kultura
ARTERA HURBILTZEKO GILTZEN BILA
Ainhoa Sarasola
Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa den neurrian, kezka hori badu Donostiako Tabakalerak ere. Lau ardatzetan bereizten du bere jarduna, eta hezkuntza da haietako bat —praktika artistikoen, liburutegiaren eta laborategien atalekin batera—. «Hezkuntza proiektuaren zentroan dago, eta ez da ulertzen kanpoko zerbitzu bat balitz bezala. Inportantea da hori aipatzea, badirelako bestelako egitura bat duten arte instituzioak, hezkuntza kanpora ateratzeko moduko zerbitzu gisa ulertzen dutenak», dio Leire San Martinek, Tabakalerako Hezkuntza arduradunak. Azaldu duenez, ateak zabaldu aurretik hiriko hainbat eragilerekin izan ziren harremanetan, eta lanketa berezia egin zuten, luzerako helburuen artean baitute Tabakaleraren inguruan pixkanaka «komunitate askotarikoak» eratzea. «Helburua da Tabakalerako kultur proiektua komunitate askorekin kontaktuan jartzea».
Nola egiten dute hori? Bisita gidatuak izaten dira erakusketetan, bisita solastatuak ostiralero, bisita esperimentalak hilero —beste arlo bateko lagun bat gonbidatu, eta bere begiradatik bisitariekin elkarrizketak sortzeko asmoz—, eta hilero biltzen den talde finko bat ere bada, kultur proposamenetan gehiago sakontzeko. Eskolentzako eta bestelako kolektiboentzako epe ertain eta luzeagoko proiektuak ere badituzte. «Uste dugu gure programan parte hartzeko ez dela artean aditua izan behar, artearekiko interesa izatearekin nahikoa dela».
Baina gizartean bada oraindik nolabaiteko jarrera uzkur bat arte garaikidearekiko, eta ez dira gutxi arte mota hori ulertuko ote duten kezka dutenak. Baina beharrezkoa da? Ba ote dago artean hezia den publiko bat, artea ulertuko duen begirada bat? Galderari berari «abiapuntuko arazo handi bi» ikusten dizkio Aimar Arriola ikertzaile eta komisarioak: «Lehen arazoa publikoa deritzon hori homogeneoa den zerbait balitz bezala hartzea da; eta bigarrena, hezi hitzari lotuta, artea ulertu behar den zerbait dela pentsatzea, hots, artea arrazoira mugatutako zerbait balitz bezala ulertzea».
Publikoari dagokionez, Arriolak uste du «egun erabiltzen den publikoaren nozioa kontsumoaren logika kapitalistak definitua» dagoela, «non publikoarentzat lan egiteak hark ustez aurretiaz nahi duena ematea litzatekeen». Ideia horrek, haren ustez, telebistaren egungo kontsumoaren patroiari jarraitzen dio. «Eta museoetan ere logika horri jarraitzeak telebistaren ondorio berak ditu, esperientziaren pobrezia edo jakintzaren gutxiespena, non arteak duen dimentsio kritikoa —eta badu— edo esperientzia emantzipatzailea kontsumo azkarragatik ordezkatzen den». Horren aurrean, bai komisarioek bai arte zentroek ardura bat badutela uste du Arriolak: «Eduki artistiko edo kulturalen kontsumo erraz eta bizkorraren ordez, beste esperientzia geldoago bat eskaintzea litzateke geure erantzukizuna».
Harreman geldoago horrek aurreiritziak uxatzeko balio dezake agian. Izan ere, San Martinen ustez, arte garaikidearekiko aurreiritzi batzuk egon litezke oraindik. «Arte garaikidean aurreiritzi asko dagoen esparru batean mugitzen gara; adibidez, liburu batetik atera dezakegun hori ez diogu arte garaikideari permititzen. Askotan, erakusketak errazak ez diren ideia dago, baina azkenean gure inguruko gaiei buruz ari gara; konplexutasun apur bat badago, eta erakusketa batzuk beste batzuk baino zailagoak izango dira ulertzen-edo, baina ez dugu uste gure rola erakusketen edukien itzulpena egitea denik. Guk baditugu erreminta batzuk, informazio batzuk hezitzaile gisa, eta informazioa hor jartzen dugu; ikusleak ere esfortzu bat egin eta bere partetik jarri beharko du». San Martinen ustez, ideia bat dago programa askoren abiapuntuan, «jendeak ez dakiela», baina ez dago ados horrekin. «Jendeak asko daki, eta inportantea iruditzen zait erakusketa aretoetan elkarrizketak bultzatzea, jendeak hor dagoenaz hitz egitea».
Publikoaren inguruko ikuspegia aldatuz joan da denborarekin, Marta Arzak Bilboko Guggenheim museoko Hezkuntza arloko arduradunaren ustez. «Museoa bizitzeko modua oso naturala da egun; hori ez zen gertatzen ireki zenean. Geure publikoak ez zeuden hain ohituak arte modernora, garaikidera batez ere; ez soilik hemen, museo zoragarriak dituzten leku askotan gertatzen da hori. Jarrera hori azkar aldatu zen museoari dagokionez, baina artearekiko elkarrizketa hori pixkanaka joan da heldutzen. Pentsatu behar dugu duela hogei urte etortzen ziren haur haiek helduak direla jada, ohitu egin direla horretara; meritu handia dutenak dira garai hartan jada helduak zirenak eta praktika artistiko garaikideak etxekotu egin behar izan zituztenak. Museoa bere publikoengatik bizi da, eta arteari heltzeko moduak oso ezberdinak dira; orain, jendea oso modu lasaian ausartzen da bere iritzia ematera, eta oso garrantzitsua da hori».
Publikoak aldatuz joan direla eta askotarikoak direla uste du Miren Akordagoitia Donostiako San Telmo museoko Hezkuntza arduradunak ere. «Gizartea prestakuntza handiagoa hartuz joan den heinean, publikoen jakin-mina areagotu eta zabaldu egin da, eta exijentzia, handitu. Horrek museoari aukera ematen dio eskaintza zabalagoak egiteko». Akordagoitiaren ustez, prestakuntza areagotzeak ahalbidetzen du artearekiko ikuspegia, batez ere arte garaikidearekikoa, «irekiagoa» izatea. Baina aurretiazko prestakuntza behar al da arte garaikideaz gozatzeko? «Prestakuntzak beti laguntzen du, eta, esan bezala, museoak bitartekaritzaren bidez arte garaikidea helarazten saiatu behar du. Baina, aldi berean, jarrera aldaketa bat egon behar da publikoaren aldetik arte garaikidearen aurrean. Hura interpretatzea zailagoa gertatzen zaigunez, geure buruari mugak jartzen dizkiogu. Konplexutasun horri, oztopo gisa begiratu beharrean, bestela begiratu beharko genioke, hau da, arte garaikideak ikusten dugunari buruzko bestelako irakurketak egiteko aukera gehiago eskaintzen dizkigu, interpretazioak irekiagoak eta pluralagoak direlako».
Bitartekari ikuspegi berriak
Garaiak, gizarteak eta publikoak bezala, hezkuntza eta bitartekaritza ikuspegiak ere aldatuz joan dira urteekin. «Batez ere, hezkuntzaren norabide aldaketa kontzeptuarekin ezagutzen denaz geroztik», azaldu du San Martinek. Duela hamar bat urtetik hona arte instituzioek egindako gogoetaz ari da Tabakalerako kidea. «Arte instituzioek birpentsatu egin zituzten metodologiak, formatuak... eta hezkuntza zentralagoa bihurtu da gerora. Horrek ez du esan nahi guztiz zentrala denik, ze gero hor paradoxak ere badaude. Baina esango nuke azken hamar urteotan aldaketa handia izan dela. Arte instituzioaren irekiera prozesu bat bezala ulertzen da; instituzioek ulertu dute ezin direla izan komunitateentzat sarbiderik gabeko gauza zurrun bat, porotsuak izan behar dutela, eta hezkuntzaren rola ezinbestekoa dela horretan».
Aldaketa hori sumatu du Arzakek ere. «Gauzak asko aldatu dira gaur egun, eta garai batetik hona arte bitartekaritza modu demokratikoago batean lantzen da. Jada ez dago hierarkia bat, jakintzaren aldetik aditua den figura bat, ustez ezjakina dela sumatzen duen hari modu kondeszendente batean irakasten diona; ez, hori jada ez da horrela. Jakintzak eta irakaskuntzak bide eta ate asko dituzte, eta horiek irekitzen joatea da kontua. Jakintza eraikitzen, sortzen saiatzen gara, baita publikoekin ere». Eta hori modu askotara egiten dutela gehitu du: bisitariekin elkarrizketak sustatuz, aretoetako bitartekariekin elkarrekintzan, espazio didaktikoetako euskarriekin... «Aukerak askotarikoak dira, eta erakusketa bakoitzean saiatzen gara publikoekin elkarrizketak modu espezifikoan lantzen».
Horren inguruan bitartekariek ere gogoeta egiten dutela dio San Martinek: «Jendea artearekin erlazionatzeko beste era batzuk lortzeko, gauzak nola egiten ditugun pentsatu behar dugu, askotan nola horretan baitago gakoa». Argi du hezitzaile gisa ez duela «egia osoa», ezta bisitariari artelanak zer esan nahi duen azaltzeko funtzioa ere, «artea itzulezina den zerbait» baita haren ustez. «Margolan bati behin eta berriro begiratzen diogu, ez garelako iristen erabat ulertzera, eta hezitzaileak ez du hori itzuli behar; elkarrizketak sortu behar dira erakusketa aretoetan, informazioa eman... Bisitetan jendeak parte hartzea nahi dugu».
Hezkuntzaren ikuspegia eta metodologiak aldatu direla bat dator Akordagoitia ere. Gogoetan jarri dutela fokua, batez ere, arte zentroek. «Azken batean, uste dut proposamenak ireki egin direla, eta ez dela hainbeste publikoari gauzak eginda ematea, baizik eta inguruan ikusten dugunaz hausnarketak eta eztabaidak sortzea». Gizarte museo gisa definitzen du bere burua San Telmok, eta, beraz, bere helburua argia dela azaldu du Akordagoitiak: «Bere ondarearen bidez, euskal gizartearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz gogoeta bat proposatzea». Askotariko bitartekaritza eta hezkuntza proposamenak lantzen ditu horretarako: bisita gidatuak, aretoetan hezitzaileek bisitariekin egiten duten interakzioa, bisita espezializatuagoak —beste arlo batzuetako adituak gonbidatuta—... gaiaren edo publikoaren arabera formatuak egokituz. «Uste dut museook publiko pluralen topagune izateko erronka dugula, eztabaida eta hausnarketa gune, egungo gizarte arazoez aritzeko. Erantzukizun handia dugu aniztasunari balioa emateko, publikoekin gizarteaz hausnarketak sustatzeko... Museoa gizartean eragile indartsu bat izan dadin aldaketak bideratzeko. Hori ongi egiten asmatu behar da, haziak erein daitezen».
Hezi ordez, haziak erein
Nola egin hori, nola sortu gogoetak? Arriolak, esaterako, erakusketa bat lantzen ari denean, ez du publiko zehatz bati buruz pentsatzen; lanean ari den zentroko bitartekaritza taldearekin hitz egiten du, publiko espezifikoei begirako jarduerak lantzeko. «Uste dut garrantzitsua dela ez publikoaz, baizik publikoez hitz egitea. Nire ustez, zentro gehienek kontuan hartzen dute hori, eta normalean publiko espezifikoei begira antolatutako jarduera zehatzak garatzen dituzte. Baina, tira, beti ez da horrela, eta badira aldiak non erakusketa batek baduen itsasora botatako botila baten barruan doan mezuaren funtzioa, non egiten duzuna ez dagoen hartzaile zehatz bati zuzenduta, eta batzuetan interesgarria da nor hurbilduko den ikustea».
Erakusketek, erantzun errazak edo potoloak eskaini ordez, publikoengan jakin-mina sustatu beharko luketela uste du komisarioak. Ez edukiekin soilik, baita formen bidez ere, «erakusketa bat formen bilera bat» baita azkenean. Asmo horrekin du gogoko lan egitea, eta arte zentroen funtzioak ere horixe behar lukeela uste du: erantzunak eman ordez, bisitariei galderak pausatzea. Horregatik, «problematikoa» egiten zaio hezi hitza: esanahiaren arabera, gizakia gizartean bizitzeko prestatzea adieraz dezake, baina menderatzearen edo otzantzearen zentzua ere har dezake. «Uste dut museo batek ez duela hezi behar, baizik eta hazarazi. Proposamen poetiko gisa, agian hazi hitza erabiltzen hasi beharko genuke; uste dut museo batek, inor otzandu edo menderatu barik, publikoetan haziak jartzea eta horien hazkuntzaz arduratzea izan beharko lukeela helburu».