astekaria 2016/05/20
arrowItzuli

ekonomia

JAIME CABEZA

«Langileen sexua kontuan izaten da ituna negoziatzean»

Lander Muñagorri Garmendia

«Langileen sexua kontuan izaten da ituna negoziatzean»

Enpresetan berdintasuna sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu berri dute Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak. Enpresetako sexu bereizketaren inguruko jardunaldi batzuen baitan eman zuten akordioaren berri, eta hor hitz egin zuen Jaime Cabeza Vigoko Unibertsitateko Lan Zuzenbideko katedradunak. Lan harremanetan bereizketa sistematikoa dela ziurtatu du.

Iraultza isilaz hitz egiten dute askok gaur egun. Halakorik gertatzen ari da lan munduan?

Ez dut uste halakorik gertatzen ari denik, eta datuak argiak dira. Soldata arteko aldea handia da gizon eta emakumeen artean, emakumeek lanbide heziketan sartzea zailagoa dute, amatasuna arazo bat da gaur egun, estereotipoek hor diraute... Urteak daramatzagu horren aurka borrokan, baina ez gara gai izan egoera aldatzeko.

Esan duzu soldatetan gertatzen dela diskriminazio handiena. Zertan oinarritzen da?

Gizarte honetan, emakumeentzako eta gizonentzako lanak daude. Etxeko edo zaintza lanak emakumeentzat pentsatuta daude, eta, ondorioz, soldata txikiagoak dauzkate. Hitzarmen bat negoziatu behar denean, langilearen sexua kontuan izaten da, eta horrek ondorio handiak eragiten ditu. Zergatik da bulegoetako ituna apalagoa? Idazkarien ituna delako, argi eta garbi esanda.

Eta horri zeharkako diskriminazio deitzen zaio...

Zuzena edo zeharkakoa, berdin zait. Niri azken emaitzak axola dit, eta bereizketa bat eragiten duen bitartean diskriminazioa izango da, beste inolako izenondorik gabe.

Zuk diozu soldaten osagarrietatik ere hasten dela bereizketa, osagarriaren beraren arrazoiari begiratuta.

Pentsa dezagun lekuz aldatzea eskatzen duen lan batean. Zergatik ordaintzen da 0,35 euro kilometroko? Hor, soldata bat igotzen ari zara, gastua baino handiagoa delako ordaintzen dena. Lan maskulinoa edo femeninoa da hori? Gehienetan gizonak izaten dira. Kate ekoizpeneko langileek, edo paketatzaile lana egiten dutenek ezberdin kobratzen dute. Katean daudenek gehiago kobratzen dute indar handiagoa behar dutelako, baina paketatzaileak zehaztasuna eskatzen du, eta hori ez da kontuan hartzen. Soldata asko merkatuak zehazten ditu, baina merkatua ez da zientzia zehatz bat; erabakien atzean, erabakiak hartzen dituen norbait dago.

Askotan esaten da gizonezkoak gehiengo diren sektoreetara sartu behar dutela emakumeek, baina gutxik hitz egiten dute alderantzizko bideaz.

Badaude horretarako ekimen batzuk. Europa iparraldean, esaterako, saialdi bat egin zuten gizonak haurtzaindegietan sartzeko. Baina helburua ez zen gizonen presentzia areagotzea, soldatak igotzea baizik. Bazekiten gizonak haurtzaindegietan sartuz gero soldata igoko zirela. Ironikoa dirudi, baina egia da.

Zergatik gertatzen da hori? Lan hitzarmenak negoziatzen diren mahaietan emakumeak falta direlako?

Izan daiteke, bai. Sindikatuek eta patronalak osatzen dituzte negoziazio mahaiak. Kide horien artean emakumeak badaude, baina ez dute beti errealitatea bere hartan ordezkatzen. Hau da, emakumeen presentzia mahaian berez dauden langileena baina murritzagoa izaten da.

Bereizketa lan itunetan bertan hasten dela esan duzu, batez ere itun probintzialetan. Zergatik?

Lan itun probintzialak direlako zaharrenak, eta berritzen diren aldi bakoitzeko xehetasun batzuk berritzen direlako, eta ez delako berrikuspen orokorrik egiten. Haietan biltzen dituzten baldintza asko gaur egun gaindituta daude, baina idatzita segitzen dute. Esaterako, lisatzaile emakumeek ezin dute gaueko txandarik egin. Egoera hori gaindituta dago, baina ituna berritzen den aldiro baldintza hori itunean geratzen da.

Baina hori itun askorekin gertatzen da.

Bai, baina erkidegoetakoak berriagoak dira, eta estatukoek antzinatasun bera izan dezaketen arren, teknikoki hobeki eginda daude.

Zer egin daiteke gizonak nagusi diren sektoreetan emakumeen presentzia handitzeko?

Kuoten sistema hor dago, baita ekintza positiboak saritzearen aukera ere. Baina nolanahi ere, berdintasuna lanbide heziketatik bultzatu beharko litzateke, edo hautaketa prozesuetatik. Lanbide heziketan emakume eta gizonen araberako prototipoak sortzen badituzte, horren araberako merkatua sortuko da. Horregatik, helburua da enpresak saritu behar ez izatea.

Baina lanaren araberako sexu bereizketa hori sozialki ere onartzen da.

Hala da. Esaterako, gorbata bat erostera banoa, gizonezkoentzako arropa dendetan ez dago emakumerik. Zergatik? Ez dagoelako hautagairik, edo ez delako kontratatzen? Hautagairik ez badago, galdetu beharko da zergatik den horrela. Baina egia da estereotipoak oso eraginkorrak direla, eta oso onartuta daudela. Osasun zentro batean erizaina gizonezkoa izatea gaizki ikusten baldin bada, ospitale pribatu batean ez dute gizonik hartuko. Horren inguruan tolerantzia maila oso handia dugu. Ohitura batzuek estereotipoak egonkortzea dakarte.

Hau da, diskurtsoa aldatu dela baina oinarria ez dela aldatu.

Oinarria ez da ezer aldatu. Are gehiago: hedabideek, teknologiak edo modak sexismoa indartu egin dute. Horregatik, gehiago salatu behar da, iraultza isilaren inguruko diskurtso hori interesatua delako. Interesatua, eta errealitatearekin zerikusi txikia duena. Konplazienteak gara. Gizarte baztertzaile batean bizi gara, eta, hala hartzen ez badugu, ez dugu ezer lortuko. Lan esparruan, eta gainerako guztietan ere berdin.

BERRIAn argitaratua (2016/05/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA