astekaria 2016/05/13
arrowItzuli

ekonomia

NAUFRAGOAK LEHORREAN

Jon Fernandez

NAUFRAGOAK LEHORREAN

Munduko ia ozeano eta itsasbazter gehienak ezagutzen dituzte. Dozenaka urte egin zituzten nabigatzen, Norvegiako banderadun itsasontzietan, 1945etik 1994ra bitartean. Orain hilda daude asko, eta 80 urteren bueltan dabiltza bizirik direnak. Urteak dira, hamarkadak, itsasora atera ez direla, baina nahiko zaie antzinako urteez galdetzea beren gogoan berriz ere nabigatzen hasteko. «Mendien tamainako olatuak», urakanak, denboraleak, istripuak... itsasoaren atzaparkada guztiei izkin egin zietela dakarte gogora, urte gogorrak bezain onak izan zirela. Aspaldi hartu zuten erretiroa, baina nabigazio urteetan errenta zergak atxiki zizkien Norvegiak ez die dagokion erretirotik zentimo bakar bat ere pagatzen. Lehorrean baina naufrago laga ditu Oslok bertan lan egin zuten 1.000 inguru euskal marinel ohi.

1994an Norvegia EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkartean sartutakoan egoera erregularizatu zen arte, herrialde nordikoak bertan kotizatutako atzerritarrei pentsioa pagatzeko baldintza bat jartzen zien: egoitza Norvegian izatea gutxienez urtebetez. Herrialde baten banderadun itsasontzia haren lurtzat hartu ohi da, baina kaltetuei horrek ere ez die balio izan pentsioa jasotzeko. Auziak ez du oihartzunik izan Euskal Herrian; bai, ordea, Galizian, eta eskubideak aldarrikatzeko Long Hope elkartea sortu zuten 2008an, Esperantza Luzea.

Elkarteak 600 bazkide ditu, eta horietako 226 bazkidek eta jada hildako marinelen 43 familiak Norvegiako Gobernuaren kontrako auzibidea hasi dute Oslon. Epaileak eguenean erabaki behar zuen salaketa tramiterako onartu ala ez, baina datorren astera atzeratu du erabakia. Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegira iristeko lehen pausoa da auzibide hori. «12.000 marinel ohi inguru daude pentsioa ezin kobratuta Espainian, horietatik 8.000 Galizian. Euskal Herrian 1.000 inguru egon daitezke, baina elkartean soilik lau euskal herritar ditugu izena emanda», azaldu du Alberto Paz Long Hopeko bozeramaileak. Asko hilda daude, eta beste askok ez dakite elkartea existitzen denik ere.

Isidro Astorkiza gernikarrak, esaterako, kasualitatez egin zuen topo elkartearekin, haren errainak Internetez topatu zuelako. «Deitu eta izena eman nuen». Eskuan Gausdal merkantzia ontzi norvegiarraren argazki zahar bat daukala ari da berbetan Astorkiza. 76 urteko gernikarrak ontzi horretan egin zituen itsasoko azken hiru urteak. Amorratuta dago Oslorekin. «Salduta sentitzen naiz, baina esperantza apur bat badaukat galiziarrekin. Fin dabiltza. Baina zenbatean eutsiko diote manifestazioei? Nekatu egingo dira. Euskal Herrian ere egin behar genuke zer edo zer, baina zer egingo dut? Manifestazio bat neuk bakarrik? Laguntza behar genuke hemen ere, baina non dago laguntza hori?».

Borroka indibidualak

17 urterekin itsasoratu zen lehen aldiz Astorkiza; gero, bi urteko soldaduska egin, eta Alemaniako itsasontzietan aritu zen sukaldari bi urtez. 1965ean itsasoratu zen Norvegiako ontzi batean lehenengoz, eta hamabi urte egin zituen sukaldari bandera horretako ontzietan. «Bi urteko itsasaldiak egiten nituen etxera etorri barik. Ez nuen inoiz inorekin problemarik eduki. Ez zen lan gogorra, baina han egon behar zen». Soldata ona zen ordurako. «Itsasoan, esklaboa zinen, baina etxebizitza erosten zenuen urtebetean».

Orduan gaztea zen, eta ez zuen pentsioaren gaineko buruko minik Astorkizak. Pentsatu ere ez horretaz. Hilero soldataren zati bat atxikitzen zion Norvegiak —%10 eta %30 arteko atxikipenak ziren—, eta kito. 1977an lehorreratu, ezkondu eta familia osatu zuen. Negozio bat ere muntatu zuen, eta autonomo gisa kotizatutakoarekin hartu zuen erretiroa, 67 urterekin. Orduan hasi ziren arazoak. «Paperak egiten hasi nintzen. Alemaniarrek dagokidana pagatzen didate. Norvegiarrek, aldiz, ezetz beti. Makina bat buelta egin nuen bakarrik Long Hope ezagutu baino lehen».

Borroka indibidual horretan ibili zen Andoni Madariaga bermeotarra ere. Hark ere ezezkoak baino ez zituen jaso Oslotik, eta zegokion pentsiorik kobratu barik hil zen 2001ean, 82 urterekin. Madariagak hamazortzi urte egin zituen Norvegiako ontzietan nabigatzen, 1956tik 1974ra, makinista lanetan. 1978an egin zizkion pentsioa kobratzeko lehen eskariak Osloko gobernuari. Alferrik.

Juan Madariaga semeak (Gernika, Bizkaia, 1952) ondo gordeta dauzka gutun haiek eta aitaren marinel garaiko beste hainbat agiri eta argazki. «Erretiroa hartuta egon zen urteetan gai honek amorrarazi egiten zuen aita. Zer egin ezak amorrarazten zuen. Berak emandako pausoek ez zuten ezertarako balio izan». 1974an lehorreratu ostean, eraikuntzan eta erraustegi batean egindako lanari esker jaso zuen pentsioa, baina ez Norvegiatik zegokiona. Semeak bere egin du aitaren eskubideen aldarrikapena duela lau urte kazeta digital baten bidez Long Hope elkartea ezagutu eta bazkide egin zenetik.

Babes falta etxean

«Ez dakit epaitegien bidetik ezer lortuko dugun, baina besterik ez bada ere nahi dugu gaia mahai gainean jarri, ikusarazi zelan egon diren eta dauden milaka pertsona baztertuta eta euren eskubideak ukatuta», azpimarratu du Madariagak. Mahaian jarri ditu aitaren itsasaldietako argazkiak, 1956an sinatutako lehen kontratua edo itsasontzirako ingeles-espainiera hiztegia, besteak beste. Aita eta amaren argazkiak ere badaude; izan ere, gizonek ez ezik, emakume batzuek ere lan egin zuten Norvegiako ontzidian; esaterako Mari Erezumak, Juanen amak.

«Hemeretzi hilabete egin zituen aitarekin nabigatzen, arropa garbitzaile moduan beharrean. Beti esaten zuen bere bizitzako hilik onenak izan zirela», gogora ekarri du Madariagak. Hain zuzen haurdun geratu zen itsasoan, eta etxera etorri zen Itsaso izeneko alabaz erditzera. 2012an hil zen Erezuma, 91 urterekin, baina Norvegiako itsasontzietan izandako bizipenen gaineko bere kontakizuna ikusgai dago Ahotsak.eus atarian. Senarrak bezala, Erezumak ere ez zuen zegokion pentsiorik jaso Norvegiatik.

Ez dira bakarrak. «Estatu baten kontra borroka egitea gogorra da; esperantza handirik ez daukat», aitortu du Victor Lemos bilbotarrak. Jaiotzez galiziarra izanagatik, euskal herritarragotzat du bere burua galiziartzat baino. «Gaur egun, krisiarekin, gazteak kanpora doazen moduan, ni Galiziatik Bilbora etorri nintzen, eta itsasontzi norvegiarretan hasi nintzen lanean».

Garai hartan Norvegiak munduko ontzidi handienen artean bigarren edo hirugarrena zuela azaldu du Astorkizak, ontzi onak zituztela, eta eskulana behar zutela. «Marinelak baino itsasontzi gehiago zituen Norvegiak; derrigor hartu behar atzerritarrak. Bilbon, Norvegiako kontsuletxera joan, eta berehala hartzen zintuzten, jendea asko behar zuten ontzietan». Lotura horren lekuko da Noruega deitzea gaur egun oraindik ere Bilboko Olabeaga auzoari, herrialde hartako ontzi asko moilaratzen zirelako bertan.

Bilboko itsasadarreko ontzien joan-etorri etengabea ondo ezagutu zuen Lemosek. 78 urte ditu orain, eta, hamabi urtez Norvegiako ontzietan makinista ibili bazen ere, azken 30 urteetan taxilari lanean kotizatu zuenetik jasotzen du pentsioa. «Euren esanetan, ez genuen Norvegian lan egiten, itsasoan geundelako; orduan, zergatik kobratzen zizkiguten zergak?», dio haserre.

Euskal Herrian bakarrik eta babes sindikal eta instituzionalik barik sentitzen dira marinel ohiak. «Asko eskertuko genuke Jaurlaritzak, alderdi politikoek eta sindikatuek gure auziarekiko interes apur bat agertuko balute», dio Lemosek. Astorkizak Estrasburgoko Auzitegian ikusten du irabazteko aukera bakarra, «baina zenbat diru behar da haraino iristeko?». Hori da arazoa. Norvegian batez besteko pentsioa 2.700 eurokoa dela dio, «eta ni mila eurora ezin iritsita». Long Hopeko bazkide bakoitzak 500 euro jarri ditu Norvegiako auzibideko kostuetarako, eta horrek atzera bota ditu erretiratu asko. Norvegiako FFFS sindikatuak babestu egin du Long Hope, eta diru funts bat sortu du marinel ohien kostu judizialak arintzeko.

FFFSk Europako Kontseiluan ere aurkeztu du auzi honi buruzko kexua, eta baita PSOEk ere, baina oraingoz ez dute erantzunik jaso. Galiziako Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan behin baino gehiagotan bozkatu dute, aho batez, Madrilgo gobernuari eskatuz Osloren kontrako salaketa egiteko. Estatuen arteko salaketak zuzenean eramango luke Norvegia giza eskubideen auzitegira, baina oraindik Madril ez da hitzetatik ekintzetara pasatu.

«Gerra» luzea

«Gerrak oso luzeak izaten dira. Azken batailan irabazten dira, eta bataila galtzen du amore ematen duenak», dio Pazek, Long Hopeko eledunak. «Armategia beteta daukagu, edozein estutasunean jartzeko moduko 4.000 dokumentu ditugu». Pazek 3.500 agiri atera zituen Norvegiako Artxibo Nazionaletik, eta beste 730 Espainiako Administrazioko Artxibo Nazionaletik.

Nazioarteko 37.000-40.000 marinel ibili ziren Norvegiako ontzidian garai hartan, baina langile askok jatorrizko estatuan pagatzen zituzten zergak. «Orduko 3.500 milioi koroa norvegiar ditu Oslok Espainiako marinelei atxikiak, 540 milioi euro inguru», kalkulatu du Pazek. Huskeria Norvegiarentzat, bere BPGaren %0,1.

Francok eta Oslok zerga bikoizketa saihesteko ituna egin zuten, errenta zerga han atxikitzeko; Madrilek gizarte segurantzarako ituna ere proposatu zion, baina Oslok ez zuen sinatu Espainiakoa diktadura bat zelako. Harrapatuta geratu ziren marinelak, zergak Norvegian pagatu baina hango gizarte segurantzaren parte izan barik, 1994ra arte.

Long Hopen ez daude isiltzeko eta besoak gurutzatuta geratzeko, ia 60 manifestazio egin dituzte sortu zirenetik. Pazek berak hamasei urte egin zituen Norvegiako ontzietan, eta beste hamabost Danimarkakoetan. Soilik Danimarkatik jasotzen du pentsioa. «Ez diegu barre egiten lagako ez Norvegiari ez Espainiari. Galiziarrok isil xamarrak gara, baina izorratzen gaituztenean, kontuz. Ez gara kaletik aterako ez isilduko dagokiguna lortu arte».

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.longhope.es

BERRIAn argitaratua (2016/05/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA