astekaria 2016/05/20
arrowItzuli

kultura

Rock makineria olioztatu bat

Gorka Erostarbe

Rock makineria olioztatu bat

Donostiara etorri zen azken aldian (2012ko ekainaren 2an) ekaitzari eta euri zaparradari aurre eginez eman zuen kontzertua Bruce Springsteenek, eta bera bihurtu zen ekaitz erauntsi. Atzokoan bestelakoa izan zen eguraldia, udaberrikoa, tenperatura atseginekoa, kontzertu bat ikusi eta gozatu ahal izateko egokiagoa; Springsteen bera eta, nola ez, The E Street Band, ordea, ohiko zirimola bihurtu ziren Anoetako estadioan, ia 40 urteko ibilia elkarrekin egin ondoren rock makineria ondo olioztatu bat izaten jarraitzen dutela erakutsiz.

Ez dira asko gaur egun futbol estadio bat bete dezaketen rock musikariak; are gutxiago hiru ordutik gorako ikus-entzunkizun indartsu, hunkigarri eta erakargarri bat eskain dezaketenak. Bruce Springsteen eta bere taldea dira urri horietako batzuk.

Aurten 67 urte egingo ditu The Boss-ek, baina sasoiko dago bai fisikoki eta baita ahotsari dagokionez ere: harrigarria izaterainokoa da zein energia azaltzen duen agertokiaren gainean, zein fisikotasun gehitzen dion kantuaren interpretazioari; rock izar eta atleta da, biak batean. Eta dena ematen du; jarrera, indarra, izerdia, bihotz eta arima, eta zintzur korda urratuen intentsitatea.

Eta jendeak eskertu egiten du musikari estatubatuarraren jarrera eta indar erauntsi hori; musika hezur-haragizko bihurtzen du, eta jarraitzaileari iritsi egiten zaio, ikuskizun erreala baita begi-belarrien aurrean jartzen diona. Gaueko 21:08 zirenean agertu zen oholtzaren gainean Bruce Springsteen (gitarrak, aho-soinua, ahotsa), Roy Bittan (pianoa, akordeoia), Nils Lofgren (gitarrak, koruak), Patti Scialfa (koruak, gitarra, pandereta), Garry Tallent (baxua, koruak), Steven Van Zandt (gitarrak, koruak), Max Weinberg (bateria), Jake Clemons (saxoa, koroak), Soozie Tyrell (biolina, gitarra, koruak) eta Charles Giordanok (organoa, akordeoia, glockenspiela) lagunduta. Ohiko jeans beltzak eta txalekoa zeramatzan jantzita gidariak... «Kaixo Donostia! Gabon Donostia», egin zuen agurra, eta One, two, three, four esatearekin batera (kantu guztien hasieran bezala) jarri zuen martxan soinu makina guztia.

35 urte bete dira aurten Springsteenek The River lan bikoitz laudatua kaleratu zuenetik; bere bosgarren lan luzea izan zen, baina ordura artekoekin alderatuz oihartzun handiena eman ziona, bai AEBetan eta baita handik kanpo ere, bira izugarri luze bat egin baitzuen hura aurkeztuz. Efemeridea baliatu du orain disko hari omenaldia eginez berriro biran aritzeko. AEBetan emaniko kontzertuetan diskoa ia bere osotasunean jotzen zuten zuzenean, baina Europan eginikoetan gutxiago joko dituela aurreratu du New Jerseyko musikariak, estadio handietan bildu ohi den ikus-entzule masiboarentzat disko hartako kanturik lau eta traszendentalenak aspergarri suerta daitezkeelakoan. Bartzelonan eman zuen Europako lehen kontzertua, eta hartan bezala atzo Donostian eskainitakoan diskoko erdiak-edo baino ez zituen eman.

Kontzertua, ohikoa duenez, indar betean hasi zuen, besteren artean No Surrender (Born In The USA, 1984), eta My Love Will Not Let You Down-ekin (1998); soinua indartsua zen, potentzia handikoa, ñabarduretan baino gehiago trinkotasunean oinarritua; jendeak hasieratik erantzun zuen entusiasmo handiz, eskuak gorantz altxaz eta txalo zartaka nahiz jauzika gehienetan; eta laugarrenarekin batera The River-eko lehen pieza iritsi zen, pop britainiarraren oihartzunekin hasi eta mexikar aireak barneratzen dituen The Ties That Bind (diskoari izen hori jartzekotan egon zen); Sherry Darling alaitsu, eder eta taldekotasun sentimenduz kantatua (publikoak ahots batez abestu zuen aurrena izan zen, Springsteenek txapela jantzi zuen eta jendearengana egin zuen), Two Hearts eta Independece Day rock balada tankerakoak (bigarren hau jendearen eskariz, Springsteenek berak hautatu baitzuen jendartetik kantuaren izenburua zeraman kartela) heldu ziren hurrena.

Karisma eta ezkontza

Eta barealdiaren ostean intentsitatea berriro The River-eko beste zenbait kanturekin: Springsteenek berak gustuko duela aitortu izan duen Hungry Heart (gitarrarik gabe eta mikrofonoa eskuetan abestua), Out In The Street, I Wanna Marry You, The River ikonikoa eta Point Blank. Kontzertuko tarterik hunkigarri eta barnerakoiena izan zen. Polita oso. Kronika hau ixteko orduan ordu eta erdi inguruko saioa egina zuen Springsteneek, eta artean beste horrenbesteko lana eta gozatua geratzen zitzaion, orotara 35 kantu inguru, tartean bere ibilbideko gailurretako batzuk (Glory Days, The Promised Land, Born in the USA, Born to Run...).

Springsteenek bere ibilbideko kanturik laudatuenak eta The River-eko hainbat uztartu zituen, jendeak gustura eta zoratuta erantzun zuen, eta 65 eta 115 euro arteko sarrrerak izanagatik, Anoetako futbol zelaian bildutako 43.000 lagunek erruz disfrutatu zuten, Bruce Springsteenek berak bezainbeste ziur aski. Indarra eta energia ezezik karisma duela erakutsi zuen Springsteenek; kalitate handiko kantu saldo ederra duela, nahiz eta gehienak 1970 amaierakoak eta 1980 hamarraldikoak izan; gertuko agertzen badakiela, eta rock-and-roll ikuskizun apartak eskaintzen dakiela, jendearekin erabateko ezkontza lortuz.

BERRIAn argitaratua (2016/05/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA