astekaria 2016/05/20
arrowItzuli

iritzia

Amonaren errebista pornoa

Miren Amuriza

Amonaren errebista pornoa Miren Amuriza

Bart gauean ETB3-ko Just for laughs kamera ezkutuko saioan ikusia: amonatxo xarmangarri bat oinez doa eta X-ren aurretik pasatzean errebista bat erortzen zaio besapetik. X-k, amarruan jausi den ibiltari anonimoak, lurretik edukazioz jaso eta non deskubritzen duen aldizkari porno bat dela. Pause.

X-ren garuna ziztuan ideiak prozesatzen hasi da: «amona honi errebista porno bat erori zaio; amona hau masturbatu egingo da; bere atzamar okerrak alu urdinduan sartuko ditu; amona honek gorputz zimurra du; desira; orgasmo bat izango du; amona honek isurtzen ote du?». Ondoren hiru moduotako batean erreakzionatuko du eta keinu espontaneoekin adieraziko, play: blokeoa (ai ama, ai ama, ai ama = eskemak hautsi dizkit), grazia (ba ote?) edo nazka (SOS, atso hau masturbatu egingo da!).

Programaren muina jendearen bat-bateko erreakzioak era komikoan ematea da. Zer bilatzen dute? Ezustekoa. Zelan lortzen dute hori? Norma apurtuta. Transgresiotik urrun dago ordea egiten dutena. Umoreari dagokionez, zenbait gai hala tratatzea ez litzateke arazo (adinekoen sexualitatea kasu) baldin gaiok serio hartzeko ere konplexurik ez balego. Normari dagokionean, apurtu baino berretsi egiten dute; X-ri (eta audientziari) minutu batzuez deseroso sentiarazi ondoren, alegia zalantzak sortu ondoren, lepotik heldu eta esaten baitiote: «Lasai, txantxa zen! Begiratu kamerari...». Eta hori ez da umore soila, hori diskurtso politiko bat da, «normala» zer den eta zer ez markatzen duena. Ezen nola masturbatuko da ba (zure) amona? Nola egingo du larrutan?

Bai, egia; gauza bat da erresidentziako laguntxoarekin paseatzea, eta noizik behin laztan batzuk egitea, jubilatuen eguneko pasodoblean arrimatzea, hankartean hazkura izatea, edo Benidormetik pozarren itzultzea... Eta beste gauza bat da, zera... hori.

BERRIAn argitaratua (2016/05/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA