari obligazioak betetzen. Itunpekoak finantzaketa du argudio: oraingo sistemarekin ezinezko duela benetako doakotasuna bermatzea, kuotak nahitaezko direla, eta horrek eragina duela matrikulazioan —migratzaileetan, esaterako—.

Idatzizko proposamen zehaztu bat Ikastolen Elkarteak jarri du mahai gainean. Igoera eskatu du finantzaketan —ikastetxe guztiek, publiko nahiz itunpeko, oinarrizko finantzaketa berbera izatea, eta oinarri hori gero osatzea eskola bakoitzaren beharren arabera—, eta matrikulazioan ere neurriak proposatu ditu: nagusia, ikastetxe guztiek «konpromisoa» hartzea, beren barrutiko matrikulazio tasaren arabera, behar bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko.

Hizkuntza ereduak gainditu

Desadostasun gutxiago dago eragileen artean hizkuntzen tratamenduari buruz. Hiru ereduen sistema gainditzearen aldeko aldarria nabarmena da. Hau da bakoitzaren egoera teorikoa: A ereduan, dena gaztelaniaz ematen dute, Euskara kenduta; B-n, erdi eta erdi daude euskara eta gaztelania; eta D-n, euskaraz da guztia, Gaztelania salbu. Nolanahi ere, marko teoriko hori nabarmen aldatu da azken urteetan: batetik, A eta B ereduetan euskara gehixeago txertatu dutelako, eta bestetik, ingelesak gero eta pisu handiagoa duelako hiru hizkuntz ereduetan.

Argigarri da matrikulazioa nola aldatu den aztertzea. 1986an, erdarazko irakaskuntza zen nagusi: lau ikasletik hiru A ereduan zeuden. Orain, ia hirutik bi euskaraz ari dira ikasten. Jaurlaritzak egin du iragarpen bat datozen hogei urteetarako: espero du D eredua gehiago gailenduko dela, %80tik gora. A eredua, berriz, %2ra ez litzateke helduko hogei urte barru.

Ebaluazio diagnostikoak izan ohi dira ikasleen euskara maila neurtzeko biderik ohikoena. Martxoan eman zituzten azken datuak: DBHko bigarren mailan, titulua lortzeko bi ikasturte falta zaizkielarik, gutxieneko mailara ez dira iristen ikasleen %46. Azken urteetako datu eskasena da. Alde handia dago eredu batetik bestera.

Murgiltze eredu baten aldekoak dira eragile gehienak, eta eskolek eredu horren barruan moldaketak egitearen aldekoak. Izatez, azken urteetan handitu egin da hizkuntza proiektua duten eskolen kopurua, eta Eusko Jaurlaritzak hobekuntza planean jaso du 2020rako guztietan egina beharko dutela proiektua. Marko orokorra zein ote den, hori da koska.

Heziberri proiektuko curriculum dekretuetan badira aipamen batzuk gai horri buruz. Besteak beste, diote eskoletako hizkuntza proiektuen helburuak zehaztean kontuan hartu beharko direla «ikasleen eta haien hezkuntza ingurunearen ezaugarri soziolinguistikoak». Steilas sindikatuak atal horren kontra jo du: euskararen normalizazioan «atzerapausoa» izango dela ohartarazi du, eta «lurraldea zonaka banatzea» ekarriko duela. Nafarroako zonifikazioarekin alderatu du, gainera.

Edukien inguruko eztabaidak ez du hainbesteko zeresana jarri oraingoz. LOMCErekin izan zen ika-mika, Madrilek zehazten baititu eduki nagusiak. Jaurlaritzak, Heziberriko dekretuetan, aldaketak egin zituen: hasierako proposamena oso zehaztua zen, eta bistakoa zen LOMCEren eragina; azkenean egindakoak zehaztugabeagoak dira, eta ikastetxeek autonomia handiagoa dute. Hor dago euskal curriculumaren gaia ere, eta eskola liburuena —gehienetan apenas ageri da Euskal Herria, EHUko Araka taldeak egindako azterketa baten arabera—.

Legea egitearen kontra ez da eragilerik agertu oraingoz, nahiz eta helburuekin badauden errezelo batzuk. Ohar egin dute eragile batzuek: legea ez da denaren soluzio. ELAk, esate baterako, dio oraindik ez direla erabat garatu hezkuntzako eskumenak, eta «merkatu eredua» hedatu dela. Asteon salatu du ratioak handituta 3.600 irakasle postu kendu dituela Jaurlaritzak 2009az geroztik.

BERRIAn argitaratua (2016/05/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA