astekaria 2016/05/20
arrowItzuli

kultura

Langile baten galderak, kontzertu batean

Gorka Erostarbe

Langile baten galderak, kontzertu batean Gorka Erostarbe

Agertzen zara kontzertu batera nekeak erasanda, ez berebiziko motibazio eta ilusioarekin; ez da musikaria bera bereziki gustuko ez duzulako, gehiago da ez diozula haren ibilbideari gertu-gertutik ere erreparatu, eta arrotz zaizula hein handi batean, nahiz eta ezagutzen dituzun kantu gehienak indar handikoak iruditu. Baina, bat-batean, gorputza iratzartzen hasten da, kantuetan sartzen hasten zara, emozioak azaleratzen zaizkizu, batzuetan oilo ipurdia (The Ties That Bind), gorputza mugitzeko apeta besteetan (Hungry Heart, Because The Night, Badlands, Glory Days, Twist And Shout...), boz gora kantatzekoa (Sherry Darling, The River, The Rising...). Eta hori behintzat lortu zuten Bruce Springsteenek eta The E Street Bandeko kideek astearte gauean mozolo egun samarra zuen kazetariarekin. Musikak badu ahalmen hori, eta ez da gutxi, nahiz eta hainbeste eskatu behar litzaiokeen sarrerarik merkeena 65 euroan jartzen duen artistari.

Esan genuen atzo ere: energia sortu, kanporatu eta transmititu egiten du Springsteenek, busti eta kutsatu egiten zaitu, eta ezkontza betea lortzen publikoarekin. 67 urte egitear da, eta, zenbaitetan —batez ere, oholtzaren punta batetik bestera korrikaldiak egiten zituenean— belaunak onenean ez dituela sumatzen bazen ere, fisiko deigarri batez egiten dio aurre ia lau orduz, eta inolako atsedenik hartu gabe, oholtzaren gaineko jardunari. Hor azaltzen du konpromiso bat ikus-entzulearekiko.

Komunitate sentsazioaz

Indarra ez ezik, konplizitatea ere transmititu zuen Springsteenek herenegun gaueko emanaldian, gertutasuna bai publikoarekin —Independence Day eta Fire kantuak jo zituen publikoaren eskariz— eta bai bere taldekideekin —sarriak izan ziren maitasun keinuak bere emazte eta taldekide Patti Scialfarekin, Steven Van Zandt gitarra jotzailearekin eta Jake Clemons saxo jotzailearekin—. Bereziki hunkigarria izan zen haren osaba Clarence Clemons taldekide zenduari egindako omenaldia, kontzertuaren amaiera aldera; izan ere, ilobak saxoa jotzen zuen bitartean —hura izan zen kontzertuan nabarmendu zirenetako bat—, Springsteenen lagun min zenaren irudiak jarri zituzten oholtza inguratzen zuten pantailetan.

Zaila da jakiten zein diren rock izar global baten benetako motibazioak , zenbat duen benetakotasunetik eta zenbat teatralizaziotik. Esaterako, Waitin' On A Sunday Day ederra kantatzera neskato bat atera zuenean, keinu populista samarra begitandu zitzaidan, sinpatikoarekin batera, baina, oro har, Springsteenen jarrera sinetsi egin nuen. Haren aurpegi eta keinukerak atseginak eta benetakoak egin zitzaizkidan, baina juzgu hori oso da norberaren baitakoa.

Ez baitakit zehazki den sinetsi nuela, edo sinetsi nahi nuela: ziur aski, Springsteenek jakingo du ikus-entzuleek —batez bestekoek, bederen— ahalegin berezia egiten dutela ekonomikoki bere ikus-entzunezko ekitaldira joan ahal izateko, eta berak ere esfortzua itzultzeko beharra sentituko du, baldin eta hasieran —1970eko hamarkadaren bigarren erdian eta 1980koaren lehenean— azaldutako langile eta klase kontzientziarekin bat jarraitzen badu, behintzat. Eta hor datoz galderak, Mikel Laboaren kantuaren izenburuak planteatzen duen gisan: galderak entzulearenak, langilearenak —gehiengoa—, ez liburu baten aurrean kasu honetan, baizik eta gisako kontzertu baten aurrean; nahiz eta neronek, kazetari gisa, sarrera ordaindu beharrik izan ez.

Izan al dezake klase eta langile kontzientziarik rock izar batek, hegazkinetik hotelera, hoteletik hegazkinera dabilela, luxua eguneroko ogi duela? Musikak duen indar aglutinatzaile horren bitartez sortzen den komunitate sentsazio hutsa baliagarria al da lekuan lekuko eta garaian garaiko komunitate beharrei erantzuteko? Eginkizun hori izan behar al du rock-stadium kontzertu masibo batek? Soinu baldintzak egokienak ez izan arren, eta pasarte askotan ñabardurak apalduak geratu arren, merezi al du potentzian oinarrituriko indar erakustaldi baten ikuskizuna bizitzea?

Nik, erantzun argirik ez. Norbanako gisa balio izan zidan barne herdoil batzuk astintzeko, baita neure buruaren kontraesan batzuk azaleratzeko ere. Zer eta nola kontsumitzen dugun pentsatzeko, eta aspalditik datorren gai eta galdera saldoari berritu bat emateko...

BERRIAn argitaratua (2016/05/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA