astekaria 2016/05/13
arrowItzuli

mundua

Elkarrekin, nor bere bidetik

Mikel Rodriguez

Elkarrekin, nor bere bidetik

Zailtasunak zailtasun, eta trabak traba, Kataluniako indar eta eragile subiranistek tinko eutsi diote independentziarako prozesuari, herenegun bertan aurkeztutako konstituzio proposamenak erakutsi duenez. Zalantzarik gabe, Herrialde Katalanetako bertze lurraldeetatik arreta handiz ari dira jarraitzen Kataluniako prozesua, eta Valentzian eta Mallorca uhartean, adibidez, plataforma bana lanean ari dira erabakitzeko eskubidearen eta subiranismoaren alde. Joan den hilean, talde horiek akordio bat egin zuten ANC Biltzar Nazional Katalanarekin, Kontseilu Federala eratzeko. «Oinarrizko helburua eremu subiranista handitzea da Herrialde Katalan guztietan», azaldu dio BERRIAri Toni Infante PDaD Valentziako Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Plataformako koordinatzaileak. Kontseilu horrek irizpide argi bat izanen du: hiru erakundeek elkarri lagunduko diote, baina burujabetzarako prozesu erabat paraleloak bultzatuko dituzte. Elkarrekin, baina nor bere bidetik.

Subiranisten ortzimugan legoke noizbait Herrialde Katalanak konfederazio baten gisan elkartzea. Horregatik, konfederazioaren filosofia hori jardunera eramatea erabaki dute ANCk, PDaDek eta ASM Mallorcako Biltzar Subiranistak. «Historia pixka bat ezagutuz gero, gure nazioak beti filosofia konfederalarekin lan egin du, duela mendeetatik», azaldu du Victor Cucurull ANCko idazkaritza nazionaleko eta Herrialde Katalanetarako Lan Taldeko kideak —asteburuko barne hauteskundeen ondoren utziko du kargua—. «Inori ez litzaioke bururatuko Kataluniatik Valentziara joatea erratera zer egin behar duten».

ANCren inguruko eztabaida

Cucurullek azaldu duenez, Kontseilu Federal horren hastapeneko ideia Mallorcako hainbat subiranisten eskari batek eragin zuen. «ANCn sartu nahi zuten, baina guk uste genuen egokiagoa zela ANC [Kataluniako] printzerrira mugatzea. Guretzat interesgarriagoa zen Mallorcan haien erakundea sortzea, eta ondoren federatzea». Cristofol Soler ASMko presidenteak azaldu du ANCren ezezkoaren ondoren erabaki zutela Mallorcan aparteko erakunde bat sortzea, «arazoak eta garapena ezberdinak zirelako». ANCk ere eragina izan zuen Valentzian berezko plataforma bat sortzeko. Infantek azaldu duenez, Kataluniako erakundeak 2013an Valentzia hirian egin zuen aurkezpenean ikusi zuten mugimendu bat sortzeko beharra. «Bi gauza egiaztatu genituen: sinpatia handia geniola Kataluniako prozesuari, eta Valentzian zer edo zer sortu beharra zela, bertako erritmoak eta beharrak kontuan hartuta».

Herrialde Katalanak lau estatutan banatutako errealitate bat dira. Kontseilua sortu duten hiru erakundeek lurralde nagusiak ordezkatzen dituzte, biztanle gehien dituztenak eta politikoki herrialdearen erdigune direnak. Cucurullek azaldu du gainerako lurralde txikiagoetan eratu litezkeen plataformek atea zabalik izanen dutela, eta zehaztu du Ipar Katalunia ANCren bidez ordezkatuta dagoela; izan ere, Espainiak eta Frantziak Pirinioetako hitzarmenean erabaki zuten probintzia horiek Kataluniako printzerritik banatu eta Frantziako koroari ematea (1659), baina ANCk ez du kontuan hartzen banaketa hori. Balearretan, berriz, ez dago artxipelago osoa biltzen duen plataformarik, eta ASM Mallorcara mugatzen da. Solerrek azaldu du arrazoi historikoetatik eratorritako identitate berezia dela horren ondorio. «Irla bakoitzak bere autogobernua eta bere konstituzioa zeuzkan, Aragoiko koroapean». Espainiak diputazio probintzialak eratzerakoan, «zentralismo mallorcarra» bultzatu zuen. «Hemen inork ez du erranen balearra dela. Inor ez da balearra. Ni mallorcarra naiz, edo menorcarra, edo eivissarra. Hizkuntzak elkartzen gaitu, eta nazio baten parte izatearen sentimenduak; uharteen arteko nazio txiki bat, edo nazio katalan handia».

Kontseilu Federala hastapenetan dagoen organoa baino ez da. ANCren aldetik, Cucurullek erran du agenda zehazteko dagoela, asteburuko hauteskundeen ondoren eratuko den idazkaritzak hartu beharko baititu erabakiak. Infantek aitzinatu du heldu den ekainaren bukaeran San Juan bestetarako ekitaldi bereziak egiteko asmoa dutela, Herrialde Katalan guztietan hedatutako ospakizuna baita. «Aisialdiko arloaz gain, nabarmendu nahi dugu bestaren arlo politikoa, geografia guztian hedatutako ospakizuna baita». Aitzinerago, «nahiz eta zehaztu gabe dagoen», Infantek nahi du Kontseilu Federalak lan egitea nazioartean argi uzteko «errealitate politiko-kulturala Katalunia autonomikoko lau probintziena baino zabalagoa dela». ASMren nahia litzateke pixkanaka kontseilua batzen eta indartzen joatea, Solerrek azaldu duenez, Mallorcako plataformak helburu «argia» baitu: «Herrialde Katalanen estatu batu eta federal bat lortzea, lurralde bakoitzak bere autogobernua mantenduta».

Kataluniara adi begira

Bide horretan, guztiek argi dute erreferentea zein den: Kataluniako prozesua. «Gure planteamendua argia da: [Kataluniako] printzerrian aitzinera goaz nazioa askatzeko gure bidean, estatu bat eraikitzera, errepublika baten forman». Cucurullek ez du inondik ere uste Katalunia naziotzat aitortzeak edo estatu-nazio gisa eratzeak etorkizun batean Herrialde Katalanak elkartzea oztopatu dezakeenik. «Ez, kontrakoa da. Abantaila bat izanen da. Errepublika aldarrikatzen dugunean, gainerako herri katalanek erranen dute zer nahi duten. Haien subiranotza praktikan paratzeko aukerak aztertu ahalko dituzte».

PDaD eta ASM pozik daude Kataluniako prozesuarekin. Infanteren ustez, «hagitz handiak izanen dira irekiko dituen aukerak», baina zuhur agertu da Kataluniako estatua juridikoki eratzeko pausuekin. «Hasieratik estatu katalanaren fundazio arauetan argi biltzen bada sinboloak ez direla soilik haienak, hizkuntza ez dela Kataluniako jendearen jabetza esklusiboa, eta Kataluniatik kanpoko herritarrak ere naziokideak direla, prozesu independentistaren ekarpena hagitz interesgarria izanen da Valentziarentzat eta uharteentzat, eta hala da dagoeneko ere». Izan ere, Infante kritikoa da «independentismo klasikoarekin». Joan Fuster idazleak 1960ko hamarkadan Nosaltres els valencians liburuan (Gu, valentziarrak) teorizatu zuen Valentzia herri katalan bat zela. «Ezinbertzeko irakurketa horretatik interpretazio anitz egin ziren», azaldu du Infantek. «Bat izan zen: valentziarrak Valentziako katalanak bagara, zergatik ez gara denok katalanak deitzen eta kito? Sinplifikazio horrek min handia egin zigun, blaverismoak [katalanismoaren aurkako erregionalismo espainolistak] antitesitzat justifikatu zuelako, eta valentzianista sentitzen zen gehiengoa urrutiratu egin zuelako tesi subiranista, nazionalista eta independentistetatik».

Infanteren iritziz Katalunian nagusitu izan den «joera bateratzailea» ere ez da egokia izan. «Hagitz erraza da Herrialde Katalan osoen mapa bat paratzea kartelean eta nazio bat gara sinplifikatzea, konplexutasuna planteatzea baino». Dena den, Infantek uste du PDaDen eraginez hasi direla bertzelako mezu bat gorpuzten, haren ustez independentismoak oker planteatu izan duena zuzentzeko, «hirugarren bide valentzianista gainditzeko» —Valentzia kulturalki katalana dela onartzen duena, baina harreman politikorik gabe—, eta blaverismoari aurre egiteko. «Pais Valencia gara eta eremu subiranista bat osatzen dugu nazioaren gainerako zatiekin».

Mallorcatik, berriz, Solerrek «aitzinera» egitea opa dio Kataluniako prozesuari, baina Infantek bezala, nahi du «kontuan hartzea nazioaren batasuna». «Hizkuntza, identitatea... Kontzeptu horiek denak erabakigarriak dira guretzat. Historikoki bakoitzak gure erakundeak genituen, baina nazio konfederatu handi baten kontzeptua zegoen. Badirudi aurkeztu berri den konstituzioaren proiektuak hori biltzen duela». ASMko presidenteak azaldu du Balearretan sustatu dela izaera katalanaren aurkako identitate bat, Valentzian bezalatsu. «Estatuak 1715etik bultzatu du hori, borboitarrak ailegatu zirenetik. Nobleziari agindu zioten bandoak utzi eta elkartzeko, eta batasun hori katalanismoaren aurkakotasunean oinarritu zuten». Hala ere, Valentziarekiko alde handi bat dagoela aitortu du Solerrek. «Autonomia estatutuak esplizituki zehazten du katalana dela Balearretako berezko hizkuntza. Ez dute mallorkera edo halakorik asmatu, Valentzian valentziera deituta egin zuten bezala». Dena den, hizkuntzak gobernu autonomikotik erasoak jasan ditu, eta Solerrek ez du zalantzarik errateko Jose Ramon Bauza aitzineko presidentearen hizkuntza politika «etnozida» izan zela.

PP boteretik kanpo

Hain zuzen, Valentzian eta Balearretan azken urtebetean izan den gertakari inportante bat da PPren botere galera. Infantek eta Solerrek ongi hartu dute aldaketa, eta Kataluniatik, Cucurullen ustez ere «hagitz positiboa» izan da, «bide demokratikoa» ireki delako. Solerrek dio Balearretako Gobernua «pixkanaka» ari dela «PPren politika desegiten», baina argi du «marko autonomikoa agortuta» dagoela. Iritzi berekoa da Infante, Valentziari dagokionez. «Herritarren gehiengoaren arazoetan esku hartzeko gaitasuna hagitz mugatua dago. Orain ikusten da aldaketa neurri baterainoko poza dela, mugak dituelako, eta eztabaidarako eremu bat ari da irekitzen. Kontraerran horiek azaleratzeko dinamika batean sartuta gaude gu».

BERRIAn argitaratua (2016/05/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA