astekaria 2016/05/13
arrowItzuli

gizartea

Hiru hamarkada, eta dena berdin

Maialen Belarra

Hiru hamarkada, eta dena berdin

Hegalak moztu dizkiote berriz. Euskal Telebistako txoriak beste kolpe bat hartu du Nafarroan, Espainiako Gobernuaren aginduz ETB digitalean ikusteko seinalea eten ondoren. Herritarren ekimenari esker iritsi ziren euskarazko telebista publikoaren lehen irudiak Iruñerrira, orain 30 urte. Zenbaki biribila. Historiak, berriz, erpin ugari izan ditu. Nafarroako lehen hedagailuak jarri zituztenek «gurpil batean bueltaka» dabiltzala ohartarazi dute: «30 urte pasatu arren, guztiak berdin jarraitzen du», azaldu du Rafa Zazpe iruindarrak. Halere, bi gobernuek atzo sinatutako hitzarmenarekin itxaropentsu agertu dira.

Ongi gogoratzen du Zazpek guztiaren hasiera. 1986ko urtarrilaren 24a zen. Aralarko santutegia. Eguraldi txarra zegoen: elur bisutsa, «eta ezin laino itsuagoa». Nahi eta ezina izan zen lehen ahalegina: «Ezin genuen ikusi antenak nola jartzen ari ginen, eta, antza denez, ez genituen Iruñera begira jarri, askoz ekialderago baizik. Etxera iristean sekulako atsekabea genuen». Eguraldia hobetu zenean itzuli ziren berriro Aralarrera, handik hilabetera: otsailaren 28an. Orduan bai. Euskal Telebistako lehen uhinak iritsi ziren Iruñerrira. Lortu zuten.

Paz de Ziganda ikastolako guraso talde baten ekimena izan zen, haien seme-alabek euskarazko telebista ikusteko aukera izan zezaten. ETBren seinalea jasotzeko hedagailua jartzeko teknikari talde bat behar zuten, ordea. «Oso sekretupean» martxan jarri, eta azkenean ezagun talde bat batu zen. Horietako bat zen Zazpe. «Gobernuak ez zuen pausorik ematen Euskal Telebistaren alde, eta gure kabuz jokatzea erabaki genuen. Guztira 2,6 milioi pezeta (15.000 euro inguru) behar izan genituen».

Dirua 500 pezetako (hiru euro) txartelak salduta lortu zuten. «Jendea eskuzabala izan zen; nabari zen euskarazko kate baten beharra zegoela», gaineratu du Zazpek. Herritarrei esker heldu zen, beraz, ETBko txoria Nafarroara. Baina lehen irudiak ez zituzten Iruñean jaso. Izan ere, 1983an, ETB sortu eta berehala, altsasuarrek Arabatik jaso zuten euskarazko telebista ikusteko seinalea. Udalak ez zien laguntzarik eman, baina ezta ezezkorik ere. Hori ikusita, altsasuarrek hedagailua erosi, eta seinalea hobeto hartzea ahalbidetu zuten. Gauza bera egin zuten Aurizberrin, Lizarra inguruan eta Tuteran. Beterri kultur elkartea arduratu zen Tuterara irudiak ongi iristeaz. Iñaki Bergara elkarteko kideak lan zaila izan zela aitortu du: «Poza sentitu genuen antena ongi jartzea lortu genuenean, baina baldintza prekarioak genituen; gogorra izan zen».

Urtezaharrean, mendira

Cabanillasen etxola bat egin, eta han jarri zuten antena, argindarra sortzeko haize errota batekin batera. «Arazoak izan genituen energiarekin, haize errotak ez zuelako behar adinako indarrik. Abenduaren 31 batean ere bateriak moldatzera joan behar izan genuen», ohartarazi du. Denborarekin, eguzki plakak erosi zituzten.

Pixkanaka geroz eta hedagailu gehiago jarri zituzten Nafarroan. Gobernuak ez zuen hori galarazi; ezta ahalbidetu ere. Horrenbestez, era alegalean ia Nafarroa osoak ikus zezakeen ETB. «Aralarko santutegiko apaizari gutun bat bidali zion Nafarroako gobernadore zibilak azalpenak eskatuz, baina hor gelditu zen guztia», baieztatu du Zazpek.

Halere, herritarren ahalegina ez zen nahikoa izan. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko akordioa behar zen ETB legezkoa izan zedin. Hamarkada bat geroago heldu zen hitzarmen hori, 1996an. Nafarroako Foru Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoaz «bereizita» azaldu behar zela sinatu zuten orduan. Halere, garapenik gabe gelditu zen akordioa, hurrengo hamarkadara arte.

Denbora aurrera zihoan, eta ETB alegala zen oraindik ere. Beste arazo bat heldu zen 2009an, gainera. Telebista analogikoa alde batera utzi, eta LTD lurreko telebista digitalak hartu zuen agintea. Ekainean iritsi zen analogikoaren itzalaldia Nafarroako Erriberara eta Lizarra aldera. Gainerako eremuetara, berriz, urte amaieran. Hala, inoiz baino presa handiagoa zuen bi gobernuen arteko hitzarmen berriak.

Multiplexaren gorabeherak

Akordioa 2009ko uztailean lortu zuten: Patxi Lopez eta Miguel Sanz, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Gobernuko lehendakariek sinatu zuten, 1996ko oinarriak berretsiz. Hitzarmena, baina, ez zen sinbolikotik harago joan. Multiplex teknologia berria izan zen horren arrazoi nagusia.

Izan ere, ETBren kateak ikusi ahal izateko, Nafarroak bi multiplex beharko lituzke, baina milioi bat euroko gastua zela argudiatuta, ika-mikak izan zituzten. PSE-EEk erdi bana ordaintzea nahi zuen; UPNk, berriz, ez zuen gastu horren kargu egin nahi. Azkenean, desadostasun horren ondorioz, ETB ezin izan zen digitalean ikusi Nafarroan. EITBko zuzendaritzak analogikoan mantentzea erabaki zuen orduan, bi gobernuek adostasun bat lortu arte.

Baina ez zen halakorik gertatu. Testuinguru horretan, Eusko Alkartasuna alderdiak egin zuen hurrengo urratsa, 2012an. Alderdiko afiliatuen artean ia 12.000 euro bildu, eta Erreniegan hedagailu bat jarri zuten, Iruñerrian ETB1 eta ETB2 digitalean ikusi ahal izateko. «Enpresak esan zigun Nafarroa osora hedatzeko 40.000 euro behar zirela soilik. Agerian gelditu ziren gobernuaren gezurrak eta manipulazioa. Ez zen dirurik falta, borondate politikoa baizik». Hala salatu du Miren Aranoa orduko EAko Lurralde Batzordeko eledunak.

Gutxi iraun zuen pozak. Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak esku hartu zuten, eta Guardia Zibila joan zen hedagailua zigilatzera. «Baziren telebista alegal gehiago, baina arazoa euskara zen. Guk ETB jartzeak asko amorrarazi zituen, eta ezin izan zuten gorrotoa disimulatu», azaldu du Aranoak.

Hori gutxi balitz bezala, 2013an Espainiako Gobernuak 54.000 euroko isuna jarri zion EAri. Haserre oroitzen du gertakari hura Aranoak: «Isuna ez zen justua izan, baina ez gara egindakoaz batere damutzen; berriro egingo genuke». Garai bertsuan, Nafarroak ETB ikusteko negoziazioak hautsi zituen, eguraldi mapek foru erkidegoa Euskal Herriko maparen barruan kokatzen zutela eta. Ordutik hainbat ahalegin egin zituzten, baina UPNk behin eta berriz «legez kanpokotzat» jo zuen ETB, «Nafarroako LTDko seinaleak hartuko lituzkeelako».

Oztopoak oztopo, azkenean heldu zen 2015a. «Aldaketaren urtea». Hala iragarri zuen Nafarroako gobernu berriak, eta ETBri dagokionez, behintzat, aldaketa iritsi zen. ETB LTD bidez emititzen hasi ziren Iruñerrian, Erreniegako eta Ezkabako hedagailuak digitalizatuta. ETBren lau kanalak ikusteko aukera izan zen lehen aldiz Iruñerrian.

Azken erpina, baina, joan den astean iritsi zen. Espainiako Gobernuko Industria Ministerioak ETBren emisioak eteteko agindu zion EITBri. Oraindik toki batzuetan analogikoan ikus daitekeen arren, berriz moztu dizkiote hegoak txoriari. EAko eleduna, halere, itxaropentsu dago: «Barkosek eta Urkulluk sinatutako hitzarmenari esker, ziur nago ETB berreskuratuko dugula. Hiru hamarkadaren ostean, gauzak aldatzeko garaia da».

BERRIAn argitaratua (2016/05/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA