astekaria 2016/05/20
arrowItzuli

politika

Lege zirrikituak zabaldu nahian

Hodei Iruretagoiena

Lege zirrikituak zabaldu nahian

Iazko uztailean indarrean sartutako Espainiako Zigor Kodearen erreformak leiho bat ireki du «terrorismoarekin» lotutako auzietan kondena arinagoak ezartzeko. Zehazki, 179 bis 4 artikuluan jasotzen da aukera hori; hau da, «objektiboki larritasun txikiagoa» duten delituetan, zigorra gradu bat edo bi jaistekoa. Espainiako Auzitegi Nazionaleko azken epaiketetan, 42 euskal herritarri aplikatu diete artikulu hori, eta gehienek espetxeratzea saihestea lortu dute horrela. Euskal presoen abokatuek uste dute, ordea, jadanik zigortuta dauden batzuentzat ere baliagarri dela, eta eskaerak egiten hasi dira, haien espetxealdia murriztu ahal izateko. Eztabaida mahai gainean dago epaileen artean ere.

TESTUINGURUA

Desproportzioa

1997an HBren Mahai Nazionala auzipetu zutenetik, dena da ETA doktrinari segituta, gero eta zigor gogorragoak jarri dizkiete Espainiako auzitegiek ezkerreko independentistei. Orain arte, gutxienez sei urteko zigorra ezarri beharra zegoen «erakunde terroristako kide» izateagatik, indarkeriazko gertakaririk egon ez arren. HBko Mahai Nazionalekoen auziaren harira, Auzitegi Konstituzionalak esan zuen «desproportzionatua» zela Gorenak jarritako zazpi urteko zigorra, egozten zitzaien gertakaria aintzat hartuta —hauteskunde kanpainan ETAren bideo bat zabaltzea—.

Geroztik, hamar urtetik gorako zigorrak ere jarri dituzte «ETAren erakunde satelite» deitutakoetan aritzeagatik —HB-EH-Batasuna, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Askatasuna, Jarrai-Haika-Segi, Xaki, Ekin...—. Hau da, «jardun politiko» hutsagatik: bilerak, kanpainak, zuzendaritza politikoetan egotea...

LEGEAK DIOENA

«Larritasun txikiagoa»

Zigor Kodean sartutako 179. artikuluko 4 bis puntuaren arabera, «terrorismoarekin» lotutako auzietan, epaileek orain aukera dute «objektiboki larritasun txikiagoa» duten delituetan zigorra gradu bat edo bi jaisteko; adibidez, bi urteko zigorra jartzeko. Bi baldintza hartu behar dira kontuan larritasun hori neurtzeko: «Erabilitako bitartekoak edo eragindako ondorioak».

AURREKARI GUTXI

Epaitu berri diren auziak

Orain arte, lau sententziatan aipatu dute artikulu hori, baina zehaztapen gutxi eman dituzte, eta, gainera, ez dago irizpide bateraturik: Gorenak, 35/02 sumarioan (Herriko tabernen auzia) eta Segiren aurkako batean; Auzitegi Nazionalak, 04/08 eta 4/2014 sumarioetan (Segurako auzia eta Aztnugal auzia). Herriko tabernen auzian, epaileek ez zuten artikulua aplikatu, sententzia eman zutenean lege moldaketa ez zegoelako indarrean; beste hiruretan, aplikatu egin dute. Segiko kide izatea egotzi zieten bi gazteren aurkako sententzian ezarri zuten lehenengoz, ez zelako frogatu gazteek «kale borroka ekintzetan parte hartu zutenik, ezta beren taldeetan horretarako agindurik eman zutenik» ere.

«Guk uste dugu artikulu hori aplikagarria dela, batez ere, egitura edo erakunde politikoetan egoteagatik zigortuak izan direnentzat», azaldu zuen Iñigo Iruin abokatuak maiatzaren 5ean, EHUren Donostiako campusean emandako hitzaldi batean. «Kale borroka baldin badago, adibidez, zailagoa litzateke». Hori, «erabilitako bitartekoei» dagokienez. «Eragindako ondorioen» larritasuna zehaztea, ordea, zailagoa dela deritzo Iruinek. Bateragune auzikoena da adibiderik argiena, abokatuaren hitzetan: «Beren lana lotuta dago, dudarik gabe, 2011tik hona gertatutakoarekin. Orduan, aplikagarria litzateke».

ATZERAKO ERAGINA

Presoen eskaerak

Legea aldatu ondoren jarritako zigorrak dira, orain arte, artikulua aplikatuta murriztu diren guztiak. Aurretik zigortutakoentzat, legea atzerako eraginez ezarri ahal izatea eskatzen ari dira abokatuak. Presoen abokatuek BERRIAri esan diotenez, zazpi presoren eskaerak bideratu dituzte oraingoz, eta ukatu egin dizkiete horietako bost, argudiatuta artikulua ez dela aplikagarria zigortutako delitu tipo horietan. Auzitegi Nazionaleko 3. eta 4. sekzioak izan dira erabaki horiek hartu dituztenak. Bi eskaera geratzen dira oraindik ebazteko, Auzitegi Nazionaleko 2. sekzioan.

Artikuluaz auzitegiek egiteke duten interpretazioaren arabera, preso gehiagori edo gutxiagori eragin diezaioke neurri berriak. Baina, irizpide horiek gorabehera, artikulua atzerako eraginez ezarri behar dela diote presoen abokatuek, arau hori onuragarria delako presoentzat; alegia, legearen arabera, presoari onura handiena egiten dion araua ezarri behar delako, nahiz eta arau hori zigorra ezarri ondoren sartu indarrean.

EPAILEEN IRITZIAK

Irizpide kontrajarriak

Irizpide bateratu baten faltan, iritzi ezberdinak azaleratu dira Auzitegi Nazionaleko epaileen artean. Segurako auzian, esaterako, 2. sekzioa izan zen, akordio bidez, Zigor Kodeko 579 artikuluko 4 bis puntua aplikatu zuena. Concepcion Espejelek, Julio de Diegok eta Jose Ricardo de Pradak hartu zuten erabakia. BERRIAk jakin duenez, De Diego eta De Prada agertu ziren artikulua aplikatzearen alde —kontserbadoreen taldekoa da De Diego; progresista De Prada—. 3. eta 4. sekzioek, berriz, ukatu egin dituzte presoen eskaerak. Javier Zaragoza fiskalburuak ere iritzi hori agertu du.

Irizpideak bateratzeko, bi aldiz egon dira biltzekotan Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko epaileak, baina bietan atzeratu dute bilkura. Azkena, joan den maiatzaren 13an. Hor adosten diren neurriak ez dira erabakigarriak izaten, baina irizpideak bateratzeko balio dute. Berri agentziek zabaldutako informazioaren arabera, Espejelek eskatu zuen bilkura egiteko, iritzi ezberdinak zeudela ikusita. Hain zuzen, Espejelek berak egin behar zuen proposamen bat bilkura horretan eztabaidatzeko, eta Ramon Saez de Valcarcelek beste bat. Berri agentziek zabaldu zutenez, presoei zigorrak murriztearen alde egingo luke Saez de Valcarcelek, eta aurka Espejelek.

ERABAKIA

Gorenak erabakiko du

Oraingoz, beraz, Auzitegi Nazionaleko sekzio bakoitzak bere irizpideen arabera erabaki dezake zigorrak murriztu ala ez —bi eskaera dituzte mahai gainean, 2. sekzioan—. Dena den, Auzitegi Gorenarena da benetako erabakia. Gaur-gaurkoz, zigorrak berrikusteko bost eskaera dituzte han ebazteko, Auzitegi Nazionalak atzera botatakoak. Gorenak alde batera edo bestera egin, erabakigarria izan daiteke aurrera begira, jurisprudentzia ezarriko baitu. Ez daukate epe mugarik erabakia hartzeko, baina, presoen aldekoa bada, espetxealdia murrizteko aukera ireki diezaioke hainbati.

BERRIAn argitaratua (2016/05/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA