astekaria 2016/05/20
arrowItzuli

ekonomia

KAFEA TIKETAREKIN

Oihan Vitoria

KAFEA TIKETAREKIN

Kafe huts edota patata tortilla pintxoek ezinbesteko osagaia izango dute aurrerantzean: tiketa. Urte askoan soilik kreditu txartel bidez pagatutako erosketek jaso izan dute tiketa trukean. Azkenaldian, ordea, aldatzen ari da egoera, neurri batean zerga iruzurra saihesteko kontrolak areagotu baitira. Saltokiak derrigortuta daude kontsumizio bakoitzeko tiketa ematera, baina BERRIAk frogatu du ezetz, ez dela betetzen. Kazeta honek astebeterako erosketa egin du Donostiako Parte Zaharrean, eta hamar saltokitatik lautan besterik ez du jaso tiketa bueltan. Ordubeteko osteratxoa aski izan du oraindik ere hutsuneak daudela jabetzeko.

Kursaal azpiko oroigarrien saltoki batean ekin dio erosleak goizari. Turistak dabiltza inguruan; frantses hiztunak gehienak. Lepoko bat erosi du 5 euroan. Kutxa erregistratzailea entzun arren, ez du tiketik ikusi. Aldatu daitekeen galdetu, eta baietz erantzun diote. Tiketik gabe guztia. Normal irten da eroslea dendatik, eta normal-normal segitu du saltzaileak bere zereginetan. Jarraian, beste erosketa bat, eta berdina. «Tiketik?», galdetu dio hurrengoari. Buruarekin ezetz erosleak. Ez du atera.

Fruta dendan eskularruak ipini eta tomateak aukeratzen hasi orduko entzun du kutxa erregistratzailea. Ireki eta itxi. Itxi eta ireki. Gehienek jaso dute trukean ziurtagiria, zuzenean poltsan sartuta. Platano sorta bat eta kilo bat marrubi ere hartu du. 10 euro inguru. Txanponekin borobildu du kopurua, baina itzuli beharreko zentimoekin katramilatu da saltzailea. Ez dio tiketik eman. Ahaztuta.

Bretxako azokara jaitsi da eroslea barazki bila, eta tiketa jaso du erosketarekin batera. Harategiak dauden gunera jo du jarraian, eta erritu bera: eskatu, ordaindu eta tiketa poltsikoan sartu. Ahuakate bat hartu du beste batean. Galdera: «Biguna edo gogorra? Noizko nahi duzu?». «Egunerako», ihardetsi dio erosleak, baina tiketaren arrastorik ez. Azokatik irteterako taberna batean sartu da, egarriz, Fermin Calbeton kalean. «Muztio bat, mesedez». Bueltan tiketik ez. Gose irten da, eta ezin izan die ezetz esan hurrengo barrako pintxoei. Patata tortillarena hartu du. Harriduraz jaso du ziurtagiria.

Etxera bueltatu aurretik anaiaren oparia erosteaz oroitu da; urtebetetze eguna du aurki. Askotariko gauzak saltzen dituen denda batekin egin du topo, eta sartu bezain pronto, begiz jo du diru zorro bat. Bi aldiz pentsatu gabe erosi, eta tiketa eskuratu du. «Gustuko ez badu aldatu ahalko du» esanda agurtu du dendariak. Letxuga ere ahantzi zaiola ohartu da, eta baserritar bati erosi dio. Egunkaria eta ogi bat hartu ditu pasadan. Tiketik ez: ez batean, ez bestean.

Egunero-egunero Euskal Herriko hiri eta herrietan gertatzen denaren lagin txiki bat da, baina balio du egoeraren argazkia egiteko. Ohitura falta batzuetan, ezjakintasuna besteetan... Desoreka horiek errotik moztu, eta tranpak egiteari atea itxi nahi diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek. Serio jartzen hasiak dira. Hilabete hasieran iragarri zuten iruzurraren kontrako batzordean, Eusko Legebiltzarrean: denden eta tabernen salmenta oro kontrolatuko dituzte hemendik aurrera, eta fakturazioa ezkutatzeko trikimailuak zigortuko.

Erabaki horrek orain urtebeteko kanpainan du jatorria: hamar saltokitik bederatzik salmentak manipulatzeko programa informatikoak zeuzkatela frogatu zuten. Ikuskaritza neurriak gogortu zituzten orduan, baina harago jo dute orain: salmenta den-denak ikuskatzeko sistema bat ezarriko dute indarrean. Zelan? Argitzeko dago. Quebec, Suedia eta Austriako ereduak aztertzen ari dira, baina jomuga argia da: tiket bat jaulkitzea erosketa bakoitzeko, zergei ihes egiteko zirrikitu oro ixteko.

Softwareak egokitzea

Saltokien sare osoko softwareak homologatzea eta «aldi berean» ogasunarekin katigatzea proposatu du kutxa erregistratzaileetan espezializatutako Gisper Bilbao enpresako zuzendari komertzial David Luenga Estibarizek. «Beste herrialde batzuetan emaitza arrakastatsuak lortu ditu: erosketak lainora denbora errealean bidaltzeaz gain, manipulazioak egitea ere eragozten du». Horretarako, alabaina, makina guzti-guztiak TPVak izan beharko lirateke; hau da, Interneterako sarbidea eduki beharko lukete ezinbestean.

Beste bide batzuk urratzen ari dira ogasunak: egungo makinen alboan gailu bat txertatzea eta inprimagailuaren bidez erosketak erregistratzea pentsatzen ari dira. Alde ilunak ikusten dizkio Luengak: «Behargin gehiago egon beharko lirateke erne, eta inprimagailua matxuratuko balitz arazoak sortuko lirateke. Dudak ditut modulu horiek kutxa zaharrenetan instalatu ahalko liratekeen».

Neurri berria gogorren kritikatu duenetako bat da Angel Gago, Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen presidentea. Ostalariak zerga iruzurrarekin lotzea «erasotzat» jo du: «Merkatuan iruzurra egiteko gaitasuna duten kutxa erregistratzaileak egoteak ez du esan nahi abagune horretaz baliatzen ari direnik. Eta erabiliz gero, enpresen kopurua oso murritza da: sektorearen %5 dira asko jota». Alegia, ehun komertziotik bostek ere ez dutela B kontabilitatea kudeatzeko moduko kutxa aurreraturik.

«Urteroko jazarpena»

Gehienek «bizirik irauteko kutxak» baino ez dituztela zehaztu du Gagok: «Iruzurgile gisa tratatzen gaituzte, eta oker daude. Garaiotan beti berdin gertatzen da, urteroko jazarpena: errenta kanpainaren eskutik, ostalarien iruzurra ateratzen da argitara, eta ezbaian jartzen dute sektore osoa».

Erasoa bakarrik ez, sektorea «suminduta eta irainduta» ere sentitzen dela kontatu du Gasteiz ON merkatari elkartearen presidente Marta Bengotxeak: «Oso tristea da diru sarrera eta enplegu gehien sortzen duen sektore aktibo eta gardenetako bat jartzea jopuntuan, eta hain modu injustuan estigmatizatzea». Luenga ere bat dator: «Komertzio txikiek eta ostalariek krisiaren kontsumo beheraldiari aurre egin behar izan diote, arma gutxiagorekin frankizia eta merkataritza gune handiekin lehiatu behar izan dute, baina, hala ere, beti bukatzen dute iritzi publikoaren miran, injustuki».

Gisper Bilbaok hornitzen dituen programak legezkoak direla ziurtatu du Luengak, baina aitortu du badirela salbuespenak: «Merkatua librea da, eta badira B kontabilitatedun programen publizitatea egiten duten konpainiak». Krisiaren ondorioz gero eta bezero gehiagok egiten dutela halakoen alde apustu. «Aurreztea dute helburu, eta sarera eta merkataritza gune handietara jotzen dute. Oinarrizko kutxak erosten dituzte, maiz programatu gabe eta legedia bete gabe». Luengak, halaber, auzitan ipini ditu kontrolak. «Behar bezala egingo balira, ezinezkoa litzateke iruzurra ezkutatzea».

Kontrolena da beste hari mutur bat. Taberna eta saltokietan areagotuz gero, bazterketarik ez egitea galdegin du Bizkaiko ostalarien ordezkariak: «Espero dugu txosna eta kaleko saltzaileengana ere hedatzea ikuskaritza, urteak baitaramatzate udalen babesean legez kanpo, fakturazio kontrolik jasan gabe. Lehia bidegabea egiten digute, eta inork ez du saihesten. Ezin dira izan salbuespen».

Inbertsioak, pikutara

Gago «irrikan» dago sistema berria saltzaile horiexen zerbitzura ikusteko. Halere, ez du uste «presazkoa» denik TPVen eta ogasunaren arteko hartu-emana erraztuko lukeen teknologia berehala aplikatzea. Gai konplexua izanik, asko atzeratzen ari da ezarpena. «Okerrena da jendeak inbertsio handiak egin dituela kutxa zaharkituak egungo araudira egokitzeko, baina baliteke ezerezean geratzea», ohartarazi du Luengak.

Batzuei eta besteei egiten zaien exijentzia maila desorekatua dela deitoratu du Bengotxeak, merkatari txikiek iruzur handiak egiteko ahalmen askirik ez dutela iritzita. «Ondo dago iruzurgileen hesia estutzea, baina maila orotara heda dezatela, arreta iruzurgile handiengan jarrita». Ez du ukatu iruzurra dagoela, baina arriskutsu jo du orokorkeriatan erortzea: «Gehiengo dira autonomoak, eta ez da iruzur orokorturik. Saltokiei kosta egiten zaie obligazio guztiak betetzea, baina lortzen dute».

BERRIAn argitaratua (2016/05/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA