astekaria 2016/05/20
arrowItzuli

gizartea

Paleogenomikaren arrastoan, berriz Afrikara

Arantxa Iraola

Paleogenomikaren arrastoan, berriz Afrikara

«Doitasuna irabazi da». Iraganeko bizidunen aztarnen ikerketa genetikoei esker —paleogenetikaren azterketa eremua dira— lehen susmo zirenak doitasun handiz neurtzea lortu dute egun. EHUko ikertzaile Concepcion de la Ruak, hain justu ere, alorrean dihardu Giza Biologia Ebolutiboaren Sailean, eta, atzo, beste hainbat ikertzailerekin batera landu duen azterlan bat argitaratu zen Scientific Reports aldizkarian. Han egiaztatu dute azken urteotan ikertzaileen artean oihartzun handia izan duen hipotesi bat: Paleolitoan, behin Afrikatik etorritako Homo sapiens gizakiak Eurasian hedatu zirenean, berriz jatorrizko kontinentera itzultzeko migrazioak izan zirela. «Ez ziren akaso mugimendu masiboak izango, baina hainbat taldek Afrikarako bidea egin zuten».

Zehatz argitu ahal izan dute hori; izan ere, Errumaniako Pestera Muierii kobazuloan aurkituriko orain dela 35.000 urteko fosil baten genoma mitokondriala berreskuratzea lortu dute, andre batena, eta, hura aztertuta, ikusi dute haren leinutik —U6 izendatzen dute adituek— eratorritakoak direla egun Ipar Afrikako hainbat populazio. «Agertzen da Egipton, Libian, Marokon...». Bueltan egindako migrazio bidaien froga argia iruditzen zaio De la Ruari: «Ezin kenduzkoa». Izan ere, argiak izan dira azterketa genetikoen emaitzak: «Orain dela 35.000 urte, leinu horretako jendea zegoen Errumanian».

Liluragarria da irakaslearen argibideak adituz garai urrun hura irudikatzen ahalegintzea: migrazioa, segur aski, orain dela 25.000 urte inguru gertatuko zela azaldu du, glaziazio betean, eta zentzuzkoa dela hainbat pertsonak lur hobeen bila egitea: «Pentsatzekoa da bizitza erosoago baten bila zebiltzala». Analisi genetikoei esker bidaia horiei buruzko argibide gero eta zehatzagoak lor daitezkeela azaldu du, eta mundu osoan zientzialari talde asko ari direla antzeko ikerketetan. Oparo: «Aldatzen ari dira prozesu horiei buruzko ideiak». Bidaiak, bai Afrikatik Eurasiara aurrena Homo sapiens gizakiak egin zuena, bai ondoren bueltan egindakoa ere, segur aski, Kaspiar itsasoaren eta Itsaso Beltzaren arteko korridorean barna egingo zela azaldu du De la Ruak. «Baina eztabaida dago gai horren inguruan, ez dago erabateko adostasunik». Azaldu du agian pentsa daitekeela bide batetik baino gehiagotatik ere zabaldu zirela: «Giza talde txikiek egindako mugimenduak izan zirela uste da».

DNA mitokondrialaren alde

Tankera horretako ikerketetarako DNA mitokondriala —amak transmititzen du soilik, zelulen nukleotik lekora egoten da— aski erabilgarria dela azaldu du ikertzaileak. Abantailetako bat da, zelulen nukleoan dagoen DNArekin alderatuta, askoz ere txikiagoa dela: «Atera kontuak, 16.000 letra ditu; besteak, berriz, 3.000 milioi pare base». Horrez gain, genoma klase horretan «birkonbinaziorik» ez dagoela adierazi du, eta hura berriro berreskuratzeko lanak errazagoak direla.

Nolanahi ere, ez dute azterketa era horretan bukatu nahi. Errumaniako fosilaren DNA nuklearra ere ikertzen ari dira, informazio osoagoa lortzeko asmoz. Sasoi bateko andre-gizonen ibilerez harago, ikerketa horien bidez galdera sakonagoak erantzuteko giltza ikusten du De la Ruak. «Zerk egiten gaitu espezie gisara ezberdin? Horixe da sakon-sakonean dagoen itauna». Ez da ahantzi behar Paleolitoan neandertalekin batera bizi izan zela Homo sapiensa aldi batean, eta espezie bien artean izandako harremana gero eta agerikoagoa dela. Alde horretatik ere, paleogenetikari lotuta, aurkikuntza garrantzitsuak espero dituzte adituek etorkizun hurbilean. «Gero eta zehatzagoak».

BERRIAn argitaratua (2016/05/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA