astekaria 2016/05/27
arrowItzuli

gizartea

Erakarpena jomugan

Ekhi Erremundegi Beloki

Erakarpena jomugan

Tabakoaren kontrako borrokan pauso bat gehiago eman dute Europako herrialdeek, atzo indarrean sartu zen direktiba berriarekin. Tabako pakete guziak neurri berekoak izanen dira, osasun abisuek gutxienez kutxaren %65 beteko dute, eta zapore bereziko tabakoaren salmenta debekatzeari ere ekinen diote. Dena den, aldaketa ez da berehala ikusiko, 2017ko maiatzaren 20ra arteko epea izanen baitute tabako ekoizleek produktuak eraldatzeko.

Frantziako Gobernua, baina, urrunago joan da: tabako paketeei marka irudia kenduko die, eta marka guzientzako pakete generikoa inposatuko du. Gaurtik aitzina, orain arteko erreserbak ahituko dituzte tabako ekoizle eta saltzaileek; 2017ko urtarriletik at, tabako pakete generikoak baizik ez dira izanen.

Ingalaterran, Irlandan, Hungarian eta Eslovenian ere ezarriko dute pakete neutroa. Hego Euskal Herrian eta Espainian, elkarte anitzek eskatu badute ere, momentuz ez dute halakorik aurreikusi. «Munduan eztabaida handia dago, tabakoaren industria presio handia jartzen ari delako neurria aplika ez dadin», azaldu du Adelaida Lozano Polo CNPT Tabakismoaren Prebentziorako Espainiako Batzordeko presidenteordeak.

Tabakismoaren kontrako Frantziako elkarteak pozik agertu dira neurriarekin. «Gu arras alde gara, dispositibo horren interesari buruz mundu guzian zehar egin diren ikerketa anitzetan oinarrituta. Erakargarriak diren elementu guziak paketeen gainetik kendu eta osasun abisuak bakarrik atxikitzeak eragin handia izanen du», baieztatu du Emmanuelle Beguinot CNCT Tabakismoaren Kontrako Frantziako Batzordeko zuzendariak.

Iritzi berekoa da Karine Gallopel, marketin sozialeko irakaslea osasun publikoko goi mailako eskolan, Roazhonen (Rennes, Bretainia). Ikerketa andana egin du azken urteetan pakete neutroen eragina aztertzeko. «Tabako produktuen marketina hausten du. Frantzian bezala tabakoaren publizitatea egitea debekatua den lekuetan, tabako paketea bera publizitaterako tresna bilakatzen da. Badira pakete batzuk, adibidez, emazteentzat bereziki pentsatuak, ezpainetakoaren kutxatilaren forma dutenak, edo Che Guevararen aurpegia dakartenak... Lan erraldoia egiten dute marka irudia atxiki eta gazteak tabako kontsumora erakartzeko». Pakete neutroaren bidez, produktuaren erakarpena apaltzea da xedea.

Gazteak jomugan

Kutxa neutroa gazteei begira pentsatutako neurria da bereziki: erretzaileen kontsumoa apaltzea baino gehiago, erretzaile berririk ez sortzeko helburua du. Paketea, erretzaileari informazio jakin bat zabaltzeko tresna bezala definitzen du Gallopelek; adibidez, produktu batzuek beste batzuek baino arrisku gutxiago dutela sinetsarazteko. «Cheren irudia duen paketeak, erraterako, xede argia du: gazteak erretzera bultzatzea. Gauza bera da gustu bereziko paketeekin edo menda pastilla bat daramatenekin. Bereziki gazteei begira pentsatutako produktuak dira, eta aldi oro paketearen estetika araberan landua da. Azken finean, kutxa batzuek gehiago dirudite goxoki paketeak produktu arriskutsu batenak baino».

Unibertsitate irakasleak dioenez, alkoholarekin fenomeno berdina gertatu da: «Doktoretza ikasle bat ikerketa bat egiten ari da alkoholaren marketinari buruz eta bereziki kontsumitzeko gogoan nola eragiten duen. Antzekotasunak daude, bereziki emakumeei begira egiten den lanketari buruz. Pentsatzekoa da alkoholaren industriak tabakoarenetik ideiak bildu dituela».

2011n ikerketa bat eraman zuten Frantzian pakete neutroak izan lezakeen eragina aztertzeko. Ohiko kutxa batek eta kutxa neutroak jendearengan duen harrera neurtu zuten. Parte hartzaileen %66k adierazi zuten pakete neutroak «erosteko gogo gutxiago» ematen duela. Esperientziak ere eginak izan dira erretzaileei beren zigarretak pakete neutro batean atxikitzea proposatuz; oro har, erretzeari uzteko gogoa indartzen du, eta beren kontsumoa apaltzen da.

Tabako saltzaileak, kexu

Azken hamabost hilabeteetan mobilizazio andana egin dituzte tabako saltzaileek pakete neutroaren ezartzea salatzeko. Frantziako Gobernuari Europako zuzentaraua baino urrunago joan izana leporatu diote. «Guk eskatzen dugu Europan harmonizazio bat egoteko. Frantzia bakarra izanen da pakete neutroa merkaturatzen, eta prezio aldetik ere desoreka handiegiak daude herri batetik bestera», salatu du Patrick Raynal Tabako Saltzaileen Koordinazioko Ipar Euskal Herriko presidenteak. Donibane Lohizunen du tabako denda, Hego Euskal Herriko mugatik hurbil: «Badakigu zer gertatuko den, jende anitz mugaz beste aldera joanen da zigarretak erostera, ez dutelako horrelako paketerik nahi; kolore itsusiarekin, irudi bortitzekin, markarik gabe... prezioaren desorekak desabantaila handia ematen zigun jadanik, baina hor zinez kezkatuak gara».

Tabako saltzaileen eguneroko jarduna ere anitz zailduko dela dio Raynalek: «Produktu guziek itxura bera izanen dute; biziki zaila izanen da guretzat bereizketa egin eta salmahaia antolatzea; denbora anitz galduko dugu». Neurri berria sektorearekin elkarrizketarik izan gabe erabaki izana deitoratu du, halaber: «Lausotasun handia dago, gobernuak pakete neutroa inposatu digu, hori nola kudeatu azaldu gabe». Ororen buru merkatu beltza garatuko dela uste du: «Tabakismoa ez da apalduko tabako saltzaileak ezabatuz».

Australiako esperientzia

Australia izan zen pakete neutroa merkaturatzen lehena, 2011n. Halako kutxen aldekoek hango esperientziak azaltzen dituzte neurriaren eraginkortasuna frogatzeko. Eginak izan diren azterketetan ohartu dira bereziki gazteek ez dutela gehiago marken artean ezberdintasunik egiten; ez zaie gehiago marka bat bestea baino erakargarriago, ez eta arrisku gutxiagokoa ere. Beste joera bat ere antzeman dute Australian: erretzaileak beren paketeak ezkutatzen. «Gaur egun, Frantzian tabakoa biziki produktu arrunta da; erretzaileek beren paketeak edonon uzten dituzte eta, beraz, gazteek biziki produktu arrunta hautematen dute», azaldu du Gallopelek.

Tabako saltzaileen argumentuei erantzuteko ere Australiara jo du Beguinotek, CNCTko zuzendariak: «Australiako esperientziak erakusten du askoz ere errazagoa dela saltzaileentzat: markaren izena pakete gainean ageri da lehenago bezala, eta posible da, adibidez, ordena alfabetikoan sailkatzea, baina bereziki, marka anitz desagertzen dira, beraz, errazagoa da salmahai bat atxikitzea pakete neutroarekin».

Helmuga : debekua

1970ean, Frantziako biztanleen %70 erretzaileak ziren; egun, berriz, %33k erretzen dute. 70eko hamarkadatik izan den apaltze hori geldirik dago azken hamar urteetan, eta maila sozial apalekoen zein emakumeen artean kontsumoa igotzen ari da. Borondate politiko falta salatu du Gallopelek: «Prezio emendatzea eraginkorra izan dadin, gutxienez %10 igo behar da, eta erregularki emendatzea errepikatu. Azken hamar urteetan egin dituzten prezio igoerak %5-6 ingurukoak izan dira; helburua argiki estatuko kutxetara diru gehiago sartzea zen, ez tabako kontsumoa apaltzea».

Gaur egun, herrialde batzuetan tabako salmenta debekatzea eztabaidatzen ari dira. Erretzaile kopurua %10etik behera izanen denean aurreikusten dute debekatzea, erretzaile handienentzat laguntza bereziak ezartzearekin batera.

Neurriaren aldekoa litzateke Gallopel: «Egun gisa horretako produktu bat merkatura iritsiko balitz, ez lituzke sekula gaindituko osasun kontrolak; produktu arriskutsuegia da». Iritzi berekoa da Eliane Herran Baionako ospitaleko adiktologoa. Hala ere, oraindik ezinezkoa ikusten du Frantzian debekuaren gisako neurri bat hartzea: «Nikotinaren adikzio indarra heroinarena baino handiagoa da. Heroinak hamabi segundo behar ditu burumuinera iristeko, nikotinak hamarretik behera. Egun batetik bestera tabakoa debekatzea biztanleriaren heren bat droga faltan uztea litzateke, horrek dituen ondorio guziekin».

BERRIAn argitaratua (2016/05/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA