astekaria 2016/05/27
arrowItzuli

gizartea

Stoitxkoven izarra

Jose Mari Pastor

Stoitxkoven izarra Jose Mari Pastor

Zergatik debekatu dute bandera bat, izar bat duena? Eta zergatik ez zezena duen bandera? Horixe argudiatu du Hristo Stoitxkovek, Bartzelona futbol taldeko jokalari ohiak, biharko Espainiako Kopako finalean izardun senyera eramatea debekatzeko saioaren kontra.

Arriskutsua omen da estelada. Indarkeria eragin dezake. Horregatik debekatu nahi izan dute. Epaileak bandera eramatea baimendu du, azkenean. Ez dute zezena daraman bandera erakustea galaraziko, animalien eskubideen aldekoen haserrea eragiten duen arren. PPkoak gai dira estelada debekatzeko eta manifestazio neonazi bat onartzeko. Herri baten independentzia nahia gorpuzten duen ikurra kriminalizatzeko eta gizateriaren zati bat labean erre zutenen aldekoen agerraldiak onartzeko. Ez da harritzekoa Espainiako Barne ministerioak Guardia Zibilaren 172. urteurrena ospatzeko, talde (barkatu, institutu) armatua omentzeko egindako collage postalean halako argazki bat jarri izana: guardia zibilak okupatzaile naziekin berbetan, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Guardia zibilak legea betetzen ari omen ziren. Noren legea? Ez diezagutela esan Aragoiko Pirinioetan hiltzen zituztela makiak, eta Bidasoa aldean muga zeharkatzen laguntzen zietela erresistentziako kideei. Frankismo soziologikoa desagertzen ari da Espainian; frankismoaren hondar politikoak, ez. Sexu berekoei ezkontzen utziko diegu, baina nortasun nazionala libre aukeratzen, ez. Una, Grande y Libre.

Joan den astean ikurrinarekin izan ziren koplak, Suedian. Eurovisionen debekatutako banderen adibide gisa aukeratu zuten. Multzo horretan baziren beste ikur batzuk. Zer ez zen gertatuko, ikurrina barik, senyera, estaturik gabeko beste nazio baten bandera ofiziala, ipini izan balute Estatu Islamikoarenaren ondoan! Ban Ki-moon bera kexatuko zen NBEn. Zer egin dugu euskaldunok txingau bat ausartu dadin gu ordezkatzen gaituen bandera eta zibilez betetako hegazkin bat nahita botatzeko kapazak direnena elkartzeko? Zaindari suediarren manifestazioa besterik ez zen falta izan festan: «Espainola, bai, ikurrina ez; espainola bai, ikurrina ez!». Gero, sorry. Nork bermatzen digu egun batean polizia ezjakinen batek —egon badaude— ez duela ikurrina daraman herritar baten kontra egingo, ez dakit nongo zerrendan ikusi zuelako? Zenbat zezendun bandera kendu zituzten zaindariek Eurovisionen? Espainiako banderarekin lasai igo zaitezke Machu Picchura inken ondorengoek zu larrutu gabe; festibal batera ezin azaldu ikurrin bat eskuan, zure arbasoek suediarren kontra deus egin ez zuten arren. Historia garaileek idazten dute. Eta garaituek, irentsi.

Futbola eta politika. Eta ezjakintasuna. Stoitxkovi txartel gorria atera zioten partida batean. Aldageletarako bidean zihoala, epailearen ondora heldu zen jokalari bulgariarra, eta «agur» esan zion. Epaileak dena idatzi zuen aktan. Hitz hori zergatik erabili zuen galdetu zioten gero kazetariek Stoitxkovi. Gizon hura mespretxatzeko edo. «Bidaietan Bakerorekin konpartitzen dut logela. Hitz batzuk irakatsi dizkit euskaraz».

Futbola eta gizartea. Futbola eta sentimenduak. Kinielaren historia gogorarazten duten iragarkiak hedatu dituzte Espainiako telebistan. Horietako batean 50eko urteetako pasadizoa kontatzen du bikote batek. Garai haietako errepresio morala. Ezkongaiak ez ziren ausartzen jende aurrean musu ematera. Chamartin futbol zelaira joatea bururatu zitzaien hori lehen aldiz egiteko. Gentok-eta jokatzen zuten partida batera. Han, musu emango zioten elkarri. Milaka lagunen aurrean, beldur barik. Horretarako aukera izan behar, baina. Eta aukera bakarra gola zen. Norgehiagoka aurrera zihoan, eta golik ez. Neska-mutilak goibel. Partida hutsean amaituz gero, haiek ere hutsean etxera. Baina bukaera aldean, ezustean, Real Madrilen gola. Hura zoramena! Denak altxatu, eta oihuka hasi ziren, elkar besarkatzen. Haiek ere ziztu batean jaiki ziren. Eta une hartan bihotzean gatibu zuten musua askatu zuten ezpainetan.

BERRIAn argitaratua (2016/05/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA