astekaria 2016/05/27
arrowItzuli

bizigiro

SIM txartelari agur esaten hasteko ordua

Iker Tubia

SIM txartelari agur esaten hasteko ordua

Agur, agur betirako». Hala kantatzen zuen Exkixu taldeak, oraindik ere sakelako telefonoak zabaldu gabe zirenean eta jendeak SIM txartel bat zer zen ere ez zekienean. Orain, bai, orain aski ezaguna da txartel hori, mini, mikro eta nano ere izan daitekeena. Baina aurki ez da izanen. Dagoeneko hasia da betiko agur esateko prozesua. Etorkizun laburrean ez da SIM txartelik erabiliko, eSIM baizik.

Telefonia operadore batekin zerbitzua kontratatu ondoren, SIM txartela da harpidedunaren zerbitzuaren kodea biltzen duena. Sakelako telefonoetan erabiltzen delako dira ezagunak, baina, gauzen Internet zabaldu denetik, beste gailu batzuekin Internetera konektatzeko beharrezkoa da gisa horretako txartel bat izatea, wifi sare bat ez badago behinik behin. Garaturik dago eSIM teknologia; beraz, denbora gutxi barru, telefono adimendunek eta Internetera konektatzen ahal diren bestelako gailuek hori erabiliko dute.

Pieza txiki bat da, hardware pieza bat, txip baten antzekoa. Gailuan jarrita egonen denez, Internetera konektatzeko gaitasuna izanen du, operadore batekin kontratua egin ondoren betiere. Abantailetako bat zera da: zenbaki bakarrarekin hainbat gailu konektatzeko aukera ematen duela. Ezbairik gabe, eSIM delakoak iraultza ekarriko du sakelakoen munduan. Hasteko, operadoreen komertzializatzeko modua aldatuko duelako —ikusi beharko da operadoreek hainbeste denda mantenduko dituzten irekirik—, eta, bestetik, industria bera aldatuko duelako.

Egoitz Gonzalez informatikako ingeniari tekniko eta Android garatzailearen aburuz, gauzen Internet erabiltzeko erraztasuna izanen da abantaila nagusia. «Autoak ere txipa edukiko du; beraz, Internetera konektatzeko aukera izango dugu. Gaur egun ere aukera daukagu, baina SIM txartela behar dugu 3G konexioa izateko».

Ikusmira sortu duen beste abantaila bat sakelako berean hainbat operadorerekin aritzeko aukera da. Ezinen dira aldi berean erabili, baina banaka, bai. Horrek zalantzan jarri dezake roaming-a, hau da, operadoreek atzerrian kobratzen duten gehigarria. Izan ere, aukera emanen du tokian tokiko operadorearekin kontratu labur bat egiteko. Dena den, 2017an Europako Batasuneko herrialdeen artean ez da halakorik izanen, legez.

Tamaina ere ageri da abantailen artean. Geroz eta SIM txartel txikiagoak egin badira ere, eSIM delakoak ez du ia tokirik beharko. «Milimetro bat gutxiagoko borroka horretan dabiltzanentzat, nik ez diot garrantzi handirik ematen horri», dio Gonzalezek.

Baina, alde onekin batera, aldaketa guziek dakarte alde txarrik. Hori ez da hainbestetan aipatzen, ordea. Gonzalezek azaldu duen bezala, teknologiaren garapenean maiz ageri den pribatutasunaren kalterako izan daiteke. «Informazioa lainoan dago. Orduan, operadorez aldatzen baduzu, datuak lainotik hartu eta sakelakoan deskargatzen dira, baina lainoan daude, ez txartelean». Orain, datuak txartelean egonik, seguruago egon daitezke.

Bada kalterako izan daitekeen beste afera bat: eSIMekin errazagoa izanen da gailu bati segitzea. «Gailuaren parte da eSIMa; beraz, jarraipena egiteko bidea errazten du. Sakelakoa lapurtzen badizute, ondo, baina beste gauza batzuetarako ere erabili daiteke».

Azkenean amore eman dute

Orain arte, sakelakoen munduko konpainiek errezeloz begiratu diote eSIM teknologiari. Hala ere, gauzen Interneterako dituen abantailek bultzatu ditu haren aldeko apustua egitera. Adibidez, Expansion egunkari ekonomikoaren datuen arabera, 3G edo 4G konexiorako aukera ematen duten tableten %80 wifi sareetara baizik ez dira konektatzen.

Trantsizio bide hau konpainia nagusiek batera eginen dute. Europakoak dira horren alde egin duten gehienak. GSMA telekomunikazioetako operadoreen eta fabrikatzaileen patronalak badu teknologia hori erabiltzeko espezifikazio teknikoa. Lehenbiziko fase horretan gailu guzietarako teknologia dute prest, telefono adimendunentzat izan ezik. Hori bigarren faseari dagokio, eta, dirudienez, uda hondarrean abiatuko da prozesu hori.

Hala, 2016 hondarrerako merkatuan egon daitezke SIM txartelik gabeko sakelakoak, eta 2017an asko zabalduko direla dirudi. Orain, sakelakoen eta Internetera konektatzen diren gailuen munduko enpresek egoera berriari egokitzen jakin beharko dute. Baliteke telefono operadoreek hainbeste denda behar ez izatea, banaketa fisikoa zalantzan jarri baitezake. Baina, bestalde, geroz eta konplikatuagoa den teknologia ulertzeko laguntza beharko dute erabiltzaileek. Hor egon daiteke gakoa. Jadanik hasiko ziren horretan guztian pentsatzen. Etorkizuna ailegatu baita.

BERRIAn argitaratua (2016/05/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA