astekaria 2015/10/23
arrowItzuli

politika

Lana eraginkor bilaka dadin

Gotzon Hermosilla

Lana eraginkor bilaka dadin

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak «eragin positiboa» izan du gizarte zibila antolatu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko diskurtsoa hedatzeko langintzan. Plataformako kideek uste duten baino handiagoa da eragin hori. Eta, hala ere, oraindik baditu aurrean gainditu beharreko erronkak, darabiltzan kontzeptuak argitzeari, aniztasuna zaintzeari eta eragina Euskal Herriko lurralde guztietara hedatzeari dagozkionak.

Horiexek dira Scensei ikerketa taldeak eta AEBetako Columbia unibertsitateak GED Gure Esku Dago-ren eskariz egindako ikerketaren ondorio nagusiak. Metodologiari dagokionez, hainbat tresna baliatu ditu ikerketa taldeak euskal gizarteak GEDren lanaz duen pertzepzioa neurtu eta plataformak aurrera begirako lanean dituen ahulguneak eta erronkak detektatzeko. Elkarrizketa sorta bat egin dute plataformaren lana ondo ezagutzen duten hainbat eragilerekin, sare sozialetan eta gizarte hedabideetan GED eta erabakitzeko eskubidearen inguruko mezu eta informazioak aztertu dituzte, eta sarean inkesta txiki bat ere egin dute.

LORPENAK

Ikerketaren egileen aburuz, GED-k «aberastu» egin du autodeterminazioari buruzko eztabaida. «Lantzen duen ikuspegia prozesuari lotuta dago, malgua da eta demokrazian sakontzeko beharra azpimarratzen du», esan dute hitzez hitz. Terminologiaren arloan «erabakitzeko eskubidea» kontzeptuari indarra ematean asmatu egin duela uste dute adituek. Haien ustez, autodeterminazio eskubidea terminoa konnotazio politiko argiak ditu jende askorentzat; horren ordez, «erabakitzeko eskubidea» erabiltzea eskubide horren izaera demokratikoa nabarmentzen du, aurreiritziak gainditzeko balio izan du eta «freskotasuna» ekarri dio eztabaidari.

Gizarte zibiletik sorturiko mugimendua izatea eta indarra herritarrengan jartzea ere lorpen handitzat jotzen dute ikerketaren egileek: «Bere ahaleginak balizko estatus politikoaren aukera zehatz bat lortzera bideratu beharrean, GED-k pertsonak aktibatu nahi ditu erabakitzeko eskubidearen alde egin dezaten. Bere helburuaren izaera irekiak eta emaitza jakin bat bilatu ez izanak askotariko herritarrak parte hartzera bultza ditzake».

Herritarren artean egindako langintza horretan, borondateak batzea eta adostasun puntuak bilatzea izan da GEDren lehentasuna: azkenengo kanpainan josi ideiaren inguruan hezurmamitu zuten eginkizuna.

Horri ere egoki irizten diote adituek, are gehiago kontuan hartuta iragan hurbilean gatazka eta konfrontazioa izan direla jarduera politikoaren ezaugarri nagusiak. Ikerketan elkarrizketatuetako askok nabarmendu dute «etengabeko konfrontazioan oinarritutako politika ereduarekin» nekatuta zeudela, eta «jende asko prest» dagoela «elkarrekin batzen dituen gai eta auziei ekiteko».

Beraz, oro har, positiboa da Scensei ikerketa taldeak eta AEBetako Columbia unibertsitateak GED Gure Esku Dago-ren jardueraz egiten duten balorazioa. «Berak uste baino hobeto kudeatzen du bere agenda», nabarmendu dute txostenaren ondorioetan.

AHULGUNEAK

Aipatutako lorpenekin batera, hainbat ahulgune ere detektatu dituzte ikerketaren egileek. Horietako bat da GEDren «aniztasunaren» inguruan gizartearen sektore batek duen pertzepzioa. Elkarrizketatuetako batzuek nabarmendu dute GEDk ez duela lortu euskal gizarte eta sektore guztietara heltzea, eta oraindik badagoela GED eta ezker abertzalearen arteko lotura ikusten duenik. Plataformak lortutako «inklusio mailari» buruzko zalantza hori da, adituen ustez, GEDren jardueraz dagoen «desadostasun nagusia eta ia bakarra».

Beste ahulgune batzuk ere agertzen dira txostenean. Esaterako, lurraldeen arabera, GEDk ez du lortu Euskal Herriko lurralde guztietara modu homogeneoan hedatzea, eta txostenean aipatzen dira bereziki Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian dituen gabeziak.

Mezuari dagokionez, txostenean nabarmentzen da GEDk lortu duela autodeterminazioari buruzko diskurtsoa «biziberritzea» eta jende gehiagorengana iristea, baina darabilen mezuari «lausoegia» irizten diote. Elkarrizketatuetako batzuek adierazi dute euren ustez «anbiguotasun handiegia» erabiltzen duela Gure Esku Dagok zenbait gairen inguruan, eta «argiago» azaldu beharko lukeela bere jarrera.

GOMENDIOAK

Plataformaren jarduera eraginkorrago bilakatze aldera, hainbat aholku ematen dizkiote ikerketaren egileek Gure Esku Dago-ri txostenean. Eta gomendio nagusiak zerikusia du detektatutako ahulguneetako batekin: adituen ustez, GEDk «sakondu behar du bere ideietan, eta argitu bere mezua, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea gauzatzea lortzeko».

Horretarako, adituek balio handia ematen diote erabakitzeko eskubidea kontzeptuari, «autodeterminazioak baino konnotazio gutxiago» duelako eta «malguagoa» delako. Garrantzitsutzat jotzen dute GEDk argi uztea bere lana erabakitzeko eskubidearen aldekoa dela, eta ez eskubide hori gauzatzearen ondorioz herritarrek har dezaketen hautu zehatz baten aldekoa.

GEDk antolatzen dituen «mobilizazio ekintza jendetsuetan ere «mezuak galtzeko edo gaizki ulertuak izateko» arriskua ikusten dute adituek, eta horietan ere mezu argia gizarteratzeko ahalegina egiteko eskatzen dute.

Era berean, «gatazkak kutsatutako giroak eztabaia baldintzatu» egiten duela ohartarazten dute adituek, eta, hortaz, egoki irizten diote «konfiantza» sortuko duen diskurtso eta mezuak garatzeari.

Kataluniaren, Eskoziaren eta Quebecen inguruko aipamenak «indartsuak» direla esaten dute ikerketaren egileek. Txostenaren sarreran ere, Katalunian eta Eskozian zabaldu diren «aukera politiko berriak» aipatzen dituzte, Gure Esku Dago-ren sorreran zerikusia izan duten faktoreak zerrendatzen dituztenean.

Nolanahi ere, horretan ez gelditzeko aholkatzen dute adituek, eta «euskal historiaren berezitasunak aintzat hartzeko» eskatzen dute, «Euskal Herriko gaurko egoerak eskaintzen dituen indarguneak eta erronkak» azaltzeaz batera.

Azkenik, GEDk «jendearen artean bere burua gehiago ezagutarazteko ahalegina egitea» ere aholkatzen dute Scensei ikerketa taldeko eta AEBetako Columbia unibertsitateko ikerlariek.

Horrela laburbiltzen dute ikerketaren egileek euren ondorioak: «GEDren eragina eta eraginkortasuna areagotu, liteke baldin eta lortuko balu erabakitzeko eskubidearen eztabaidan oinarrizkoak diren zenbait gairen inguruan bere jarrera argitzea, lehentasuna emango balio bere barne aniztasuna ahalik eta gehien zabaltzeari eta Euskal Herriko eremu geografiko eta sozial ahalik eta gehienetara heltzeari, bere mezuari egokitutako jarduna ezartzea lortuko balu, eta beste erakunde eta alderdi politikoekiko independentzia bermatzen jarraituko balu».

BERRIAn argitaratua (2015/10/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA