astekaria 2016/05/20
arrowItzuli

kultura

Euskal kultura gurasoak dira

Iñigo Astiz

Euskal kultura gurasoak dira Iñigo Astiz

Tamalez, eta inbidia handiz aitortzen dut, ez zait niri bururatu zutabe honi titulua ematen dion esaldia; Unai Iturriaga (gero eta gutxiago) bertsolari eta (gero eta gehiago) irudigileari lapurtu diot Jakin aldizkariaren azken zenbakiko kontrazaleko komikitik, eta lapurtu badiot izan da iruditzen zaidalako esaldi horrek kondentsatzen dituela euskal kulturak dituen transmisio arazo gehientsuenak. Zorrotz eta umorez, gainera. Marrazkian, Haizea izeneko neskatoa negarrez ari zaio aitari Durangoko Azoka hartzen duen Landako gunearen aurrean, udaberria delako oraindik eta han ez dagoelako ez azoka, ez liburu, eta ez beste ezeren arrastorik ere. Hor dator esaldia: «Zergatik ez zara, behingoz, egia esatera ausartzen, aita: euskal kultura ez da existitzen, euskal kultura gurasoak zarete!».

Ez da erabat egia, noski, existitu existitzen delako euskal kultura udaberrian ere, eta nekez, baina topatzen dituelako gurasoez bestelako transmisio bideak ere tarteka. Fabore gutxi egingo dio kulturgintzari, ordea, esaldian egia puska handi bat ikusteari uko egiten dionak; izan ere, kendu ume bati euskal kulturaren transmisioarekin seko tematutako gurasoak, eta zer bide du euskal kulturaraino heltzeko? Eskolan egongo da irakasle entusiastaren bat, eta badaude bateko eta besteko egitasmoak, baina azterketetako erantzunetara mugatuko da maiz igurtzia. Nostalgiarako tarte gutxi, ordea, antzera izango baitzen beti. Kontua da orain tresna zorrotzagoak edukitzeko aukera dagoela, eta ordua dela desafioari behar bezala heltzeko. Bestela, karikaturazkoa izango da aurrerantzean ere egoera: euskal kultura transmititzeko politikak ez dira existitzen; kultur politika gurasoak dira.

BERRIAn argitaratua (2016/05/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA