astekaria 2016/05/20
arrowItzuli

politika

ZER DIO GALDERAK GALDETZEN DUENEAN?

Jon Olano

ZER DIO GALDERAK GALDETZEN DUENEAN?

Datozen aste eta hilabeteetan, Europako Batasunaz galdetuko dute Erresuma Batuan, bake prozesuaz Kolonbian, immigrante kuotez Hungarian, euskal estatuaz Euskal Herriko 34 herritan, 2.200 euroko oinarrizko errenta ezartzeaz Suitzan, galdetzekoak ziren zezenketez Donostian, galdeketei buruzko araudia onartu dute Gasteizen eta Aroztegiaz galdetzeko nahia adierazi dute Lekarozen. Azken hilabete eta urteetan, bozkatu dute Astigarragan hondakinen bilketa sistemaz, estatu independenteaz Katalunian eta Eskozian, erreskatearen baldintzez Grezian, desanexioaz Igeldon eta Usansolon, bikote homosexualez Irlandan. Hamaika adibide, nor bere ezaugarriekin: bete beharreko erreferendumak, galdeketa ez-erreferendatzaileak, herri ekimenetik sortuak, gutxieneko parte hartzea dutenak eta ez dutenak.

Lagin bat da, Euskal Herrian nahiz nazioartean erreferendum, galdeketa, plebiszitu eta halakoek azkenaldian hartu duten indar eta protagonismoaren adierazle. Ordezkaritza krisiaren inguruko diskurtsoak ez dira berriak, baina loraldian da demokrazia zuzena. Ezaugarrien heterogeneotasunak galdera ugari pizten ditu, ordea: noiz, zein gairekin, zergatik jo galdeketa batera? Erantzunen bila, bost politologoren iritziak bildu ditu BERRIAk: Igor Ahedo, Izaro Gorostidi, Jone Martinez Palacios eta Mario Zubiaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleenak eta Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakaslearena. Parte Hartuz ikerketa taldeko kide dira Gorostidi, Martinez Palacios eta Zubiaga, eta Donostiako galdeketen araudia landu zuen Arrietak.

Ordezkaritza

Eredu klasikoak, krisian?

Demokrazia ordezkatzaile klasikoak ez daude agortuta, baina bai «krisian» edo «zigortuak». Ahedok gogora dakar Pedro Ibarra EHUko irakasle erretiratuak demokrazia aztertzeko planteatzen duen eredua: demokrazia on bat lortzeko, lortu behar duzu jendeak zer nahi duen jakitea eta erabakiak bat etortzea jendeak nahi duen horrekin. Irizpide ugari daude horretarako, Ahedoren hitzetan: demokrazia ordezkatzailea, mobilizazioa, komunikazioa, partaidetza eta gobernantza: «Pieza denak batuz gero, ordezkaritza manten daiteke, baina ordezkaritzarekin batera, beste esparruak errespetatu, indartu eta babestu behar dira».

Gorostidik ere ez ditu, eredu gisa, agortutzat ikusten, baina herritarrek gero eta gehiago zalantzan ipintzen dituztela uste du: «Gaur egun, ordea, oraindik ez dugu kultura politikorik horri buelta bat eman eta bestelako eredu bat martxan jartzeko». Espainian PSOEk eta Podemosek eginiko barne galdeketak jarri ditu horren adibide gisa: «Konturatu dira hor gabezia bat dutela eta haien militantziak bestelako eredu bat eskatzen duela, baina oraindik ez dute bestelako eredu bat eskaini». Hortaz, «partxe bat» egin zutela uste du Gorostidik: «Nola egongo da ba sozialista bat gobernu progresista baten kontra?». Kolokan dago, agortuta bainoago.

Bitartekaritza egitura guztiak daude krisian, Zubiagaren iritziz: «Sindikatuak, alderdiak, komunikabideak... XIX. mendetik aurrera jendearen borondatearen eta borondate instituzionalaren artean sortu diren tarteko egitura horiek erabateko krisian daude. Hor kokatzen da ordezkaritza krisia». Haren ustez, kontua da jendeak zein neurritan ikusten dituen bitartekaritza egitura horiek hartzen dituzten erabakiak borondate orokorraren isla gisa, edo erabaki horiek beste botere edo eremu batzuen menpe dauden: «Jendeak dio: nik erabaki dut zu hautatzea zuk egin dezazun nik nahi dudana, baina ez zara nik nahi dudana egiten ari». Neurri batean, «mandatu ordezkatzailearen berreskuratze nahia» dago funtsean: «Mandatu ordezkatzailearen fikzioa apurtu egin da, mandatu horrek suposatzen duelako zuk ordezkari bat aukeratzen duzula eta ordezkari horrek baduela zure borondatea interpretatzeko gaitasun bat, baina traizionatu gabe». Jendeak gero eta irudipen handiagoa du «traizionatzen» ari direla beren borondatea, Zubiagaren arabera.

Egoera horren arriskuaz ohartarazi du Ahedok: «Jendeak lotzen badu politika soilik logika ordezkatzailearekin, eta diagnostikoa bada logika ordezkatzaileak interes politikoei traizio egiten diela, argudio horrek darama pentsatzera politika zaborra dela». Politika «askoz gehiago» da, ordea: «Politika da daukagun tresna bakarra pertsona bakoitzak dituen baliabideetatik harago doazen erantzunak bermatzeko. Planteamendu neoliberaletik eta erakundeetatik politika teknika bihurtzen da, badutelako nahikoa baliabide oihanaren legean bizitzeko». Politika da «erro publikoa duten arazoen aurrean erantzun publiko bakarra».

Martinezek ere uste du nahiko partekatuta dagoela demokraziaren krisiaren ideia analista politikoen artean: «Izan ere, alor politikoan sortzen diren produktuak (programak, politika publikoak...) gero eta urrunago daude herritarren nahi eta beharrizanetatik». Herritarrak «kontsumitzaile politiko estatus batean» geratzen dira askotan. Ideal demokratikoa gaur egun ere «erreferente bat» den arren, maila operatiboan hainbat oztopo antzematen dizkio Martinezek —gizon eta emakumeen arteko eskubide desberdintasunak, aberastasunaren banaketa desorekatua eta abar—: «Eta hori da, hain zuzen ere, sakontze demokratikoaren inguruan galdetzera eramaten gaituena. Demokrazia liberaletan nola sakondu printzipio demokratikoak. Horretarako, beharrezkoak dira bai deliberazioa, bai partaidetza bai ekintza kolektiboa».

Politika teknika bihurtze horrek eragina izan du, beraz? Ahedorena da adibidea: «Bilboko aurreko alkateak zioen parte hartzea bizilagun kontuak konpontzeko zela, urbanismoa zientzia urbanistikoari utzi behar zitzaiola. Urbanismoa ideologia da, urbanismoa da erabakitzen duena non jarri ekipamendu bat; zergatik dago Errekalden mekanotubo eskailera bat eta ez Guggenheim aurrean? Hori ez da kontu tekniko bat, politikoa baizik». Ondorio batera darama horrek: «Dena teknika bada, zertarako aukeratzen ditugu ordezkari politikoak?».

Demokrazia ordezkatzailearen krisia azpimarratzen den arren, herritarrek hala bizi duten zalantza du Arrietak: «Maila batean, jendea eroso bizi da bere iritzia eta erakundeekiko atxikimendua urtean behin emanez. Gero eta gizarte indibidualistagoa garen heinean, uste dut norbera askoz gehiago kezkatzen dela bere arazoez». Herritarra bezero? Erakundeek sustatu dute eredu hori, Arrietaren iritziz: «Egon zen bolada bat erakundeek herritarrak bozkatzera deitzen zituztena erabakiak legitimatzeko. Uste dut horretan ikasi dutela eta erakundeek antolatutako azken parte-hartze prozesuak ezberdinak izan direla».

Partaidetza

eta galdeketak

Krisi sortzaile ala irtenbide?

Politika ulertzeko moduetan, gatazkarekiko jarrera izan daiteke ardatzetako bat: gatazka eta polarizazioa saihestu beharrekoen artean kokatu eta adostasuna goresten dutenak leudeke alde batean, eta gatazka gizarteek aurrera egiteko motortzat dutenak bestean. Eragin zuzena du horrek galdeketa edo erreferendumekiko jarreran.

Zubiagarena da azalpena: «Demokrazia deliberatzaile-parte hartzailearen eskema ideologikoa habermasiarra da; elkarrizketak eramaten du, hain zuzen, posizionamendu kontsentsuatu arrazional batera». Horrek aurresuposatzen du mahaian biltzen diren guztien posizioa berdina dela, entitate arrazional bakartu gisa ari direla elkarrizketan, eta elkarrizketa horren ostean arrazionalki jarriko direla ados, modu naturalean. Eredu horrek «arazo larriak» ditu: «Ez dituzula biltzen mintzaideak modu parekidean, ez daudela posizio berean, elkarrizketa ez dela soilik parametro arrazionaletan ematen, adostasunak zenbateraino statu quo-aren aldeko posizionamendua dakarren eta aldaketaren aldeko kontsentsuak zaildu egiten diren...».

Galdeketaren kontzeptuak politikaren beste kontzeptualizazio batera darama: «Politikak zenbateraino eskatzen duen nolabaiteko polarizazioa hautuen artean: zirt edo zart egin beharra». Galdeketak ikusarazi egiten du neurri batean polarizazio hori, Zubiagaren esanetan: «Politikotasuna agertzen da momentu horietan». Eredurik egokiena bien arteko konbinazio bat litzatekeela uste du: «Ez abandonatzea erabat ikuspegi deliberatzaile hori, baina konbinatzea polarizazioa eta politikotasunaren agerraldia erakusten duen galdeketa sistema. Konbinazio horrek, ahaztu gabe ordezkaritzaren eskema, definituko luke erabaki kolektiboak hartzeko modurik egokiena».

Martinezentzat, galdeketak interesgarriak dira estatuaren eta herritarren arteko harremana «trebatzeko eta sakontzeko». Galdeketak, berez, demokrazian sakontzeko tresna interesgarriak direla uste du, baina galdeketaren sortze prozesuari eman dio garrantzia: «Galdeketak prozesu gisa ulertzen badira, hau da, proposamenetik, gaia aukeratzetik diseinura arte herritarrek eta estatuko eragileek parte hartzen badute, sakontze demokratikorako aukera onak dira».

Prozesua; galdeketara heltzerako prozesu parte hartzaile bat egin den edo ez. Horrek bereizten du galdeketa bat erakundeentzat zilegitasun zigilu bat baino ez edo hori baino gehiago izatea. Gorostidi: «Galdeketara bazoaz prozesu parte hartzaile bat eginez, diagnostiko bat diseinatuz eta abar, galdeketara beste leku batetik heltzen zara». Prozesuaz gain, norabidea: galdeketa «behetik gorakoa» izatea da gakoa Zubiagarentzat, eta ez goitik beherakoa, «jada hartutako erabakien legitimatzaile».

Prozesuari heldu dio Arrietak ere, azalduz galdeketa ez dela ez amaiera, ez abiapuntu: «Gaussen kanpaia hartuko bagenu, galdeketaren eguna kanpaiaren puntu gorena litzateke. Horra iristeko, aldapa bat igo behar duzu, eta hortik aurrera, jaitsi. Prozesuaz ari gara. Galdeketaren egunera iristeko, hainbat pauso eman behar izan ditugu (informatu, sinadurak jaso, komunikatu), baina ondoren ere eragina izango du (bozkatzera joan, kuadrillan eztabaidatu, auzoan artikulatu)».

Norabidea

Zilegitasun zigilua edo agendan eragiteko tresna?

Beste dimentsio bat ere badu, ordea, galdeketak gatazka sortzaile gisa planteatzeak: herritarrek agendan eragiteko tresna gisa ulertzea eta erakundeek mahai gainean jartzen ez dituzten gaiak, kezkak eta abarrak eztabaida publikora eramatea. Herritarren ekimenetik sortuak izanik, «mobilizazio tresna bat» dira galdeketak, Zubiagaren iritziz. Tresna horrek nahi edo gogo bat definitzen du: «Guk erabaki nahi dugu zein den gure etorkizun politikoa, eta hori ikusarazteko modua da erabakitzen hastea; hasiko gara herri gisa egiten momentu jakin batean erakundeetatik egin beharko litzatekeena aurreratzen».

Aurreratu bai, baina mobilizazio horiek ez dute sarri galdeketa arautu batera deitzea eragiten. Arbitrariotasunaren eta, harekin batera, instrumentalizazioaren mamuak ageri dira: zergatik eta zein irizpideren arabera deitzen du erakunde batek galdeketa batera? Aurrez hartutako erabakiak legitimatzeko «zigilu» dira zenbait kasutan? Baiezkoan da Martinez. Hala ere, bat dator Gramahn Smithek Democratic innovations (Cambridge, 2009) lanean dioenarekin: «Berrikuntza demokratiko orok lau ongi demokratiko sakondu behar ditu: «Inklusioa, herritarren kontrola, gardentasuna eta erabaki erreflexiboak hartzeko gaitasuna».

Erabilera interesatu hori ere nabari du Arrietak: «Edozein partaidetza prozesuk jakin behar du zein den helburua, zer gertatuko den eskatzen den horrekin, eta, beraz, frustrazioa saihestu». Azkenaldian «asko ikasi» dela uste duen arren, herritarrek galdeketen bidez agendan eragiteko gaitasuna izatea «urrun» ikusten du. Donostiako Udalak galdeketak arautzeko eginiko erregelamenduaren osaketan parte hartu zuen Arrietak, eta azaldu du arau horrek hori bilatzen zuela: sinadura nahikoa bilduta, herritarrek mekanismoak edukitzea galdeketara deitzeko.

Goitik beherako edo behetik gorako eskemak borrokan, hortaz. Juan Jose Ibarretxeren estatutu proposamenaren garaian Ipar Euskal Herriko eta Euskal Autonomia Erkidegoko dinamikak kontrajartzen ditu Ahedok. Haren iritziz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, «goitik beherako dinamika» ezarri zen, eta gizarteak eta eragile politikoek uko egin zioten horri. Aldi berean, Iparraldean Batera-k lurralde elkargoaren alde bultzatutako dinamika behetik gorakoa zen: «Horren bidez lortu da instituzionalizazioa». Adibidea, ordea, testuinguruan jarri du Zubiagak: «Abiatzen bazara erabateko ahuleziatik, erremedio bakarra da hasieratik ikuspegi transbertsal batetik planteatzea eta ahalik eta jende gehien biltzea. Ordea, baldin badituzu hegemonia instituzionala, botere posizio bat eta erakunde militar bat oraindik ere teorian ahalmena izan dezakeena negoziazio politiko elitista baten bitartez helburu politikoak lortzeko, analisia aldatu egiten da».

Plano juridikoan ere bada eztabaida; bereiz daitezke erreferendumaren figura eta galdeketa ez-erreferendatzailea? Bigarrenaren filosofia da erabakitzeko eskubidearena. Zubiaga: «Zuk eskubide osoa duzu erakunde bat izanda jendearen iritzia jasotzeko. Iritzi horrek ez du eragin juridikorik; erreferendumak bai. Kontsultak besterik gabe duen helburua da iritzia jakitea». Juridikoki eraginik ez arren, agerikoa da politikoki kudeatu beharrekoa dela iritzi hori. Horregatik, «2018an galdeketa ez-erreferendatzailea egon dadin lan egiten ari da Gure Esku Dago».

Eztabaida eta

diskurtsoak

Denek pisu bera?

Tresnak eta helburuak nahastu ohi dira sarri, eta, galdeketak tresna izanik, helburu bilakatzeari arriskutsua deritzo Ahedok. «Prozesu» hitza ageri da haren ahotan ere: «Garapen komunitario eta pedagogikoko prozesu baten emaitza izan behar du galdeketak». Zubiagak deskribatutako eskema darabil Ahedok ere: «Demokrazia deliberatibotik demokrazia zuzenera jauzi egitean, konturatzen gara, denak ez garenez berdinak, demokrazia zuzenak balio duela meskiten itxiera edo atzerapen sozialak legitimatzeko».

Diskurtso guztiek ez baitute berdin balio. Alde horretatik, feminismoak eginiko ekarpena nabarmendu du Ahedok: «Intersekzionalitatearen teoriak planteatzen ari dira emakume beltz baten eta emakume zuri baten posizioak ezberdinak direla, baina baita ere Angela Davisek izan dezakeela botere posizio askoz handiagoa unibertsitateko irakasle gizon zuri batek baino. Garapen komunitarioak ahalbidetzen du botere harreman horiek azaleratzea». Parte-hartze prozesuen abiapuntua «botere harremanen orekak» eta «diskurtso guztien presentziak» izan behar du, Ahedoren hitzetan.

Donostiako galdeketen arauditik abiatuta, zezenketei buruzko galdeketa jarri du Arrietak adibide gisa diskurtsoen desorekaz hitz egiteko: Donostia Antitaurina Orain plataformak, behin sinadurak jaso eta prozesua martxan jarrita, zein baldintza dituen bere iritzia plazaratzeko. Garrantzitsua deritzo prozesuan dauden bi posizioek iritzia plazaratzeko baliabide berak izateari. Jakitun hori ez dela horrela izaten, baliabideak ez direla berberak, ezinbestekoa deritzo galdeketen bidea urratzen hasteari.

Galdegaia

Edozer bozkagai?

Eneko Goia Donostiako alkatearena da txioa: «Kontsultak: ezin dira erabili edozertarako, neurriz erabili behar dira. Parte-hartze modu asko daude, eta erabili egin behar dira». Baieztapen horren erantzunak joan daitezke euskal estatuaz erreferenduma onartu edo ukatzetik immigranteen eskubideen inguruko galdeketa bat onartu edo ukatzera. Edozer erabaki daiteke bozketa batean?

Abstraktuan hitz eginez, «zergatik ez?», dio Martinezek. Berehala zalantzak: abortuaz ere bai? LGTB eskubideez? «Nork edo non jarri muga?». Oinarrizko eskubideen muga jarriko luke Martinezek: «Onartzen ditut galderak beti sakontze demokratiko bidean eta ez eskubide sozial eta politikoak mugatzeko edo erregresio demokratiko bat emateko». Iritzi berekoa da Ahedo: giza eskubideei eta giza duintasunaren inguruko gaiei buruz, ez. Zubiagak, ordea, galdetu: nork interpretatzen du orduan giza duintasuna? Suitza dakar gogora Gorostidik: Suitzan erreferendumean galdetu zuten emakumeen boto eskubideaz, eta ez zuten onartu 1971. urtera arte, gizonezkoek bozkatu zutelako gaiaz eginiko beste erreferendumetan. «Horregatik, gaia ez da edozer den galdegarria edo ez», ñabartu du Zubiagak: «Nola eta zein baldintzatan galdetzen den baizik».

Galdegarria dena eztabaidagai izan zuten Donostiako galdeketen araudia prestatu zutenen artean. Bi muga jarri zituzten: eskumenak eta giza eskubideak. Arrieta: «Nahiko argi genuen giza eskubideak zirela muga. Giza eskubideetatik harago zihoan ezer ezin zen galdetu. Baina eztabaida egon zen ea hiriari zegozkion gaien inguruan galde zitekeen bakarrik, edo hiri esparrutik harago joan zitezkeenak ere bai. Noski, nork definitzen du zer den hiri esparruko gai bat?». Errealismoa eskatzen du Arrietak: «Galdetzen dugun horretan jakin behar dugu, errealistak izanda, hiriak zein gaitasun daukan gero eraldaketa izateko esparru horretan; bestela frustrazioa eragiten dugu. Zezenketen gaian zergatik egin daiteke? Gero udalak jarrera bat har dezakeelako».

Politikaren muin-muinean dagoen eztabaida bat jarri du Zubiagak mahai gainean: demagogia edo demokraziaren arteko eztabaida, alegia. «Bitartekaritza egiturarik ezak eta populismoaren logika batzuk eramaten zaituzte posizionamendu arriskutsuetara, printzipio demokratiko batzuekin lotura dutenak». Horregatik, populismoa ona edo txarra den baino, Zubiagak nahiago du zehaztu: «Populismo batzuk onak dira, eta beste batzuk txarrak, ikuspegi ideologiko batetik». Ildo berean doaz galdeketak: demokrazia zuzenari beldurra izan behar zaio? «Printzipioz, ez; kontua da nola bideratzen den hori». Horregatik da garrantzitsua nola lotzen den parte-hartze prozesua erabakiarekin. «Erabakia ona da, jendeak sentitzea erabakitzen ari dela ona da, baina baldintzak dira zaindu beharrekoak».

Galdeketaren

eskalak

Globalera, lokaletik?

Dozenaka daude herri galdeketen adibideak, egindakoak eta egingo direnak. Oso gutxi dira, ordea, herrialde, erkidego nahiz nazio mailan egin direnak. Sabai bat dago? Arrieta: «Toki maila denoi gertuago tokatzen zaigun esparrua da, gaiak gehiago kontrolatzen ditugu. Lurralde historikoen mailan, zailagoa da lurralde historikoen mailan prozesu bat artikulatzea. Eta, edonola ere, printzipio demokratikoan sakonduta, horrek eskatuko luke nazio edo estatu mailako galdeketak ere posible egitea. Kultura aldaketak toki mailatik etorri behar du, ondoren gainerako esparruetara zabaltzeko».

Behetik gorako eskemari jarraitzen dio Ahedok ere, goiko mailetan galdeketak egingo badira: «Buruan eduki behar dugu partaidetzak esan nahi duela ni-tik gu-ra pasatzea, baina beste ikuspegi batekin: kontuan hartuz norberaren nahia. Hori da komunitatea sortu eta egituratzen duena. Oso zaila da hori makro eskalan planteatzea, baina ez bagara eskala lokalean hasten, ez da inoiz gorantz igoko».

Gutxieneko

parte hartzea

eta zilegitasuna

Deitzailea edozein dela, neurri bera?

Hitzekin gertatzen den legez, portzentajeak ideologiaz eta norberaren neurriaz beteta egon ohi dira galdeketetan. Zer den asko, zer gutxi eta zer nahikoa eztabaidagai izan ohi da bozketa baten atarian eta biharamunean. Horrek, ordea, badu zerikusirik galdeketaren ezaugarri ugarirekin. Ahedo: «Ez bada bete beharrekoa, parte hartze tasaren zilegitasuna norberak ematen diona da». Emaitza bete beharrekoa bada, ordea, arautu beharra dagoela uste du. Denetarik egon da nazioartean; Eskoziako erreferendumean ez zuten gutxieneko parte hartzerik ezarri, eta %55eko gutxieneko parte hartzea ezarri zuten Montenegron.

Zubiagak ekainaren 5eko galdeketei erreparatu die: «Lortzen baduzu Goierriko biztanleen %20k parte hartzea, Goierrin inoiz egin den mobilizazio handiena da hori». Jakitun da hori «porrot» gisa uler dezaketela askok: «Ezartzen den parametroa da gakoa ulertzeko arrakasta edo porrota den». Galdeketen emaitza bete beharrekoa den kasuetan, Zubiagak ez lioke gutxieneko parte hartzerik jarriko, «beto eskubidea ematen baitio statu quo-ari».

Bestelako ustea du Arrietak, nahiz eta Ahedorekin ados dagoen legitimazioa gizarteak berak jartzen duela: «Gure Esku Dago-rekin kritikoa izan naiz sorreratik, ez helburuarekin, baizik eta iruditzen zaidalako gizartea urrun dagoela egiten ari diren mobilizaziotik. Saiatu behar dugu horretara joaten, eta ez dakit zein den bidea, baina helburua lortzen ez badugu, horrek frustrazio handiagoa eragin lezake onura baino». Ekainaren 5eko galdeketen kasuan zer ote litzatekeen arrakasta eta zer porrot, nahiago du zifrarik ez eman: «Alor akademikoan pentsa daiteke arrakasta dela %30ek bozkatzea, baina esan herritar bati zein zilegitasun duen %30ek bozkatu duten kontsulta batek. Erabakitzeko eskubidea ez dago herritarren agendan, eta, beraz, horrelako prozesuak sustatzeak atzetik behar du beste prozesu bat egitea kultura demokratikoari eta partaidetzari buruz».

Kultura

politikoa

Aldatzen ari da?

Galdeketak eginez, ari gara kultura politikoa aldatzen? Kultura politikoa aldatzen ari garelako, ari dira galdeketak ugaritzen? Bat edo beste, kultura politikoa aldatzea «posible» da Martinezentzat: «Kultura politikoa, beste hainbat elementu politiko bezala, eraketa soziala da; beraz, eratzen dena, soziala dena alda daitekeela ez dago zalantzarik. Beste gauza bat da agente dominanteek —oro har posizio erosoa dutenek espazio sozial batean— aldaketa horiek emateko jarriko dituzten mugak zeintzuk izango diren eta nola kudeatuko diren».

Posible baino gehiago, beharrezkoa ikusten du Arrietak: «Partaidetza prozesuek eta galdeketen erregelamenduek helburu bat badute, horrek izan behar du kultura politikoaren aldaketa. Herritarrak beren egunerokoaren protagonista izateko eta beren herri eta auzoan gertatzen denari beste zentzu bat emateko. Horrek bakarrik lortuko du beste gai makroekiko kezka zabaltzea eta partaidetzarako dinamika bat hartzea». Donostiako araudiaren kasuan legez, debekatuz gero? «Beste formula batzuk» bilatzearen aldekoa da: «Herri honetan imajinazio handia izan dugu gauzak martxan jartzeko; berreskuratu beharko dugu imajinazio hori, eta pentsatu nola jar ditzakegun martxan sinesten dugun kultura politiko aldaketa hori eragileekin, pertsonekin. Baina elkarrekintza hori ez da gaurtik biharrera egiten den gauza bat».

Gorostidi baikor da, eta feminismoa jarri du adibide gisa: «Orain dela ehun urte norbaitek pentsatuko zukeen gaur egun dugun egoera eduki genezakeenik? Ehun urteotan eman diren aurrerapausoak saiatzen naiz beste esparruetara eramaten». Uste du herritarrek gero eta gehiago hori eskatzen dutela: «Parte hartzea eta gardentasuna dira politika berriaren ardatzak».

Ahedo ezkorragoa da: «Jendeak parte hartu nahi du, baina nola?». Zygmunt Baumanen arabera, gizarteak senidetasun kontzeptutik sare kontzeptura igaro dira: «Lehen, betiko kideak ginen: langile klasean sartzen zinen, eta hilkutxan baino ez zinen ateratzen. Orain, sarearen momentua da; lagun egiten naiz, eta desagregatzen naiz. Nor sartzen da bizitza aldatuko dion parte-hartze prozesu batean? Inor ez. Hori bai, logika agregazio-desagregazioarena bada, aukera gehiago dituzu jendea agregatzeko, eta zure zeregina da ez desagregatzea». Bere alde txarra eta ona du horrek, Ahedoren esanetan: «Parte hartzera sartzeko moduak likidoagoak izan daitezke, baina, hain zuzen, horregatik milaka modu daude jendea erakartzeko». Aldekoak ez direnak konbentzitu eta arerioak absente bihurtu: «Hori da honen guztiaren gakoa».

Bat egitea, konbentzitzea, agregatzea eta ez desagregatzea. Eta, funtsean, gozamen indibidualetik parte hartze kolektiboaren gozamenera igarotzea. Kukutzako azken atxilotuen atzeko pintaketa du Ahedok gogoan: «Guk, plazeragatik».

BERRIAn argitaratua (2016/05/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA