astekaria 2016/05/20
arrowItzuli

kirola

Itzaleko 'korrikalariak'

Unai Ugartemendia

Itzaleko 'korrikalariak'

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren hamabosgarren ekitaldia izango da aurtengoa. Urtero-urtero, munduko mendi korrikalaririk onenak biltzen ditu Goierriko herri txikiak, bere mendietan barrena. Horiek zaintzeko lanetan, berriz, ia-ia beste hainbeste boluntario ibiltzen dira —ia-ia 450—, batzuk urte osoan, eta gehienak, aurreko egunetan zein lasterketa egunean bertan. Batzuk, sare sozialak zaintzen; beste batzuk, ibilbidearen joan-etorrian, eta gehiengo handi bat, lasterketaren asteburuan izaten diren lanetan.

«Nik aurretik aitaren eredua nuen etxean», Maialen Arizkorreta zegamarraren esanetan. Aita boluntarioa zen. «2007an kanpotik zetozen lasterkariekin ingelesez hitz egiteko jendea behar zuten, eta, nik banekienez, horretan hasi nintzen». Ardura aldatu du, ordea: «Orain sare sozialak kudeatzen ditut urte osoan».

Lasterketa sona handia hartuz zihoan neurrian «jendearen beharra zegoenez, gu ere horrela hasi ginen lanean, gaur arte». Axun Etxegia goizuetarraren hitzak dira.

Denetik egin du Izaskun Igoa zegamarrak: «Lehen urteetan, Sancti Spiritura joaten ginen elastikoak saltzera. Gerora, herrian gelditu izan gara, anoa postuetan. Turismo bulegokoek saltzen dituzte elastikoak».

Ramon Malkorra tolosarrak du guztien artean eskarmentu handien. Hainbat lan egiten ditu. Korrika ere egin zuen, lehen urteetan. «Ia beti Aizkorriko gainean egon izan naiz. Lasterketa barruan azken lasterkarien atzetik ere ibili naiz, itxiera kontroletan. Ekitaldi guztietan parte hartu dut, korrika edo boluntario lanetan».

Gazte-gaztetatik hasi ziren boluntario lanetan Uxue Alberdi eta Oihana Arizkorreta zegamarrak. «Txikiak ginela, gurasoekin, Sancti Spiritura joaten ginen lasterketa ikustera. Azken bost urteetan, berriz, lasterketaren bezperako bileraren ondoren, txakolina zerbitzatzen dugu; lasterketaren egunean, aurrena kontsignan egoten gara, eta gero, helmugan, lasterketa amaitu duten lasterkariei edariak banatzen».

Guztiek musu truk egiten dute lan. Maialen Arizkorretak urte osoan. «Orain bi urte, sare sozialak eta posta elektronikoa kudeatzen hasi nintzen». «Ia egunero begiratu behar izaten dut, ea zerbait iritsi den. Lasterketa gerturatzen den neurrian, lana pilatuz joaten da».

Asteburu osoa lanean

Asteburu gogorra izaten da lasterketakoa. Larunbatetik martxan jarri behar izaten dute gehienek: dortsalak banatu; arratsaldean, batzuek txakolina zerbitzatu; edalontziak garbitu... Lasterkariak zaindu behar dira, baina baita boluntarioak ere. «Lasterketa egunean, 06:00etan jada elkartean lanean hasten gara herrian gelditzen diren boluntarioentzat ogitartekoak prestatzen», azaldu du Axun Etxegiak.

Lasterketaren hasiera ikusi eta gero, «zuloa» deitzen duten lekura abiatzen dira: gizonezkoen dutxetara. «Gure jarduna 19:00etan amaitzen da», Etxegiaren esanetan.

Antzeko lana egiten du Izaskun Igoak ere. Lana ez, lanak: «Aste barruan lasterkariei banatuko zaizkien poltsak bete behar izaten ditugu, baita dortsalen zerrendak osatu ere». Igandean juniorrek eta emakumeek erabiltzen dituzten aldageletan izaten da.

Oihana Arizkorreta gaztea da, baina denetarik egin du: dortsalak banatu, sagardoa zerbitzatu, ogitartekoak prestatu, txipak kendu, baita bidegurutzeak kontrolatu ere.

Malkorraren lana ezberdina da, ibilbideari lotuagoa: «Aurreko asteetan ibilbidea aztertzen aritzen naiz, inolako arazorik ez egoteko. Gero, lasterketaren aurreko asteburuan, anoa postuetan izango den ura eta janaria igotzen ditugu mendira. Saiatzen gara lasterkariak ere lan horretan murgiltzen. Bestalde, lasterketa bezperan, ibilbide osoa berriz aztertu behar izaten da lasterketako epaileekin».

Aizkorriko anoa postuko edariak eta janariak lasterketaren aurreko asteburuan igotzen dituzte. Horretarako deialdia egiten dute, eta urtero elkartzen da lantalde polit bat laguntzeko. Urte batzuetan, goi mailako lasterkariak ere izan dituzte laguntzaile: Uxue Fraile, Javi Dominguez, Felipe Artigue...

Malkorraren beste betebeharretariko bat korrikalariek eta ikusleek mendian uzten dituzten hondakinak jasotzea izaten da: «Ibilbide guztia aztertzen dugu berriro. Denetik aurkitu izan dugu ibilbidean zehar. Guretzat oso garrantzitsua izaten da mendia ondo zaintzea».

Lan faltarik ez da izaten lasterketaren asteburuko hiru egunetan. Iaz, gainera, kilometro bertikala ere jokatzen hasi ziren ostiralean bertan.

Aldaketa batzuk ere izaten dira urtetik urtera. Kontsignan, esaterako. «Lehen dena leku berean uzten genuen», Etxegiaren hitzetan, «baina, orain, nahi duenak gero dutxatuko den lekuan bertan har dezake bere poltsa, eta lasterkariek asko eskertzen dute hori».

Korrikalarien esker ona

Elkarrizketatutako sei boluntarioek hamarna urte daramatzate gutxi gorabehera boluntario lanetan. Askotan oso gutxi eskertzen den lana izaten da boluntarioena. Ez da Zegama-Aizkorriko boluntarioen kasua.

Detaile bat: «Herrian gelditzen garen boluntarioontzako ia 400 ogitarteko prestatzen ditugu, eta askotan sobratu egiten dira», kontatu du Etxegiak. «Tortillak zatitu gabe uzten dira, eta dutxetara eramaten ditugu. Azken korrikalarientzako gordetzen ditugu, eta benetan ikustekoa izaten da nolako eskertza jasotzen dugun. Angulak balira bezala!».

Lasterketa handien sekretuetako bat boluntarioen laguntza izaten da. Gustuko duten unea lasterkariak dutxatik lasai-lasai ateratzen direnekoa da. «Polita izaten da. Jada lasai daude, lana amaitu duten sentsazioa izaten dute, eta sortzen diren elkarrizketak oso atseginak izaten dira», Igoaren iritziz.

Munduko lasterketa onena izatearen ohorea ere badu Zegama-Aizkorrik, eta horren zati bat ere beretzat dute boluntarioek. Mendi lasterkarien artean erreferentzia bihurtu da jada Zegama herria, guztiek ezagutzen dute eta guztiek dakite non dagoen. Lasterketak herriari zer eman dion galdetuta, Uxue Alberdik nabarmendu du «ikaragarria» dela herria hiru egunetan nola eraldatzen den. «Egun horietan herria gainezka ikustea oso polita da. Nik uste dena eman diola lasterketak».

Onura asko ekarri dizkio lasterketak herriari. «Urte osoan, edozein asteburutan, kanpoko jende asko etortzen da ibilbidea ikustera, eta hori herriarentzat ona da, dudarik gabe», gehitu du Oihana Arizkorretak.

Azken urteetan munduko mendi lasterkari onenak elkartu dira Zegaman. Munduko Kopako proba izateak eta tartean Europako Txapelketa jokatu izanak ere asko lagundu du horretan. Boluntarioen artean ere iritzi ezberdinak daude munduko mendi lasterkari onenek zergatik Zegama-Aizkorrin parte hartzen duten galdetzean.

Era guztietako iritziak eman dituzte. «Lasterketa berezia delako eta hasieratik jende andana biltzen zelako mendian barrena», esan du aurrena Izaskun Igoak. Maitane Arizkorretaren iritziz, berriz, «lehen txirrindularitzarekin gertatzen den antzekoa gertatzen da Zegaman ere, eta jendeak nahiago ditu lasterkariak oso gertutik ikusi, herrian gelditzea baino, eta hori lasterkariek asko estimatzen dute».

Zaleen bultzada

Ramon Malkorrak berretsi du Arizkorretaren iritzia. Malkorrak badaki zer den Zegama-Aizkorrin parte hartzea. Euskal Herritik kanpo ere asko ibilitakoa da. «Lasterketa pila bat daude gaur egun, baina Zegaman beste ez zaituzte ikusleek inon animatzen eta bultzatzen».

Goierriko herriak 1.500 biztanle inguru ditu. Boluntarioak ia 450 dira, horietatik 343 Zegamakoak bertakoak. Herriaren ia-ia laurdena. Boluntarioen multzoa ere herri ezberdinetatik joandako jendeak osatzen du: Seguratik, Oñatitik, Beasaindik, Idiazabaldik... Aurten hil direlako faltako diren hiru gogoan dituzte: Juanjo Berasategi, Migel Mari Mendizabal eta Jabier Otaegi.

Boluntarioen arteko giro onak urtean behin ibilbidea bi egunetan egiteko aukera ere sortu zuen. Iraileko lehen asteburuan izaten da. Irteera, lasterketaren moduan, 09:00etan izaten da, eta lehen egunean Urbiara arte joaten dira lasai-lasai. Bertan lo egiten dute, eta eguerdirako berriro ere Zegamako plazan izaten dira.

Boluntarioek eman egiten dute. Eta jaso? Korrikalariek eskertzen al dute boluntarioen lana? «Gehienak oso esker-onekoak izaten dira. Asko haserre izaten dira, egin duten denbora ez delako izan esperotakoa, baina beren buruarekin haserretzen direnez...», esan du Etxegiak. Korrikalari herrikoi batzuek, baina, beren burua izartzat dutela ere ikusi du Igoak: «Batzuei haiek zerbitzatzeko gaudela iruditzen zaie, eta ez da horrela. Gertatu izan zait batek edo bestek 'ni halako naiz' esatea».

Egun gutxi falta dira lasterketarako, eta munduko mendi lasterkari onenak Zegaman izango dira berriro. Denen ahotan izango dira euren izenak. Hala ere, zer litzateke Zegama-Aizkorri itzalean izaten diren boluntariorik gabe? Kilian Jornetek esan zuen moduan, «Zegama Zegama da».

BERRIAn argitaratua (2016/05/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA